GARA > Idatzia > Kultura

Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoak, Gernika-Lumon eta Tolosan

p052_f02.jpg

A.A. | DONOSTIA

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen lehen itzuliko bi saio jokatuko dira asteburu honetan: gaur Gernika-Lumon lehenengoa, eta bihar Tolosan bigarrena. 24 bertsolari arituko dira lehen itzuli honetan, lau saiotan banatuta, eta horietatik hemezortzik egingo dute aurrera. Gainera, fase honetan batuko dira lehiaketara duela lau urte finalistak izan ziren sei bertsolari -Maialen Lujanbio zuzenean izango da BECen eta Andoni Egaña ez da aurkeztu aurten-.

Gaur, Gernika-Lumon, lehenengo saioa izango du Amets Arzallusek, 2009an bigarren postua eskuratu zuenak. 17.30etik aurrera, Jai-Alai pilotalekuan ondoan izango ditu kantuan Jokin Uranga, Jon Martin (Villabonako saioko irabazlea), Jone Uria, Julio Soto (Hendaiako saioko irabazlea) eta Nerea Elustondo. Aurkezle lanetan Bernar Mandaluniz arituko da.

Bihar, berriz, Unai Iturriaga izango da lehiara batuko dena. Tolosako Usabal pilotalekuan, gaurko ordu berean, Amaia Agirre, Etxahun Lekue (Oiongo saioko irabazlea), Igor Elortza (Legazpiko saioko irabazlea), Iñigo Mantzizidor «Mantxi» eta Jexux Mari Irazu izango dira kantuan eta Inaxio Usarraldek aurkeztuko du saioa.

Finalaurrekoek, kanporaketen antzera, ikusmin handia piztu dute, izan ere, asteburu honetako bi saioetarako sarrera guztiak bukatu dira jada. Ez dute txarteldegia irekiko, beraz.

Gernika-Lumon irabazten duen bertsolariak Elizondon azaroaren 23an jokatuko den saioan kantatzeko txartela eskuratuko du, eta Tolosan irabazten duenak, Donostian azaroaren 24an jokatuko denerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo