aizkora | Apustua
Zalduak eta Dorronsorok hasieratik atera zituzten aldeak
Amaieran, irabazleek hamabi minutu pasako tartea kendu zieten Esnaolari eta Imanol Berasategiri.
Jon LEUNDA
Xabier Dorronsorok eta Xabier Zalduak oso erraz irabazi zuten atzo Zegaman jokatu zen desafioa. Aurrean Imanol Berasategi eta Joxemari Esnaola izan zituzten, eta hamabi minutu pasako aldea kendu zieten. Jendeak, berriz, sekulako erantzuna eman zuen, 600 ikusle pasak bete egin baitzituzten Zegamako pilotalekuko harmailak.
Bikote bakoitzak hamalau 60 ontzako erdibitu behar izan zituen, eta plazara erdibana eraman zituzten. Alde bakoitzak 2.000 euro jokatu zituen dirutan. Ezin esan atzo Zegamara joan zen jendetzak ongi pasa zuenik, desafioak ez baitzuen inongo emoziorik izan.
Garaipena lortu zuen bikotea hasi zen aurreratzen, eta horrelaxe joan ziren saio osoan zehar. Lan erdietarako bi enborren tartea lortua zuten, eta ordurako dena erabakita zegoen. Bigarren zatian bi aizkolariak, Zaldua eta Dorronsoro, eroso aritu ziren aizkoran, eta bigarren zatian dena kontrolpean izan zuten, garaipen erosoa lortuz.
Lau aizkolarietan berriena Imanol Berasategi zen, eta berari buruz oso hitz onak entzun izan dira. Orain arte, ordea, ofizialki ez zen inoiz plazetan aritu, eta atzo ezin esan bere egunik onena izan zuenik.
Bukaera nahiko tristea izan zen, izan ere, jendeak gauza estuak edo alde txikiak ikusi nahi izaten ditu, baina ez zen horrelakorik izan atzo. Dorronsorok eta Zalduak lanak amaitu ostean, beste hamabi minutu itxaron behar izan zuten galtzaileen lana bukatzeko zain.
Honako hauek izan ziren Xabier Dorronsororen eta Xabier Zalduaren denborak: 2.02, 4.48, 7.52, 10.17, 13.00, 18.25, 18.04, 21.15, 24.07, 27.08, 30.06, 33.40, 36.45 eta 39.22. Berasategiren eta Esnaolaren denborak, berriz, honako hauek izan ziren: 2.49, 5.48, 9.15, 13.17, 18.10, 22.00, 25.48, 29.43, 34.02, 37.26, 40.53, 44.31, 47.56 eta 51.39.
Amaieran gustura zegoen Xabier Dorronsoro: «Egia esan oso lan ona egin dugu. Oso ongi prestatuta etorri gara, eta guk gure lana egin dugu. Jendearen erantzuna ere oso ona izan da, eta eskertzekoa da», esan zuen. Joxemari Esnaolak onartu zuen ez zutela irabazteko aukerarik izan. «Hasieratik geratu gara atzean, eta aukera gutxi izan ditugu, baina bukaerara arte saiatu gara. Berasategik ez du egun ona izan. Bera ezagutzen dutenek badakite gaur ez duela egin egin lezakeen erdia, baina azkenean gaurkoak balio du, eta hor ezin izan dugu irabazi», zioen.
Garbi dago apustuek badutela zerbait berezia, eta hori ikusleen artean ere nabaritzen da. Atzo Zegamako pilotalekuan izan zen giroa aparta zen, eta lau aizkolarien jarraitzaileek ez zuten hutsik egin. Denak ingurukoak izanda, oraindik eta giro beroagoa sortu zuen.
Aurtengo urtean, azkenaldian jokatu diren aizkora apusturik gehien jokatu dira. Atzokoa bosgarrena zen, baina oraindik beste bat ere geratzen da jokatzeko. Abenduaren amaieran neurtuko dira Tolosako zezen-plazan Xabier Zaldua eta Xabier Orbegozo Arria V.a.