GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEUren ikasgela birtuala Euskal Herriko «zortzi lurraldeetara» iritsiko da

Instituzioetako eta hezkuntza arloko ordezkari ugariren berotasunean eman zion hasiera UEUk atzo ikasturte berriari, Eibarko Ikastetxe Nagusian. Urte zailak gainditu eta aitzinera egin du proiektuak. Horren erakusgarri, «on line» irakaskuntzan ematera doan jauzia.

p018_f01.jpg

Maider IANTZI | EIBAR

Urruneko euskarazko irakaskuntza garatuko duen ikasgela birtualaren egitasmoa garatzeko elkar hartu dute UEUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektu honek bi xede nagusi ditu: batetik, goi mailako etengabeko prestakuntzaren esparruan formazioa behar duten profesional euskaldunen beharrak asetzea; bertzetik, euskarazko ikasketa unibertsitarioak egituratzea eta ikasle zein irakasleak sarean biltzea, Euskal Unibertsitatea sortzeko bidean.

Ikasgela birtualari esker, graduondoko ikasketa ofizialak eskaintzen hasi da UEU. Baldintza bakarra Interneterako konexioa izatea denez, mundu osoko euskaldunei irekita dago; Zigor Etxeburua Gipuzkoako Aldundiko Euskarako zuzendari nagusiak erran zuen gisan, «Euskal Herriko zortzi lurraldeei» (zazpi fisikoak eta birtuala).

Etxeburuaz gain, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mari Jose Telleria Eibarko alkateordea izan ziren UEUren ikasturte hasierako ekitaldian, ordezkatzen dituzten instituzioen babesaren erakusle. Karmele Artetxe Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendariak bihotzez eskertu zien urte zailetan ondoan egon izana, bai eurei, bai Lakuako Gobernu berriari, baita lagun, bazkide eta lantaldeari ere. Izan ere, orain dela bi urte Lakuak ematen zien partida izenduna kendu zienean, kolokan gelditu baitzen beren etorkizuna. Beharrezkoa zuten dirua ez ezik, erakunde honek egiten zien errekonozimendua ere galdu zuten.

Baina aitzinera egin dute, euren egitekoa -euskara eta unibertsitatearen munduak lotzea- beharrezkoa dela sinesten dutelako. Hala, ikasturte berri honetan erronka handi bati helduko diote: on line irakaskuntzan urrats kualitatiboa egiteari.

«e-learning» eredua

Pertsonengan oinarritutako e-learning eredua hartu dute, erakundearen izaerarekin eta zerbitzu publikoaren filosofiarekin bat egiten duelako. Iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin jauzi teknologikoa eman zuten, Moodle 2.2.3. bertsioa ezarriz. Egun, on line irakaskuntzaren metodologia berrikusten ari dira, hobekuntzak egiteko.

Metodologia honekin gradu eta graduondokoak eskaintzen hastea dute helburu (Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoa joan den ikasturtean hasi ziren eskaintzen).

Leporaino betetako Markeskoako aretoan, hezkuntza, kultura eta politikako ordezkarien aurrean -tartean irakasleak-, Iratxe Esnaola UEUko Zuzendaritzako kideak ikasteko ingurune birtualen inguruko hitzaldia eman zuen. Gaur egun erronka teknologikoa gaindituta dagoela azaldu zuen. «Kontua da ikasteko inguruneak direla, eta, beraz, garrantzia eman behar zaiola arlo pedagogikoari», nabarmendu zuen.

EUSKAL CAMPUSA

Etorkizun ez hagitz urrunean euskal campus bat irudikatzen du UEUk: «on line» irakaskuntzan saretua, irekia, kalitatezkoa eta euskalduna. Euskal unibertsitatearen hazia erein eta landarea hazten ikusi nahi du.

«Irakasleak gidari izan behar du, ez transmisore»

Ikasteko ingurune birtualak zer diren azalduz ekin zion Iratxe Esnaola ingeniari informatikoak hitzaldiari. Ikasteko plataformak dira, Internet bidezko sarrera dutenak eta edukiak dituztenak. Ikasle eta irakasleek parte hartzen dute. Hainbat aldaketa ekartzen dituzte plataforma horiek: adibidez, irakasleen rolarena. Beti izan dira protagonista, baina gidari izan behar dute, ez transmisore. Aspalditik GARAko kolaboratzailea den zarauztarraren iritziz, hori da zailena, baina ezinbestekoa da erronka pedagogikoari erantzuteko.

Deustuko Unibertsitateko irakasleak azaldu zuenez, Moodle, Sakai eta Chamilo dira Euskal Herriko unibertsitateetan erabiltzen diren plataformak. «Moodle konstruktibismoa aplikatzeko sortu zen, baina inork ez du horretarako erabiltzen», bota zuen entzuleen irribarrea eraginez. Konstruktibismoak ikaslearengan eta ikasketa prozesuan zentratzea erran nahi du, ikasleak bere jakintza eraikitzea. Esnaolaren ustez, lehen pausoa irakaslea konstruktibista izatea da eta oraingoz «oso gutxi daude». Gomendio batekin bukatu zuen: «Moodle erabiltzen baduzue, egin gogoeta lehen nola irakasten zenuten eta orain nola egiten duzuen». M. I.

erronka

Deustuko Unibertsitateko irakasle Iratxe Esnaolaren iritziz, erronka teknologikoa gaindituta dago: «Tresnak baditugu; hutsunea erabileran dago». Bere ustez, arlo pedagogikoari eman behar zaio garrantzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo