GARA > Idatzia > Kultura

Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria

Gora undergrounda

Undergroundik baden bitartean badugu itxaropenik. Eta ez, ez dizkit begiak zabaldu esnob eta modernoei hainbeste gustatzen zaien mito ahantzi eta ilunen baten gaineko artikuluren batek. Ez dut uste undergroundak dirdira berezirik ematen dionik artistari, lurretik 30 zentimetrotara ibiltzeko koartadarik, hobea edo txarragoa bihurtzen duenik. Zer eduki dezake bada erakargarri, gutxietsia, ahaztua, alboratua izateak? Beti zirkuitu mugatu, txiki eta lurrazpikotan mugitzeak? Ze glamour, beti baldintza material kaskarretan aritzeak? Undergroundaren xarmarena, hori bai lerdokeria galanta, batik bat horretan ari direnentzat. Eta, hala ere, undergrounda ezinbestekoa iruditzen zait. Bereziki estimatzen ditut horretan ari direnen egoskorkeria, eta oso gustura aritzen naiz haien etxe, klub eta mota guztietako bilkuretan, behin eta berriro, irudimenarekin eta gogoekin, bitartekoen falta ahalik eta hobetoen estaltzen. Ariketa ezin hobea da ez gehiegi «burgesteko» (underground zaleon mamurik okerrena). Ekosistema egokia da musikari pobreontzat. Kaletik hurbilago egoteko aukera. Agian neu ere banaiz pixka bat undergrounda. Bale, ez dut gehiegitan janzten artista madarikatuaren aura (armairuan uzten dut normalean), baina zer, aspaldi ikasi nuen, beste bati ikusita, Baudelairren liburu bat besazpian eta ileak laranjaz tindatuta jendaurrean paseatzeak ez zaituela kultuago egiten inoren begietan, baina bai tontoagoa, aurreikusten errazagoa. Eta batez ere, undergroundaren (euskaraz kantatzen dugunon) undergroundean (entzuleria mugatukook) sumatzen ditut musikarik bizienak, erakargarrienak, entzuten ditut ahotsik eta kontakizunik interesgarrienak, topatzen ditut elkarlanik emankorrenak, eta normalean, asko dibertitzen naiz, beno horretan ongi saiatuta. Kopuruak ez du guztia neurtzeko balio, are gutxiago sormena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo