GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-31
Zaurien ederra agertu duCastillo Suarezek
·«Bala hutsak» aurkeztu du, orain arte plazaratu dituen liburuetatik «sendoena»

«Bala hutsak» aurkeztu zuen atzo Castillo Suarezek. Liburua osatzen duten ia laurogei poemetan, altsasuarrak, ohi duen bezala, giza harremanez dihardu, zuzen eta sarri bortitza ere izan daitekeen estiloarekin. Bere barne zauriez mintzo da, baina inola ere ez pena emateko moduan, ironia eta, are gehiago, zinismo dosi handiekin baizik. «Bala hutsak» orain arte argitaratu dituen libururik «sendoena» dela uste du Castillo Suarezek berak.

DONOSTIA

«Eskatuko balidate liburu hau hitz gutxitan definitzea, nire azalean dauden orbanen erakustaldia dela esango nuke. Izan ere, zauri sakonek orbana uzten dute, eta nire ustez, orban horiek ez dute zertan itsusiak izan; areago, ederrak izan daitezke, zauri baten ondotik ez direlako gauzak berdin sentitzen, askoz ere biziagoak dira, eta askoz ere nabarmenagoak. Horretan datza orbanen edertasuna», esan zuen atzo Castillo Suarezek liburuaren aurkezpenean.

Liburua orban erakustaldia den arren, ez du «minaren exhibizionismoa» egin nahi izan. Beraz, irakurleak ez du egilearen «barne tragedia» poemetan islatuta aurkituko. Izan ere, Suarezek ez du literaturaren «balio terapeutikoan» sinesten. «Poetok galderak egiteko gaude, ez gure barne biografiaren berri emateko. Eta galdera horiek zenbat eta sujerentegoak izan, hobe», esan zuen.

Berarengan arrastoa utzi duten pertsona eta egoerak deskribatzen ditu Suarezek. Armario batean gordeta dauzkan «balak» dira. Tiradera ireki, balak banan-banan atera eta poema bihurtu ditu. Bala «hutsak» dira, ez dutelako inor hiltzen. Gehienez ere, zauri arinak sortzen dituzte. Eta arinak diren frogarik nabarmenena da «horiekin ere bizimodu normal samarra egin dezakegula, eta oharkabean ixten zaizkigula».

Horrekin lotuta, «galeraren ideia» liburuan oso presente dagoela nabarmendu zuen egileak. Baina galera ez du Suarezek hondamendi gisa ulertzen. «Galtzen diren gauzak inportanteak izan daitezke, baina ez ezinbestekoak». Horregatik liburua ez dago «minetik idatzita, distantziatik baizik», eta «harrotasun» puntu batekin, gainera, galerak sufrituta ere, aurrera egiteko gauza delako.

Suarezen aurreko lanetan bezala, “Bala hutsak” liburuaren estiloa zuzena da eta metaforetatik urruti dago. «Saiatzen naiz ideiak eta hitzak ahalik eta modurik ausartenean konbinatzen, baina hari narratiboa galdu gabe», adierazi zuen. Umorea erabiltzen ere jarraitzen du, «irakurlea seduzitzeko armarik onena» iruditzen zaiolako.

Ironiatik zinismora

Umorea, sarri, ironiaren bidetik dator, baina ironia zinismo ere bihur daiteke. Hori esan zuen, behintzat, atzo Castillo Suarezekin batean egon zen Jon Benitok. Benitok ohartarazi zuenez, Suarezen poemetan, askotan, «mendeku nahia», «amorru gaiztoa» edo «erresumin bat» islatzen dira.

Xabier Mendiguren Elkarreko argitaratzaileak ere parte hartu zuen aurkezpenean. Suarezen poemetan, «adierazpenaren sendotasuna eta bortiztasuna» nabarmendu zituen. «Eslo- gan publizitarioen indarra dute», esan zuen. «Airean enigma baten anbiguotasuna ere uzten dute», gehitu zuen.



Balak eta aspirinak
Jon BENITO | IDAZLEA

“Bala hutsak” izena du liburuak, baina ez dakit zergatik su-eten garaiotan, zerbait inofentsiboagoa, ez hain oldarkorra, etorri zait gogora liburua irakurtzen ari nintzela. Aspirinak ekarri dizkit gogora liburu honek. Zergatik? Aspirinak bezain eferbeszenteak direlako poemok. Irakurri ahala disolbatu egiten dira. Hasieran konpaktuak dira eta gero, desegiten doaz, galtzen.

Esan nahi dut, lehen irakurrian indar handiko poemak direla. Lehen inpaktu horretan dutela indarra. Slogan publizitarioen antza dute horretan. Lehen sintomei erantzuten diete, aspirinek bezala. Eta hori dute ona. Aspirinek eta tituluko balek hor dute, izatekotan, antzik gehien, lehen kolpe horretan. Biak zaurira doaz: batek zauria egin nahi, besteak zauria osatu.

Aspirinen antza dutela esan dut, sintomei eragiten dietela. Garaiko gaiei heltzen die poemotan Castillok: harremanak egiteko eta mantentzeko zailtasunei, komunikatzeko ezintasunari, galtzearen ideiari, errealitateari (ideiari eta kosk egiten duenari). «Bizitzan ia ezer ez da perfektua», esaten du poema batean. Eta inperfekzio zerrenda egiten duela dirudi ia ehun orritan. Ilusiotik aspaldi erori zen Castillo.

Beste poema batean dio, «sentimendu amaituen historia dira poema guztiak». Aspirinak uretan disolbatzen diren bezala, disolbatzen direlako sentimenduak, objektuak, oroitzapenak, ilusioak. Galkortasun horren kontzientzia dago liburu honetan. Sarrera lanak egiten dituen Elisabeth Bishop-en poematik hasita.

Aspirinak aipatu ditut. Aspirinak, mina dagoela. Ez dakit buruko mina, hotzeria edo bihotzekoa. Liburu honetan, amorruz barru-barrutik idatzitako poemak daude. Tituluak, gogoratu, balei egiten die erreferentzia. Poema batean dio: «Poema batek tiro bat bezalakoa izan beharko luke». Min egitera idatzia, alegia.

Baina esango nuke, amorru hori kirurgikoa dela liburuan. Poema kirurgikoki zehatzak direla. Hoztasunez disekzionatzen ditu gorago aipatutako gaitzak. Poemei sentimendua kendu nahiko balie bezala da. Konposatu kimikoa aztertuko balu bezala: maitasunak zenbat du ilusiotik, errutinatik, engainutik esaten dizu. Hotz, bisturiarekin sartzen da, zuzen. Zuzenegi askotan. Zinismoz. Jakinda min egingo duela. Irakurleak ez dakizkien gauza asko jakinda. «Idaztea gure buruaz beste egitea da, epeka», dio poema batean.

Azkenean, giza harremanak, garaiotan saldu eta erosi egiten dira. Plastikozkoak dira, trukagarriak eta galkorrak dira. Eta hala kontatzen du. Bikotekidea galtzea ez da liburu bat galtzea baino garrantzitsuagoa. Objektu bat da, besterik gabe. Ohean utzitako hutsunea ordezkatuko da nola edo hala. Ez dago Castilloren poemetan erromantizismo txolinarentzat lekurik.

Bala hutsek ez dute inor hil nahi. Arrastoa utzi nahi dute.

Min gehiegi eginez gero, zauri sakonegia egiten badute, badakizue: aspirinak hartu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El Estatut de la Moncloa
Jendartea
Las alteraciones morfológicas lastran los tratamientos
Euskal Herria
«Apirilaren 1ean, Bilbon dugu hitzordua»
Ekonomia
La plantilla de VW decide seguir con las movilizaciones
Mundua
ERC cree que el Estatut aprobado es «bueno para una región, pero no para una nación»
Mundua
El Consejo de Seguridad pone plazo a Irán para que ceda a las presiones
Mundua
Bagdad, el paraíso de los escuadrones de la muerte
Mundua
Europa central, en estado de alerta por las riadas
Kultura
El diario personal de Barandiaran desvela aspectos inéditos de su vida
Kirolak
El Akaba Bera Bera dio la primera sorpresa eliminando al campeón
Euskal Herria
«Este es un proceso de lucha»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea