Garazi Kamioren «Orube abandonatuak» proiektuarentzat, Augustin Zubikarai beka
GARA | DONOSTIA
Garazi Kamio andoaindarraren «Orube abandonatuak» proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai Saria.
Hiru garai ezberdinetan, hiru pertsonaia bakartiren historia kontatuko du bere nobelan Kamiok. Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osatutako epaimahaiaren esanetan, testuaren fintasun psikologikoa eta irudien indarra izan dira, besteak beste, Garazi Kamiori saria emateko arrazoiak. «Denbora-lerrotik begiratuta, hiru istorio hauek ez dute batere antzik euren artean. Baina bada zerbait batzen dituena: abandonatua izan denaren bizipenak izan dituzte. Honetaz gain, objektu batek batuko ditu; garai bakoitzean zeresan desberdina izango duen objektuak», iragarri zuen Kamiok.