GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Auzipetuen ordez, torturaren salaketa sartu zen

Madrilen epaitzen ari diren 36 gazteak Auzitegi Nazionaleko aretotik kanpo izan ziren atzoko saioan, eurek hala eskatuta, atxilotu eta inkomunikazio aldian galdekatu zituzten poliziak deklaratu bitartean. Berrogei auzipetutik 30ek salatu zuten atxiloaldian torturak jasan zituztela, euskal herritarren atxiloketen historian salbuespena ez dena; baina, honetara ezkero, inork ikusi ez duen «eskuliburuaren» edo «terroristen kontsignen» leloa txantxa txarregia, gordinegia, gertatzen da, areago Estatu espainola torturak ez ikertzeagatik zigortu eta tratu txarrak saihesteko neurririk ez hartzeagatik behin eta berriz seinalatu izan dutenean.

Atzoko lekukoen deklarazioen adierazgarri da, besteak beste, Ainara Bakedano epailearen aurrean aurkeztera zihoala -Auzitegi Nazionaleko atean bertan- atxilotu zuten polizietako batek ez zuela azaltzen jakin zergatik bakartu eta galdekatu zuten gaueko ordu txikietan. Zoritxarrez, egon badago azalpenik, azalpen aitorrezina bada ere. Lekukotza horien fidagarritasunaren adierazgarri.

Auzipetuak aretotik atera eta torturaren salaketa sartu zen atzo Auzitegi Nazionalera. Gazte horiek guztiek jasandako kalteak handiak, handiegiak dira dagoeneko, eta auzi hori bertan behera uzteko arrazoiak, nabarmenak. Justizia -pixka bat besterik ez bada ere- egite aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo