GARA > Idatzia > Euskal Herria

Secours Catholiquek dioenez, pobrezian diren langabeen kopurua handitu da

Urteko balantzea zabaldu zuen atzo Secours Catholique (Caritas) elkarteak. Orotara, Ipar Euskal Herriko 5.500 familia lagundu ditu. Bakarrik diren emakumeak dira gehien prekaritatean, %35 baitira. Langabe kopuruak gora egin du %32ra iritsita. 2008an, %7koa zen.

p018_f03.jpg

Ainize BUTRON |

Secours Catholique (Caritas) elkarteak, urtero pobreziari buruz kaleratzen duen txostenaren berri emateaz gain, Ipar Euskal Herriari buruzko datu zehatzak zabaldu zituen atzo, Baionan duen egoitzan.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dituen hamabost bat ordezkaritzetan 5.500 familia artatu ditu 2012. urtean. Orokorrean pobreziak gora egiten duela nabarmendu zuten arduradunek, baina aurtengo balantzean, bereziki langabeen emendatzea goraipatu nahi izan zuen Secours Catholiquek.

2008. urtean, harrera edo laguntza jaso zuten familien %7 zebilen lan bila, Luc Girard elkartearen lekuko lehendakariak gogoratu zuenez. Kopuru hori azkarki emendatuz joan da, 2012an %32ra iritsi baita.

Ondorioz, gasa edo argindarra bezalako baliabideak edota etxebizitzaren alokairua ordaintzeko gero eta zailtasun gehiago sortzen direla zehaztu zuen Girardek. «2008arekin alderatuta, %19tik 35era emendatu dira ordaintzeko arazoak dituzten familien kasuak», esan zuen. Arlo horretan, alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenek talde handia osatzen dute, %41 baitira. Datuak zabaltzearekin batera, Martine Jousseau Secours Catholiquen laguntza jasotzen duen emakumeak atzoko agerraldian parte hartu zuen, bere egoeraren berri emanez. Bere bost umeekin Baionako etxebizitza sozial batean bizi da.

Gehienbat emakumeak

Hamahiru urte darama langabezian. «Izan dut urtebetez lan bat, baina, gauez egin behar nuenez lan, umeak atxikiarazteko ez nuen nahikoa irabazten. Lana uztera behartua izan naiz», azaldu zuen. Geroztik, ikastaro labur bat egiteko aukera izan badu ere, lan proposamenik gabe jarraitzen du.

«Asko gaude nire kasu berdinean. Umeei erakutsi nahi nieke lan egin dezakedala, baina langabeen agentzian ez didate deus proposatzen», gehitu zuen. Dagoeneko, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errentari (RSA) eta bestelako laguntzei esker bizi da. 950 eurorekin hilabetea ezin bukatuz zebilela aitortu zuen. «Gehien kostatzen zaidana elektrizitatea, gasa eta janaria ordaintzea da», gehitu zuen. Martine Jousseau ez da kasu berezia Secours Catholique elkarteak jaso dituen familien datuak begiratzen badira, pobrezia pairatzen dutenak gehienbat emakumeak izaten baitira.

Atzo plazaratu datuetan, izan ere, jasotako familietan %35a bakarrik bizi diren emakumeak direla agertzen zen, eta orokorkiago, lagundutako %67 25 eta 49 urte artekoak dira.

«Langabeak gizartetik baztertuak sentitzen dira. Bizi duten egoeraren errudun sentitzen baitira. Elkarte bezala beren baitan berriz konfiantza hartzeko laguntzak ematen saiatzen gara», adierazi zuen Luc Girardek.

Familiekin egiten duten barne lan horretatik kanpo, gizarteak langabeekiko duen irudia aldatzea ezinbestekoa dela ere nabarmendu zuen Luc Girardek. «Langabeak gure sistema ekonomikoa eta finantzarioaren biktimak direla gogoratu behar da».

Secours Catholique harrera hoberena eskaintzeko moduan ekintza mota ezberdinak garatzen aritu da azken urteotan. Elkartasun saltokiak irekitzen aritu da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Beste bi zabalduko ditu Hendaian eta Biarritzen.

Langabeziarekin sortu diren egoera berriak ikusirik, «enplegua aurkitzen laguntzeko» lan talde berezi bat osatu du Secours Catholiquek.

Diru bilketa

Datuak zabaltzearekin batera, Secours Catholique elkarteak urteroko diru bilketa kanpaina datorren azaroaren 16an eta 17an egingo dutela jakinarazi zuen. Elkartearen aurrekontuaren %90 diru laguntzek osatzen dutela esan zuen.

Alokairuak gora

Etxebizitzaren prezioari dagokion datua azpimarratzekoa da atzoko datuetan. 2008an, laguntzak jaso ondoren, etxebizitza baterako batez besteko alokairua 180 eurokoa zen; 2012an, berriz, 318 eurokoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo