Igeldoko kontsulta egiteari bide eman dio EAEko Auzitegi Nagusiak
GARA | DONOSTIA
Igeldon desanexioaren inguruko kontsulta debekatzeko arrazoirik ez dagoela ebatzi zuen atzo EAEko Auzitegi Nagusiak, estatuaren abokatuak eginiko eskaria bertan behera utziz eta honek eskatutako neurri berezi guztiak baliogabetuz. Egoera honen aurrean, erabakia «zentzuzkoa» dela iritzi zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, «gizalegez eta legez» jokatu duela Auzitegi Nagusiak, eta ebazpenak arrazoi ematen diola, alegia, Igeldoko kontsulta erabat legezkoa dela.
Nagusiki, hiru arrazoi eman zituen epaileak bere ebazpena oinarritzeko. Lehena, Estatuaren abokatuak aitzakia gisa hartutako «urgentziazko» aferaren gainekoa da, oso behin-behineko kautelazko neurriak eskatu baitzituen honek. Horren aurrean, igandeko kontsulta bertan behera uzteko ohiz kanpoko urgentziarik ez duela ikusten ebatzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, kontsulta egitea pasa den irailaren 24an erabaki zelako eta gaur arte nahikoa denbora izan delako auzitara jotzeko.
Bigarrena, partaidetza prozesua garatzeko orduan Aldundiak erabili duen foru arauaren ingurukoa da. Herritarren Partaidetzaren gaineko 1/2010 Foru Araua balekoa dela aitortu zuen Auzitegi Nagusiak, «kontrakorik frogatu ezean». Hirugarrena, eta azkena, Estatuaren Abokatutzak eskatutako «inaudita parte» delakoaren ingurukoa da. Neurri hau ez dela neurrizkoa ebatzi zuen, «Aldundia babes judizialik gabe utziko lukeelako».
Ebazpen honek ez du errekurtsorik onartzen, igandeko kontsulta, beraz, bere horretan egingo da. Era berean, Estatuaren Abokatutzari, Aldundiari eta Batzar Nagusiei audientzia emango die epaileak, astelehenetik aurrera, hiru eguneko epean. Gauzak horrela, Igeldok auzo izaten jarraitu behar duen edo udalerri bihurtzea nahi duten adierazteko aukera izango dute 883 igeldotarrek igandean, «kontsulta normaltasun osoz egingo baita», adierazi zuen Aldundiak.