GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

30 urte

Kareak erre ez duen memoria hori ezinbestekoa du herri honek bere etorkizuna semantika berri batekin idatz dezan

Historia memoriaz osatzen da, baina, bestalde, memoriarik gabeko historia historia hutsala litzateke herri baten biziraupenerako; garai bateko data, leku zein gertaera historikoek osatzen baitute gure memoria; egitate historikoen aterpe bilakatzen da. Memoria izeneko ariketa intelektual horrek ekartzen dizkigu gogora bizitako esperientzia, irudi zein sentipenak. Horrela dago osatua, beraz, gure memoria kolektiboa; baina baita gure memoria pertsonala, intimoa edota emozionala ere. Txatalez josia dago, anekdotaz beteta eta ispilu hautsi baten antzera osatzen joaten gara delako ariketa mental hori.

Horrela, memoria emozionalak emozioak jasoko lituzke; episodikoak, berriz, gertaerak, guneak edo momentuak; eta semantikoak, leku-izenak, pertsonenak, eta abar. Laburbilduz, sentipenak akordura ekartzeko buru gaitasuna baino ez litzateke memoriaren ariketa. Iragandakoa kodifikatu, almazenatu edo gogorarazi egiten digu. Oroitzapenak, ostera, memorian artxibatzen diren irudi eta sentsazioak lirateke.

Hortaz, memoria historikoaz hitz egiten dugularik, guk geuk egun eta orain dugun memoriari buruz hitz egitea da, Faulknerrek esan bezala iragana ez baitago inoiz hilda, ez eta iraganda ere. Memoriak ez digu bakarrik atzera begiratzen lagundu behar, aurrera begiratzen ere lagundu behar digu. Memoria kolektiboak historiaren gurpilari eragin behar baitio, herri batek ezin duelako atzera begira soilik bizi, azken buruan memoria herri baten pentsatzeko, izateko edota bizitzeko modua ere badelako. Memoria horrekin bizi beharko du, baina harlauza astun bat izatera iritsi gabe.

30 urte bete dira Lasa eta Zabala Baionan bahitu, La Cumbren torturatu eta Busoten lurperatu zituztela. Gure memo- rian beste ilun ikara lazgarri bat txertatu zela. Ondotik etorriko zenaren hasiera baino izango ez zena. GALen siglak odolez eta zauriz grabatu zituzten herri honen memoria kolektiboan. Zerrenda nahi baino luzeagoa da.

Haatik, Lasa eta Zabalaren gorpuok lurpean ezkutatuz eta kare bizitan erre nahirik memoria bera lurperatu eta desegin nahi izan zuten, baina ahanzturari aurre eginez lortu da memoria hori berreskuratu eta bizirik mantentzea.

Ez baita iraganeko kontua, gure memoria gaurkoa da, Feli Artano Joxi Zabalaren amaren amets hori bezala, non semea ikusten duen oraindik ere.

Memoriak bere historia du eta historiak bere memoria. Txanponaren bi aldeak dira. Baina memoriak ezin du ahanzturaren hobi komun bihurtu, ezin du atzoko eta gaurko milaka biktimen hilerri isil bihurtu.

Paco Etxeberria auzi medikuak iragarri du datozen urteetan torturatutako eta desagertutako milaka gorpu ager daitezkeela lurpetik. Datu esanguratsu batek dio Espainia dela, Kanbodiaren atzetik, munduan desagertu gehien dituen herrialdea! Horratx bere burua demokratikotzat duen herrialde baten aurkezpen txartela.

Kareak erre ez duen memoria hori ezinbestekoa du herri honek bere etorkizuna semantika berri batekin idatz dezan. Gertaerok ahaztea memoriaren gainera berriro ere lurra botatzea litzateke. Horregatik zaigu gogoratzea ahaztu ezinezko ariketa. Horregatik dugu idazten haien memoria.

Eta jarraituko dugu idazten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo