GARA > Idatzia > Kultura

Ruperren «Azukre koxkorrak», oroimenean barneko ibilaldia

Kalean dago jada Ruper Ordorikaren azken diskoa, «Azukre koxkorrak» (Elkar). Gogoa aurrera begira, Ruperrek gustuko dituen hainbat abeslari, talde zein diskoetxe omendu nahi izan ditu azken 50 urteotako kantagintza labur lezaketen hamabi kanta joz. Ruperrek ez du ez bilduma antologikorik ez berrikuste kritikorik egin nahi izan: gogoko jolas batekin datorkigu.

p052_f01_251x165.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Kalean dago jada Ruper Ordorikaren disko berria, «Azukre koxkorrak» (Elkar), non Oñatiko musikariak gogoko dituen hainbat kantari, talde zein diskoetxe omendu nahi izan dituen azken 50 urteotako euskal kantagintza labur lezaketen hamabi kanta interpretatuz.

Iraganean sustraituriko lana izan arren, etorkizunera begira egina dago, Ruperrek gogoan dituen kanta horiek «gure herriari zein gure historia garaikideari» buruz berba egiten dutelako, Anjel Valdesek, Elkar diskoetxeko arduradun eta disko honen ekoizleak, esan zuen moduan, Bilbon eginiko aurkezpenean.

Bere burua interpretetzat jotzen ez duen oñatiar hau ondo baino hobeto ezagutzen dituen musikarien lanera gerturatu da, izan ere, diskoan dauden gehienen teloneroa izan baita, besteak beste: «Uste dut Guinnes errekorren bat izango dudala horregatik. Hertzainak, Kortatu, Itoiz, Txomin Artola... eta beste batzuen aurretik jo izan baitut», adierazi zuen.

Koxkorrak

Emanaldietan aurretik jotzeaz gain, bestelako harremanik ere izan du Ordorikak disko honetara ekarritako musikariekin. Horrela, diskoari hasiera ematen dion Hertzainaken «Sigarrillos amariyos»-en koroak egin zituen bere garaian, eta taldearen hirugarren lanaren ekoizlea da. Nolanahi ere, disko berrian honako abestiak bildu ditu: Itoizen «Ezekielen prophezia»; Kortatuk bertsionatu zuen Toots and the Maytals taldearen «Chatty Chatty», hau da «Sarri, Sarri» ospetsua; Koskaren «Garraztasuna»; «Txakurren partia», Txomin Artolarena; Errobiren «Kanpo»; Oskorriren «Emazurtz»; «Izarren hautsa», Xabier Leterena; Delirium Tremensen «Nahia»; Etxahun Iruriren «Ama Euskadi»; Iruñeko Balerdi Balerdiren «Non duzu zauria?»; eta Mikel Laboaren «Gure bazterrak». Ruper Ordorikaren esanetan, «ibilera luzea» duten kantak dira hauek.

Idazleak ere gogoan

Kontzertuetan anglosaxoi musikaren bertsioak egin ohi dituen arren, batez ere Hiru Truku dauka Ruperrek erreferentetzat besteek egindako musika interpretatzerakoan. Horrela, oraingo honetan, aipatutakoen barruan sartu, euren ondoan kokatu eta bere «esparrura» eramaten saiatu da Ordorika.

Musikarekin ez ezik, hainbat urtez txokoratuta edota ez ikusita izan dituen idazleekin ere topo egiteko aukera izan du Ruperrek «Azukre koxkorrak» diskoari esker, hala nola Joseba Alkalde, Daniel Landart, Gabriel Aresti, Xabier Lete, Josu Landa, Bordari (Txomin Artolaren aita) edota Etxahun.

Urte eta erdi eman dute diskoa grabatzeko -«lan polita eta dibertigarria» izan delarik- eta hura gauzatzeko manera diskoa bezain bitxia izan da: analogikoan eta musikari guztiek elkarrekin joz eginiko lana da.

«Soinuaren aldetik, karakter handikoa» dela nabarmendu zuen Ordorikak, eta lan berriek duten freskotasuna lortu dutelakoan daude bai bera, bai bandako musikariak eta bai Elkar diskoetxe bera. Grabaketan parte hartu du azken sei edo zazpi urteotan Ruperrek ondoan izan duen taldeak: Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, biolina), Lutxo Neira (baxua) eta Hasier Oleaga; ezin ahaztu ere Ben Monder gitarrista estatubatuarrak -uda honetan Gasteizen egin duen egonaldia aprobetxatuz- hiru abestitan («Ezekielen prophezia», «Ama Euskadi» eta «Txakurren partia») eginiko ekarpena.

Zuzeneko emanaldiak zelakoak izango diren ez badaki ere, bertsio hutsez osatutakoak ez direla izango ziurtatu du Ruperrek.

EMANALDIAK

Baionako liburutegian, urriaren 25ean; Iturenen, urriaren 31n; Donostiako Victoria Eugenian, azaroaren 24an; Durangoko Plateruenan, azaroaren 29an; abenduaren 14an, Bilboko Kafe Antzokian; eta abenduaren 27an, Gasteizko Jimmy Jazzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo