Mikel Zubimendi Kazetaria
Estrasburgotik New Yorkera
Asko idatzi da Estrasburgoko epaiaz. Beronen esanahiaz, ondorioez eta iris- menaz. Legalki eta politikoki komentario eta konjetura pila bat irakurri ahal izan dira. Barkatuko didazue, baina niri utzi dizkidan burutazio eta txupinazoak, bizpahiru sikiera, papereratu nahi nituzke. Agian aspergarria, agian errepikakorra, baina bai, bizpahiru kontu badira niretzat azpimarratzekoak, bai.
Kontent, oso kontent utzi nau berriak. Pozik, ñabardurarik gabe, natural eta ondratu pozik. Eta ez besteen amorrazioa ikusteak pozten nauelako, ezta nonbait irakurri ahal izan dudanez, erdi pozik edo pozez erdizka egon behar dela kontsignarekin bat natorrelako. Pozik. Pozarren Ines del Rio minkideagatik, batez ere horregatik. Egoera berean dauden dozenaka euskaldunengatik eta haien senide eta lagunengatik. Kontent benetan.
Munstro bat akabatu dugula pentsatu duenik badago. Arazo bat konponduta besteak errazago konponduko ditugula orain. Ez dakit. Jakina arazo tzar bat konponbidean jarri dugula, baina, arazo bat konpondu eta bi berri sortuko direla pentsatzea hobe. Eta are, prozesua bukaera arte halakoa izango dela. Puntuak jarri zauriari eta askatu, arazo batetik bi sortu. Eta lasai.
Ongi kudeatu behar da epaia orain. Inori muturren aurretik pasatzeke, etxafuegoak botatzeke, omenaldien amuetan erortzeke... askatu presoak zaindu eta babestu, lehen lerro informatiboetatik salbu eta kontu eginez Madrilek sumario berriak prefabrikatzeko duen mendeku egarriari. Iruditzen zait, bestalde, Estrasburgoko epai hau bezala, Herriraren kontrako operazioa ere, elkarrekin lotura duten ala ez konjetura batere inportatzeke, aukera bezala har daitezkeela. Presoen inguruko lanaren eskema osoari buelta bat emateko, errotik oratu eta errepaso serio bat emanez egiteko beste forma eta paradigma batzuk martxan ipintzeko. Kolektiboa bai, baina presoa, pertsona dagoela kontuan hartuko dituena eta preso bakoitzeko lan pertsonalizatua -beharrezkoak diren konpentsazio mekanismoekin- lehenetsiko duena. Aukera polita, bai, aprobetxatzekoa.
Ines, ongi etorri bihotzez. Eta letrok aprobetxatuz Aitzol Azurtzari, New Yorkera, animo eta besarkada eder bat.