GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Informatika injeniaria

Euskara eta «e-learning»-a

«Gora eta gora doan aukera da», dio Iratxe Esnaolak «e-learning»-az, eskaintza gero eta oparoagoa eta etengabeko prestakuntzarako beharrezkoa den malgutasuna duelako ezaugarri. «Espazio eta denbora mailako malgutasuna». Eta antolaketari dagokiona. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren lau elementu nagusietan -ikaslea, irakaslea, edukia eta teknologia- nola eragiten duen aztertzen du eta, bereziki, Ikasteko Ingurune Birtual batek eskaintzen dituen aukerak eta abantailak nabarmentzen ditu. Azkenik, «e-learning»-ak euskarazko eskaintza unibertsitarioari eta Euskal Herriaren nazio ikuspegiari egin diezazkiekeen ekarpen positiboei erreparatzen die.

E-learning kontzeptua berria izan daiteke batzuentzat. Beste batzuek entzuna izango dute, baina gutxik pentsatuko dute 80ko hamarkadako kontua denik. E-learninga edo urrutiko hezkuntza gure etxeetara ordenagailu pertsonala iristearekin batera hasi zen zabaltzen. Eta hori, gure ingurune geografikoan ere, gutxi gorabehera, 80ko hamarkadaren bukaeran gertatu zen. Orduz geroztik, milaka pertsonak urrutiko hezkuntza aukeratu dute prestakuntzarako modalitate gisa. Gaur-gaurkoz, hezkuntza unibertsitarioa da e-learning modalitatea gehien hautatzen duen maila. Eta gora eta gora doan aukera da: eskaintza gero eta oparoagoa delako eta etengabeko prestakuntzarako beharrezkoa den malgutasuna duelako ezaugarri nagusi. Espazio eta denbora mailako malgutasuna. Eta antolaketakoa. Eta malgutasun horren baitan, nire ustez, e-learningak ekarpen handia egin diezaioke euskarazko eskaintza unibertsitarioari. Baita, bide batez, Euskal Herriaren nazio ikuspegiari ere.

Lehenik eta behin, e-learning kontzeptua termino akademiko-pedagogikoetan definitu nahi nuke. Garrantzitsua deritzot, batez ere, e-learningak behar dituen ikasle eta irakasle motak ezaugarritzera eramango nauelako. E-learningak ez baitu edonola funtzionatzen. Are, e-learning-ak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan parte hartzen duten lau elementu nagusiak bere ezaugarrietara egokitzen ditu: ikaslea, irakaslea, edukia eta teknologia.

E-learningak ikasle aktiboa eskatzen du. Ikasle motibatua, bere ikaskuntzaren ardura hartzen duena. Bere jakintza propioa sortuko duena. Gauzak memorizatzen baino, ulertzen saiatuko dena. Bere burua antolatu eta denbora kudeatzeko gaitasuna duena. Pertsona autonomoa, baina taldean eta distantzian lan egiteko ahalmena duena. Funtsean, ikasi nahi duen ikaslea behar du, jakin-mina duena, edota ekinez horrelako ikasle bilakatu nahi duena. Zergatik ezkutatu: horrelako ikasleak nahi ditugu modalitate presentzialean irakasle garenok ere, baina orain arte, gugana iristen diren ikasleak ez dira modu horretan funtzionatzeko hezi eta gutxi dira gaitasun horiek garatuta etortzen zaizkigunak. Eta zergatik ez, irakasleok ere ez gara ikasle autonomoekin tratatzeko formatuak izan. Hori guztia, baina, Boloniaren eskutik ere, aldatzen ari da eta denbora kontua ere bada, hein handi batean (hiru urteko haurrak tablet batekin jolasean ikusten baditugu, unibertsitatera joatea dagokienean gauzak ezberdinak izango dira, ala? Baita lehenago ere, egon ziur).

E-learningak irakasleriaren funtzioak oso argi definitzen ditu. Batetik irakasleak daude, bestetik tutoreak. Unibertsitate batzuetan pertsona berberek betetzen dituzte bi funtzioak, beste batzuetan ez. Irakaslea irakasgaiaren edukiari lotuta dagoen figura da. Berak erantzungo ditu edukien gaineko zalantza guztiak. Tutoreak, berriz, gidariak dira, ikaslearen ikaskuntza prozesua gidatzen dutenak. Tutorearen figura ezinbestekoa da ikasleak modu autonomoan lan egitea nahi bada. Hau da, irakasleak edota tutoreak ikasle autonomoekin lan egin behar du, bere ikaskuntza prozesua gidatu behar du, bide batez, autonomia hori etengabe sustatuz. Autonomia ardura gisa ulertzen da, baina irakaslea da, eta dagokion kasuetan tutorea, ikaskuntza prozesuan aurrera zein neurritan egiten ari den neurtu behar duena, dagokionean gomendioak emanez. Irakasle eta ikaslearen arteko elkarlan bat dago, non ikaslea eta bere ikaskuntza diren protagonista nagusiak.

