GARA > Idatzia > Kultura

Hermetismoak hautsiz, Bonbereneatik Japoniarako jauzia egingo du Glaukomak

Glaukoma boskoteak «Vol.2» izeneko bigarren luzea eman du argitara. Soinu indartsuagoa dakarte, drum & bass eta jungle erritmoek zabaltzen dute diskoa. Japonian hasiko dute aurkezpen bira.

p042_f03.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Vol.1» izan zen lehenengoa eta, urte eta erdira, «Vol.2» (Bonberenea ekintzak) diskoa osatu du Tolosa, Irun eta Donostiako musikariz osatutako Glaukoma taldeak. Tolosako Bonberenea dute entsegu eta ia bizi aterpe; bertan sortu eta grabatu dituzte diskoa osatzen duten zazpi kantuak. Karlos Osinaga izan dute gidari, grabaketan, nahasketetan eta masterizazioan; etxean gelditzen da dena.

Pablo Rubio (bateria), Asier Arandia (baxua), Jokin Albisua (gitarra), Iker Pando (gitarra eta ahotsa) eta Juantxo Arakama (ahotsa) dira Glaukoma, eta bigarren disko honetan zenbait kolaborazio ere izan dituzte. Jon Altuna Teklax-en teklatuak entzun daitezke lehenengo bost kantuetan; eta Microbio eta Still Ill-ekin, Lagrimas de Sangre taldeko MCekin, batera osatu dute «Lejos del silencio» kantuan.

2012ko abenduan oholtza gainak denboraldi baterako utzi eta «zerotik hasi ginen diskoa egiten», esan zuen atzo Arakama MCak. «Beste soinu bat bilatzera joan gara. Eboluzioa mantendu nahi genuen, drum & bass edo soinu potenteago, indartsuago baten bila», gaineratu zuen. Reggaeak oraindik ere badu bere presentzia, «baina ez da hain agerikoa. Baxu lineak eta erritmoak mantentzen dute oinarri hori, baina beste esentzia bat eman nahi genion. Rap izaera mantendu dugu».

«Jungle» kantuak zabaltzen du diskoa, sonoritateari erreferentzia eginez baina baita hitzaren zentzuari ere, «gizarte hau oihan bilakatuta dago aspaldi». Badira protesta kantuak eta aurreko diskoan baino gehiago jarri dira «barrura begira», euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abestuz; «oso zaila da abesti hermetikoak egitea», esan zuen Arakamak, «filtro gabeak dira».

Argi eta garbi diote Bad Sound System izan dutela hasieratik talde lagun eta erreferente, «Euskal Herrian aitzindari dira sound system estiloa ulertzen eta jamaikar musika egiteko era interpretatzen». Eta musika estilo aldetik ez, baina eredu moduan aipatu zituzten Humus edo Atila y Los Unos taldeak. «Ez gara gehiegi mugitu hip hop zirkuitu batean, seguru asko ez dagoelako egonkortuta», adierazi zuten. «Haritik tiraka» kantuan ere aitortza egiten diete talde hauei, «Bonbereneako piromano guztien eta autogestioan lanean ari diren guztien alde» osatutako kantuan.

Eta Tolosatik Japoniara salto egingo dute datorren astean. Sei kontzertuko bira daukate han, urte askotan zehar Bonbereneak herrialde hartako taldeekin ondu duen harremanari esker. Euskal Herrian azaroaren 16an izango dute lehenengo zuzenekoa, Lasarteko Zulo aretoan, Humus taldearekin. Abenduan Arrasateko gaztetxean eta Hatortxu Rock jaialdian izango dira. Kantuak binilo formatuan ere kaleratu dituzte. Kontzertuetan eta Elkar dendetan izango da salgai.