GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Edurne Bilbao, Mikel Urdangarin IMHko komunikazio arduraduna eta ahize-AEK hizkuntza aholkularitzako kidea, hurrenez hurren

1.000.000

250 enpresa baino gehiago ari dira dagoeneko lanean, baina euskal hiztunen eskubideak bermatzera ez gara iritsi oraindik. Egingo dugu

Ba al du merkaturik marka eta euskara lotzen dituen enpresak? Zenbat bezero potentzial ditu euskalduntasuna agerian duen produktuak? «M» hizkuntza aholkularia da. Oporretatik etorri berria. Kanpora joaten denean atsegin du tokiko aniztasuna nola kudeatzen duten ikustea. Kaliforniara joan da eta han, ingelesaz gain, gaztelaniak ere hiztun asko ditu. Leku askotan, errotuluak bietara daude, eta zerbitzu askotan langileetako batek behintzat gaztelaniaz hitz egiteko gaitasuna du.

Bidaian sortutako bi hausnarketa partekatu ditu «M»-k IMHko euskara batzordean:

San Frantziskoko bizilagunek ezagutzen eta estimuan dituzte euskaldunak. Hala adierazi dio batek baino gehiagok. Basque marka darabilten denda eta jatetxeak daude. Jende batek badaki horiek hiriko mapan kokatzen, baita jatorriko lurraldea munduko mapan ere.

Jatetxe horietako bateko arduradunak adierazi zion, hiri hori aukeratu zuela, Donostiara AEBetatik oporretan joaten zirenen artean, gehienak bertakoak zirela ikusi zuelako.

Beste adibide bat da «M»-ri apartamentua alokatu zion neskarena. Berehala egin zuen gustuko duen arropa markarekin lotura. Etiketak dio Basque Country (Spain) dela diseinuaren jatorria. Marka horrek hiru denda ditu han. «M»-k gustukoa du arropa hori. Bai Euskarari ziurtagiria du. Euskalduntasuna ez da munduan aritzeko oztopoa. Enpresek ere laguntzen dute Basque Country marka eraikitzen, eta jendea euskarara hurbiltzen.

South San Franciscon dagoen Basque Cultur Centerrak 78 bazkide ditu. Agian ez dira asko izango. Italiarren, eta, bereziki, txinatarren presentziatik oso urruti, baina hazia ereinda dago. Baliatuko al dugu? Zer egin dezakegu erreferentziala den horrelako hiri bat gure hizkuntza, kultura eta ekonomiarentzat lagungarria izan dadin?

Txinatar komunitateak eragin dio bigarren hausnarketa «M»-ri. Biztanleen %20 dira txinatarrak San Frantzisko hirian. Dendaz beteriko auzoa dute, eskolak, elizak... Hizkuntza ofiziala ez bada ere, atez ate zaborra biltzen dabiltzan kamioietan eta garraio publiko batzuetan errotuluak eta megafoniaz ematen diren oharrak hizkuntza horretan ere dira.

Beraz, «M»-ri gogora etorri zaio komunitate bateko kideek dirua non eman erabakitzen duten neurrian, ingurunean eragin eta alda dezaketela.

«E» Euskara batzordekideak gurean ere hala izan dela erantzun dio. Ikastolak, euskaltegiak... komunitateak jakin du behar zuena sortzen. Bestelako produktu eta zerbitzuei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak 2011. urtean egindako V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen arabera 16 urtetik gorako 2.649.000 pertsonetatik 714.000 elebidunak dira eta 388.000 elebidun hartzaileak. Gutxienez, milioi bat bezero potentzial dituzte enpresek 20.000 km2 baino ez dituen eremuan. Agian, ez zaio palanka horri behar beste eragin, baina enpresa batzuek jakin dute baliatzen elikadura, jantzigintza, finantza etxeak, telefonia... arloetan.

IMHko batzordeak interesgarritzat hartu du euskalduntasuna azalduta merkatuan arrakasta izan duten bi enpresa gonbidatzea aurtengo 30+10 Mintegira eta han izan dira mahaiaren bueltan Euskal Herria Esnea, Ternua arropa enpresa, eta branding arloan aritzen den AZK publizitate enpresaren ordezkariak. «Argia»-ko Onintza Iruretak egindako galderak eta gonbidatuen erantzunak bideoan jasota gelditu dira, eta laster www.imh.es webgunean egongo dira ikusgai.

30+10 Mintegia bukatuta, etxerako garraioa hartu du «M»-k. Mugi txartelean dirua sartu behar izan du, eta aplikazioa gaztelaniaz baino ez dago oraindik. Pena arintzeko, gogora etorri zaio Sausalitorako ferryko txartel saltzailea. «M» nongoa zen jakin zuenean, haurrei euskara irakasten jarraitzeko eta erabiltzen jarraitzeko animo hitzak eskaini zizkion. «M»-ri orain, irribarrea etorri zaio. 250 enpresa baino gehiago ari dira dagoeneko lanean, baina euskal hiztunen eskubideak bermatzera ez gara iritsi oraindik. Egingo dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo