Xabier Izaga Kazetaria
Mendekuzaleak eta legezaleak
Etxean da Ines del Rio tafallarra, zorionez. Zorionez, baina legez zegokion baino sei urte gehiago bete ondoren, zoritxarrez. Espero izatekoa da egoera berean dauden dozenaka presoak ere lehenbaileen bide bera hartzea, legez kanpoko egoeran daude eta. Inork ez du espero, ordea, lege hauste horren erantzuleek preso horiek guztiak zigortzeko erabilitako ankerkeria jasoko dutenik. Ezta ankerkeria hori gabeko zigorrik ere.
Justizia Ministerioaren menpeko medikuek uste dute Josu Uribetxebarria ez luketela berriro espetxeratu behar, haren askatasunaren aurka eta berriro espetxeratzearen alde agertu ziren mendekuzaleen amorrurako. Hala ere, horien «mina» arinduko duen informazioa ere eman zuen mediku talde horrek bere txostenean: Uribetxebarriak biriketan eta garunean dituen metastasiek okerrera egin dute eta hiru edo lau hilabeteko bizi-itxaropena baino ez diote eman.
Baina ez da nahikoa, badakigu. Lehenago hil behar zuen. Eta espetxean. Preso batek bere zigorra betetzea, bizi-baldintza latzenetan bete ere, nahikoa ez den bezala. Biziarteko kartzela zigorra ere ez da nahikoa, eta heriotza zigorra ere ez litzateke biktimen mina ezabatzeko moduko zigorra.
Bitxiagoa iruditzen zait harako mendekuzale ez baina legearen adoratzaileek Estrasburgoko ebazpena edo Uribetxebarriaren askatasuna onartu beharra dagoela esaten dutenean eransten duten iruzkina: «nazka ematen badigu ere». Zerk ematen die nazka, legea betetzeak? Legeak berak...? Eta bitxia gertatzen zait, hala berean, legea betetzeko arrazoia: «gu, demokratok, haiengandik bereizten gaituena», legea betetzea inori eskupekoa ematea izango balitz bezala.