AHT, inora ez doan proiektu bat gauzatzeko tema eta presa itxuraz erridikuluak
Frantses Gobernuak atzo iragarri zuen abiadura handiko linea luzatuko duela, lehenik Bordeletik Tolosaraino, 2024rako, eta ondoren Akizeraino, 2027rako, eta bi zation aurrekontuaren berri eman zuen. Halaber, esan zuen bere asmoa linea hori Hendaiaraino hedatzea dela, baina horretarako aurrekonturik aipatu ere gabe. Bere asmoa gauzatzeko data jarri zuen, ordea: 2032, asmo hori lehenago Ipar Euskal Herriko korridoreak eragin litzakeen ingurumen arazoen azterketaren mende badago ere. Hartara, AHTren linea hogei urte barru iritsiko da Gipuzkoaraino... beharbada; egiten baldin badute, alegia. Hala ere, Gasteizko Gobernuarentzat oraingoz -eta luzaroan- ez iparraldetik ez hegoaldetik konexiorik izango ez duen trenbidetzarra lehentasuna da. Egoera ekonomikoak eskatzen duen zuhurtziarik ñimiñoari muzin eginda; eragingo dituen kalte ziurrak gorabehera; ekarriko dituen onurak, haren baliagarritasuna bera, gutxienez eztabaidagarriak direla, tematuta, eta presatuta, jarraitzen du Lakuak azpiegitura erraldoi horretan. Erridikulua gertatzen da tema hori, haren atzean beste kontu susmagarri eta aitorrezin batzuk gorde ezean.