GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jazarpena ikasgeletatik kanporatzeko, prebentzioa indartuko du Lakuak

Ikasgeletan jarrera desegokiak eta indarkeria ekintzak saihesteko neurriak indartuko ditu Lakuak, Hezkuntza eta Segurtasun sailek atzo sinatutako akordio bati esker. Hainbat ekimenen artean, arlo honetan jarduten diren 150 ertzainek hitzaldiak eskainiko dituzte eskoletan.

GARA | GASTEIZ

Ikasgeletan jarrera desegokiak eta indarkeriazko ekintzak saihesteko neurriak ezartzeko bidean, orientazioa eta laguntza ematea izango da Lakuako Hezkuntza eta Segurtasun sailek atzo sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren helburua.

Azken ikasturteetan, ikastetxeek hainbat neurri eta prozedura izan dituzte ikasleen jarrera desegokiak kudeatzeko eta zuzentzeko, eta zehazkiago, berdinen arteko tratu txarren egoerei aurre egiteko.

Akordioaren arabera, EAEko familiak, irakasleak eta, batez ere, ikasleak arduratzen eta kezkatzen dituzten sei gai jorratuko dituzte ikasleek geletan: Interneten nabigatzeak eragiten dituen arriskuak, berdinen arteko tratu txarrak eta eskolako jazarpena, gizabidezkoak ez diren jarrerak saihestea eta gizabidezko balioak sustatzea, drogak kontsumitzearen errealitatea eta ondorioak, bideko segurtasunaren oinarrizko kontzeptuak ezagutzea, eta mendian, hondartzan eta barruko uretan kirol edota aisia jardueretako prebentzio neurriak.

Eskola-jazarpen kasuei dagokienez, Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuak 2012-2013 ikasturteko datuak eskaini zituen. Orotara, 201 salaketa jarri ziren, aurreko urtean baino 55 gehiago. Salaketek gora egin duten arren, sailburuak ohartarazi zuen honek ez duela esan nahi jazarpena handitu denik, lehen joera isilik gelditzea zela baizik.

Autoritateen aurrean aurkeztutako kasu guztietatik, %44,3, eskola jazarpen gisa errekonozituak izan dira, nahiz eta gainerakoen jarraipena egin den. Hauetatik, gehienak hezkuntza zentroan bertan konpontzen dira, eta oso gutxi dira salaketa ipini eta epaitegietara eramaten diren kasuak.

Iazko 201 salaketa horietatik -biktimak oro har 10 eta 16 urte bitarteko gazteak dira-, 43 kasuk bazterketa sozialarekin dute lotura, 62k ahozko bortxarekin, bostek zeharkako eraso fisikoekin, 58k eraso fisiko zuzenekin eta zazpik sexu abusuekin.

Ertzaintzaren hitzaldiak

Eskola-jazarpen kasuek behera egin dezaten, prebentzioan indarra jarri nahi du Lakuak, eta horretarako, hitzarmenaren bigarren alderdi batek arlo honetan aritzen diren ertzainek ikasgeletan hitzaldiak ematea aurreikusten du.

Helburua ikasle, irakasle eta gurasoei informazioa eskaintzea da bortxa egoerak eta Internet bidezko jazarpenak aurreikusten laguntzeko, besteak beste.

Orotara 150 agentek hartuko dute parte proiektuan eta interesa duten zentro guztiek jaso ahal izango dituzte hitzaldiok.

errespetua

Eskolan gertatzen diren jazarpen egoera ezberdinak gutxitzeko bidea «elkarrizketa, komunikazioa eta errespetua» direla azpimarratu zuen Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo