ZIENTZIA
Zanbranako fosil bat, europar ugaztunen arteko loturaren froga
GARA
Zanbranako aztarnategi aberatsean topatu dituzten Microchoerus primatearen matrailezurreko bi zatiek Europako ugaztunek Goi Eozenoan (orain dela 37 milioi urte) izan zuten lotura baieztatu dute.
Ainara Badiola EHUko irakasle eta ikerlariak egin du aurkikuntza, Bartzelonako Miquel Crusafont Paleontologia Institutu Katalaneko (ICP) zientzialariekin elkarlanean, eta «Journal of Human Evolution» aldizkari entzutetsuak jaso du albistea.
«Zanbranako aurkikuntza interesgarria da, orain arte ez zegoelako fosil horren berririk Iberiar penintsularen mendebaldean. Iberiar penintsulako txoko ekologiko eta Europako ingurune geografikoetan bizi zen faunaren ezagumendua emendatu du aurkikuntza honek», laburbildu du Badiolak.
EHUren oharrak azaltzen duenez, orain arte uste zen Iberiar penintsularen mendebaldean zegoen faunako ugaztunak izaera endemikoa izan zuela Eozeno osoan (56 eta 33 milioi urte artean); alegia, ez zela Europako beste lekuetakoa bezalakoa, bi lekuak geografikoki banatuta egotearen erakusle. Orain, Araban topatutako Microchoerusaren fosilek primate horiek Iberiar penintsulara ere zabaldu zirela baieztatu dute.
Zanbranako aztarnategian aurkitutako fosilak garai hartako biodibertsitatea hobeto ezagutzen lagunduko du. Aurkikuntzari esker, zientzialariek badakite Goi Eozenoan penintsulan fauna endemikoa bazela, «milioika urtetako isolamenduaren ondorioz garatua», baina baita Europako hainbat tokietako berbera ere, eta horrek europar faunen arteko lotura baieztatzen du.
Nahiz eta orain arte primaterik aurkitu ez, ornodunen fosil bilgune aberatsa da Zanbrana, 2004. urtean aurkeztutako Ainara Badiolaren doktoretza tesiak aurreikusi bezala.
Microchoerus horiek primate gautarrak eta intsektu-jaleak ziren. Afrikan bizi diren galagoen antzeko primateak zirela uste dute.