Baina guztiaren gainetik e-learninga ezaugarritzen duen elementu nagusia teknologia da. Internet bidezko plataforma batean oinarritutako ikasketak dira, Ikasteko Ingurune Birtual bat oinarri dutenak, alegia. Hortaz, irakasle eta tutoreen laguntzaz gain, ikasleak mota eta formatu ezberdinetako edukiak ditu eskura: apunteak, jarduerak, kasuen azterketak, autoebaluaziorako galdetegi edo ariketak, eta abar luze bat. Baina Ikasteko Ingurune Birtual bat hori baino gehiago ere bada. Ikasleek irakaslearekin komunikatzeko mezuak bidal ditzakete, edo irakasleak ikasleei, zerbaiten berri eman nahi badie. Txat-ak eta bideokonferentzia-sistemak ere integratzen dituzte, tutoretzarako. Eta foroak eta eztabaidarako guneak ere bai, ikasleen arteko lankidetza eta komunikazioa errazten dutenak. Gune horiek dira, hain zuzen, urrutiko hezkuntzak suposa dezakeen balizko isolamendua komunitate bateko kide izatearen sentimenduarekin gainditzeko bideak. Ikasteko Ingurune Birtualak, hortaz, kontzeptuak berak dioen bezala, ikasteko inguruneak dira, modu autonomo baina kolaboratiboan ikasteko inguruneak. Eta birtualak dira, Interneten bitartez atzitzen ditugulako (horrekin errealismorik galdu gabe).

Laburbilduz, Ikasteko Ingurune Birtualak ikasteko plataformak dira, irakasgaietako eduki, jarduera, ebaluazio eta gainerako baliabideetara Internet bidezko sarrera dutenak, eta parte-hartzaile guztien arteko komunikazioa, elkarrekintza eta elkarlana ahalbidetzen dituzte. Hau da, ikasteko ingurune birtualek ikaslea-edukia, ikaslea-irakaslea eta ikaslea-ikaslea interakzioak aldatzen dituzte. Beraz, irakaskuntza-ikaskuntza prozesu osoa eraldatzen dute, ikasteko modu aktiboan oinarrituz.

Zentzu horretan, plantea daiteke ea zein ekarpen egin dezakeen e-learning modalitateak euskararen normalizaziorako bidean. Lan horretan, euskaldunen «guneen» beharra azpimarratu izan da beti. Gune horiek beharrezkotzat jo izan direlako hizkuntzaren komunitatea garatu dadin, esparrua edozein delarik ere. Eta zer gertatzen da euskarazko eskaintza unibertsitarioarekin? Eskaintza zabala al da? Prestakuntza unibertsitario osoa euskaraz garatzeko aukerarik ba al dugu? Zenbat gradu edo graduondokotan? Zenbat urte daramatzagu prestakuntza unibertsitario osoa euskaraz izateko dugun eskubidea errespeta dadila eskatzen? Zenbat urte euskarazko eskaintza oparoa sortzeko ahaleginetan? Eta nola aldatu dira gauzak azken urteotan? Bilakaerarik egon da? Gero eta kreditu gehiago eskaintzen dira euskaraz Euskal Herriko unibertsitate ezberdinetan? E-learning modalitatean edo presentzialean? Eta Euskal Herriaren nazio ikuspegitik, e-learningak ez al ditu gure muga eta zatiketa administratibo guztiak gainditzen? Ez al da bide bat Tuterako euskaldun batek prestakuntza unibertsitario osoa euskaraz izateko?

E-learningarekin distantzia berbera dago Lesakatik Debara eta Tuteratik Baionara. Ikasteko komunitate bat litzateke, euskarazko gune bat, komunitate txikiz osatutako komunitate handiago bat. Komunitate birtuala, baina kohesionatua.

Ikerketek diotenez, unibertsitateen etorkizuna e-learning eredutik urrundu baino, gerturatu egingo da. Zalantzarik ez dago: e-learning modalitatea unibertsitateen egungo eta etorkizuneko egoerara eta etengabeko prestakuntzaren beharretara egokitzen da.

Are gehiago: nire ustez, e-learning modalitatea Euskal Herriaren beharrak eta euskaldunon unibertsitate mailako euskarazko prestakuntza beharrak asetzeko aukera ahalbidetzen duen eredua izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo