Jabier Muguruza: 500 kontzertu, 12 disko eta «Beste hogei» urte
Kalean dago jada «Beste hogei» (Resistencia), Jabier Muguruzaren azken diskoa, hamabigarrena. Mikel Azpirozen pianoa eta moldaketak ardatz dituen lan berri honek aurrekoak zabaldutako bideari eusten dio: hark ezarritako grisei beste hamaika kolore gehitu dizkiete Gorka Benitezen saxoak, Txema Garcesen kontrabaxuak, edota, besteak beste, Tapiaren trikitiak. Letrak Irazuk, Padronek, Letek, Atxagak, Canok, Iturraldek eta Oñederrak eginak dira.
Alvaro HILARIO | BILBO
Bakarkako abeslari moduan oholetan hogei urte bete dituen honetan, disko berria besapean datorkigu Jabier Muguruza. «Beste hogei» (Resistencia) izenak «desio bat» azaltzen duela aitortu zuen abeslariak, aurrera jarraitzekoa, gizartearentzat gura duen desioa bera.
«Bikote bat» (Resistencia, 2011) aurreko lanaren ildotik dabil egungo hau: ez dituzte alferrik ardatz batak zein besteak Mikel Azpirozen pianoa eta moldaketak. Hamar kanta berri ditugu, hots, «nostalgiarako leku gutxi» laga du Jabier Muguruzak, lehen esan dugun bezala, urtemugak aurrera begiratzen baitu.
Hamar kanta, euskal idazle esanguratsuenetako batzuen olerkiak beren baitan gordetzen dituztenak: Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Xabier Lete, Lourdes Oñederra, Bernardo Atxaga, harkaitz Cano eta Joxemari Iturralde.
Azpirozekin eta Muguruzarekin batera aurkezpenean parte hartu zuen Iñaki Irazuren ustetan, Muguruzaren lana euskal kulturaren tradizio narratiboan kokatu beharra dago, bere musikak lagunduta istorioak kontatzen baititu.
Urte emankorrak
«1981eko urriaren 22an 60 urte bete zituen George Brassens handiak, kantagintzan hogeita hamar betetzetik oso gertu zegoelarik», kontatu zuen Jabier Muguruzak diskoaren aurkezpenari hasiera emanez. «Neu ere, Brassens bezala, berandu hasi nintzen -32 urterekin- kantetan. Hamar urte falta ditut George Brassens bezalakoa izateko, hogei eginda ditut jada», esan zuen Irungo musikariak, eta «gauzak horrela, zergatik ez eskatu beste hogei urte», gehitu zuen diskoaren izena eta horrek dakarren aurrera segitzeko grina nondik datozen azalduz.
Muguruzaren aburuz, «urte emankorrak» izan dira azkenengo hogeiak, zenbakitan honela labur daitezkeenak: bostehun kontzertu, hamabi disko eta hamaika «puntako musikari», horietan zehar alboan izandakoak, (Jackson Browne, Kepa Junkera, John Cale, Pedro Guerra eta beste asko eta asko).
Muguruzarentzat «luxu handia» izan da haiekin zein disko honetan parte harte duten musikariekin beharra egitea. Izan ere, «kolore berriak» agerrarazi dituzte Gorka Benitezek (saxoa), Mireia Otzerinjauregi eta Uxia abeslariek, Joseba Tapiak (soinu txikia), Txema Garcesek (kontrabaxua), Xabi Zeberiok (biolina) eta Chris Kasek (tronpeta). Bere hitzetan, «oso lan serio eta garrantzitsua» izan da hauek guztiek egindakoa, «batere anekdotikoa» ez dena.
Narratiboa
Iñaki Irazu poetak Jabier Muguruza «tradizio luze batean» ikusten du. Bertsolariek bezala, Muguruzak istorioak kontatzen ditu, narrazioak eta kronikak egiten ditu. Bere ustez, «gizarteko kronikagile modernoa dugu» kantaria. «Kultura bati indarra ematen diona lengoaia indartsu baten, lengoaia narratibo baten existentzia da», ziurtatu zuen Irazuk.
Azken bi diskoetan ez ezik laugarrengoan eta bosgarrengoan ere parte hartutako Mikel Azpiroz piano-jotzaileak bat egiten du Muguruzaren «printzipio» edota «kontzeptu estetikoarekin», «narrazioak janzten dituen» kontzeptuarekin, hain zuzen ere.
Biziki maite ditu Azpirozek kontakizunak, istorioak apaintzeko Jabierrek erabiltzen dituen «isiltasunaren eta xumetasunaren estetika» eta, Oteizak bezala, «espazioaren kudeaketa ona».
Datozen hogei urteei begira bere lanari jarraipena emango diola adierazi zuen Muguruzak; baina «buruari galderak egiten etengabe, egileari dagokion jarrera hori delako», gehitu zuen, «batere konformista» ez dela nabarmenduta.
Hamar kanta, euskal idazle esanguratsuenetako batzuen olerkiak beren baitan gordetzen dituztenak: Iñaki Irazu, Jose Luis Padron, Xabier Lete, Lourdes Oñederra, Bernardo Atxaga, harkaitz Cano eta Joxemari Iturralde.
«Kolore berriak» agerrarazi dituzte Gorka Benitezek, Mireia Otzerinjauregi eta Uxia abeslariek, Joseba Tapiak, Txema Garcesek, Xabi Zeberiok eta Chris Kasek. Jabierrentzat «oso lan garrantzitsua» izan da horiek egindakoa.