GARA > Idatzia > Kultura

Theatre des Chimeres taldeak urte oparoa izango du 2014koa, bi sorkuntza berri aurkeztuta

Antzerki taldeak «Elles s'appelaient Phèdre» lana taularatuko du martxoan, Biarritzen. Halere, diru laguntzak murriztu dizkietela-eta, taldea kinka larrian dela ohartarazi dute, 2014. urteko ekintzak aurkeztean.

p055_f01.jpg

A.B. | BIARRITZ

Theatre des Chimeres antzerki taldeari maiatza bitartean landuko dituen ekintzen eta sorkuntzen berri emateko ordua iritsi zaio. Les Decouvertes izeneko egoitza Biarritzen kokatua duelarik, Euskal Kosta-Aturri herri elkargoan hedatzen ditu bere ekintza nagusiak, urtean 70 ikastaro eta sentsibilizazio jarduera proposatuz. Antzerki taldearen ikuskizun eta ikastaro eskaintza oparoa izango dira, berriz ere, 2014. urtean.

«Oso aktiboak izango gara. Dinamikoak eta lurraldea azkarki okupatuko dugu», adierazi zuen Jean Marie Broucaret zuzendariak. Martxoaren 14an, Biarrizko Les Decouvertes aretoan, «Elles s'appelaient Phèdres» urteko sorkuntza nagusia agertuko dute. Racine idazlearen obraren egokitzapen horretan bi emakume taularatuko dira ikuspegi berri eta garaikidea emanez obrari. Bost asteburuz jarraian izango da obra ikusgai Biarritzen.

Angeluko herriko etxearekin loturak ere indartuko ditu taldeak. Abenduaren 21etik urtarrilaren 12ra arte Jean Marie Broucaretek landuriko «Les chemins du Brigadier» obra aurkeztuko dute. Angeluko Quintaou auzoan urtarrilaren 17an zabalduko den aretoaren irekiera ekitaldirako sortua, obra horren bidez, ikusleei «arte eszenikoei loturiko ibilbide antzeztu» bat proposatuko diete. Orotara hamasei emanaldi egingo dituzte areto berria ofizialki zabaldu aitzin.

Geroaz kezkaturik

Datozen emanaldien berri emateko agerraldia baliatu zuen Jean Marie Broucaretek, konpainiak bizi duen egoera larriaz ohartarazteko. Antzerki taldeak Estatutik jasotzen zuen 70.000 euroko diru laguntza galdu egin du, eta ondorioz, Les Decouvertes egoitza erabiltzeko hilero ordaintzen duen 5.000 euroko alokairua ezin ordainduz dabil. Les Decouvertesen alokairu kontratua 2014ko uztailean bukatzekoa denez, eraikin hori utzi eta egoitza txikiago bat bilatzea pentsatzen ari dira. Broucaretek udaletxeei deia zabaldu zien alokairua ordaintzen lagun dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo