Nazioarteko musikariekin dakar «Tradition 2.1» Korrontzik, trikitixa nazioartera begira
Inoiz kanpoan etxean baino arreta handiagoa jaso izatearen sentipena izan duen Korrontzi folk taldeak urteak daramatza munduan zehar hara eta hona, 2008ko «Getxo» lanak nazioarteko ateak ireki zizkionetik.
Anartz BILBAO | BILBO
Korrontzi taldea Ander Hurtado de Saratxok (perkusioak), Kike Mora (baxuak) eta Alberto Rodriguez (gitarrak) musikariek eta Cesar Ibarretxe soinu ingeniariak osatzen dute, Agus Barandiaran trikitilariarekin batera -50 bat tresna ei ditu etxean-; bera da kanta guztien egilea. Azken honen esanetan, «2008ko `Getxo' lanak oihartzuna izan zuen Europan zehar eta ateak ireki zizkigun». Geroztik toki askotan jo izan du taldeak, Portugal, Italia... eta folk jaialdietan makina bat artistarekin oholtza partekatzearen poderioz, lagun egin ditu asko.
Lagun horietako askorekin emana da orain plazaratu berria duten «Tradition 2.1», Korrontzik nazioartean egin duen ibiliaren laburpen gisa. Ezohiko lan kosmopolita hogeita sei estudiotan grabatua izan da (Maruri, Zimbabwe, Ramallah, Manchester, Vigo...), eta hirurogei musikari ingururen parte-hartzea izan du. Zerrenda luze horretan asko dira gertuko artistak: Mikel Markez, Ibon Koteron, Alex Sardui, Mikel Urdangarin, Garikoitz Mendizabal...; eta beste horrenbeste atzerritarrak: Justin Vali, Tenores di Neoneli, Susana Seivane, Phil Cunningham... Eta kultur uztarketak nahasketa kuriosoak sortu ditu, «Portusalda» (Portugaldar mandolina eta porrusalda nahastuta) edo «Flamendango» (euskal trikitixa eta flamenkoaren arteko dema) kantak, esaterako.
Azken honetan Javier Limon sonatuak jotzen du gitarra; berau arduratu da lanaren post-produkzioaz -interes handia bide du berak «sustraidun musikak» izendatzen dituenetan-.
«Trikitixa eta euskal musikak ditugu muina; tradizioa ardatz izanda, softwareekin egiten den antzera, bertsio berri bat eskaini nahi izan dugu jaisteko», dio Barandiaranek, «eta ea toki askotan entzuten den».
Iazko aurreikusten zen lanak urtebete geroago ikusi du argia, «hiru urte luzeko lana izan baita, eta koordinaketa ahalegin izugarria», aitortzen du Baga-Biga etxeko Ritxi Aizpuruk; «bidaia eta hizkuntza asko dira hemen». Inbertsio ekonomikoa ere ez ei da makala izan. «Esfortzu handia egin du diskoetxeak baina trikitixaren munduan erreferentea dugu egun Korrontzi, eta ekarpen garrantzitsua dakar. Taldeak merezi zuen, eta kanpora begira behar du».
Luxuzko edizioa
«Tradition 2.1» luxuzko edizioan eman du Baga-Biga etxeak, hamasei kantuko diskoaz gain bi klip erakusten dituen DVD bat ere badu-eta, disko-liburu formatuan. Liburuxka ere konpletoa da oso; musikari zerrenda, kanten azalpen, letra eta argazkiez gain, adibidez, hiztegi bat ere badakar, valiha (Madagaskarko musika tresna) edo cantu a tenore (sardiniar kantu polifonikoa) ezagutu ditzagun guk, alboka edo fandangoa beraiek. Guztia ere lau hizkuntzatan (euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez).
Taldeak atzo aurkeztu zuen zuzenean lan berria, gonbidatu eta guzti, Basauriko Social Antzokian. Gaur Ordiziako plazan eta doan izango dira, 19.00etan hasiko den Sustraiez Blai jaialdian, Mercedes Peon eta Yacine & The Oriental Groovekin batera. Gero Brasilera joko dute, zuzenekoak emateaz gain baita soinu diatonikoaren eskolak emateko ere.
Ordizia: Gaur, Sustraiez Blai jaialdian.
Brasil: Redençoe, Aquiraz eta Pacatuba, azaroaren 13tik 15era.
Sopela: Azaroak 29, Kultur Etxean.
Durango: Abenduak 12, Plateruena Kafe Antzokian.
Urkabustaiz: Abenduak 21.