Top 14
Zulotik irteteko, Avironek lau puntuak behar ditu
Zuri-urdinek 20.45ean Montpellier hartuko dute. Galtzen badute, jaitsierako postuetan jarraituko dute.
Jon LEUNDA
Jaitsierako postuetatik irteteko garaipenak besterik ez dio balio Avironi, eta horretarako gaur iluntzean Montpellierren aurkako partidan lau puntuak behar ditu. Norgehiagoka 20.45etik aurrera jokatuko da Baionako Jean Dauguer estadioan.
Partida zaila izango da zuri-urdinentzat, aurrean sailkapeneko burua izango baitu, Montpellier baita, oraingoz, Top 14ko talderik onena. Baionakoak, ordea, etxean oso indartsuak dira, eta kanpoan punturik atera ezin dutenez, etxekoei eustera behartuta daude, bestela zuloan jarraitu beharko dute.
Ligan bederatzi partida jokatu ditu Avironek, eta horietatik sei galdu eta hiru irabazi ditu. Etxean lau partida jokatu ditu, eta bakarra galdu du, eta normalean, gainera, entsegu asko egin izan ditu. 16 puntu dauzka talde zuri-urdinak, eta horietatik lau dira bonusen bidez lortutakoak. Gaur ere lau puntuez gain, bonus bat gehituko balu, ez litzaioke gaizki etorriko, baina irabaztea bakarrik ere ez litzateke batere txarra izango.
Montpellier Ligako lehen partida hauetan sekulako indarra erakutsi duen taldea da. Bederatzi partidetatik bost irabazi ditu, bat berdindu, eta bakar bat galdu du. Guztira, 27 puntu ditu, eta bigarren sailkatuta dagoen Toulonekin berdinduta dago. Puntu bat atzerago dute Stade Toulosain.
Aviron jaitsierako postuetan dago, baina salbazioko postuak puntu batera ditu. Gaur garaipena lortzen baldin badu, normalean dagoen lekutik atera egingo da, aurretik duen Oyonnaxek oso partida zaila baitauka Grenobleren zelaian.
Avironen aldagelan oso berri onak daude, min hartuta oso jokalari gutxi baitaude. Etrillard, Vaka, Lovobalavu eta Otazo dira jokatu ezinik daudenak, eta laurek ere, gainera, denbora dezente eman beharko dute oraindik geldirik. Phillips, Haare eta Brett, berriz, zigortuta daude. Gainerakoak jokatzeko prest daude, baina entrenatzaileek ez dute hamabostekoa ezagutarazi, eta azkeneko orduan jakingo da zeintzuk izango diren Jean Dauguerreko zelaira aterako diren jokalariak. Halere, ateratzen direnak ateratzen direla garaipena lortu behar dute.
Zaleen aldetik erantzun oso ona espero da. Ostiral iluntzeak jende ugari joateko aukera ematen du, eta gaur ia bete egingo dira Jean Dauguerreko harmailak. Liderra dator bisitari Baionara, eta taldeak ere zaleen bultzada beharrezkoa du. Gaur garaipena lortzea ezinbestekoa da. Bestela jaitsierako postuan jarraituko du, eta orduan urduritasunak agertzen hasiko dira, oso egoera zailean geratuko baita Baionako taldea.
Gaur hasiko da emakumezkoen Euskal Liga. Hernani, Gaztedi, Eibar-Irun, La Unica, Getxo eta Durango-Uribealdea dira txapelaren lehian arituko diren sei taldeak.
Aviron etxean oso talde indartsua da. Aurten bost partida jokatu ditu, Europakoa kontuan hartuta, eta bakarra galdu du. Hori bai, etxetik kanpo denak galdu ditu.
Zaleek erantzun handia emango dute gaur ilunabarrean, eta Jean Dauguer zelaiko harmailak bete egingo dira. Taldeak ere bere jarraitzaileen premia handia dauka.