GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-04-05
Inazio ARREGI | Tokiko Elkarteko lehendakaria eta GoiTBko zuzendaria
«Guretzat dakarren exijentziak kezkatzen gaitu»

Busturialdeko Irrati Telebista, Urdaibai Telebista, Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea (GoiTB), Goierri Telebista, Telezerbitzuak, Zarautz Telebista, Ttipi-Ttapa Fundazioa, Xaloa Telebista eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa biltzen ditu 2005ean sortutako Tokiko Elkarteak. Asmo garbia du: indarrak batzea batzuen eta besteen aurrean eragin ahal izateko.

­Zergatik sortu duzue Tokiko Elkartea?

Euskarazko hainbat tokiko telebistak sortu genuen. Gutxi eta ahulak ginela ikusirik, bakarka eduki genezakeen ibilbidea oso txikia zen. Bildu beharra zegoela ikusi genuen, bai programa berriak egiteko eta trukatzeko, bai administrazioaren aurrean interlokuzioa lortzeko eta bai hornitzaileen aurrean erosketak egin ahal izateko, besteren artean.

­Lurreko Telebista Digitalak zer kezka sortu ditu euskarazko tokiko telebistetan?

Guretzat dakarren exijentziak kezkatzen gaitu. Produkzio serioa eskatzen digu, ekoizpen maila beste edozein telebistari exijitzen zaiona delako. Tele5i edo EiTBri eskatzen zaion berdina eskatzen zaigu guri. Eta neurriak hartzen ez baldin badira, gure proiektua asko garestituko da.

­Orain kate analogiko bat kabitzen den tokian gero lau digital sartuko dira. Kateak ugaritzeak kezkatzen al zaituzte?

Agian kalte pitin bat eragingo digu, baina ez dugu pentsatzen kalte handiena tokikoei eragingo digunik. Bestelako kateak berrehun baldin badauzkazu, zailagoa da aukeratzen. Baina etxekoa bakarra baldin badaukazu, bada, hori ikusiko duzu. Alde horretatik, ez diogu beldur handirik, gehiago kezkatzen gaitu exijitzen zaizkigun produkzioak eta hedapenak ekarriko duten kostuak.

­Zein exijentzia dira horiek?

Badirudi, guri astean ekoizpen propioen 32 ordu exijituko zaizkigula, beste tokiko telebistei bezala, baina Jaurlaritzak euskaraz emititzen dugunokin diskriminazio positiboa edukiko duela ematen du. Hartara, 32 ordu horietatik %40 guk propio ekoitzitakoak izateko eskatuko digu eta gainontzekoa geure artean ekoizpenak trukatuz bete ahal izango dugu. %60 elkarlanean egin ahal izango dugu euskaraz emititzen dugunok.

­Orain zenbat ordu emititzen duzue GoiTBn adibidez?

Errepikapenak-eta kontuan hartuta, egunean 12 ordu emititzen ditugu. Ordu horietan batzuk guk ekoitzitakoak dira, beste batzuk ETBrekin daukagun tratu baten bidez prezio merkean lortutako ekoizpenak dira eta beste batzuk tokiko beste telebistek egindakoak. Eta errepikapenak barne.

­Ekoizpen propioekin hainbeste ordu bete beharrak gastu handia al dakar zuentzat?

Bai, edo beste era bateko telebista egitera behartzen gaitu: estudioko ordu gehiago, elkarrizketa gehiago barnean... ekoizpen merkeko programa gehiago egin beharko ditugu.

­Egunotan hizpide da euskarak Lurreko Telebista Digitalean izan beharko lukeen tartea. Lakuak ere dekretu zirriborroa atera du. Zer deritzozu horri?

Tokiko bere bazkideen interesak zaintzeko elkarte bat da. Lakuari eskatu genion egongo diren lau kanaletatik bat euskara hutseko telebista bat sortzeko gordetzeko, eta beste hirurak elebidunak izateko. Horretaz gainera, proposatu genion eskualde bakoitzeko euskaldunen eta ia euskaldunen araberakoa izatea euskararen portzentaia. Ez dugu lortu. Lakuak gutxieneko batzuk jarri ditu eskualde bakoitzerako, baina ez du zehaztu kanal bat euskara hutsekoa izango denik. Hala ere, ikusiko dugu azkenean nola banatzen diren esleipenak.

­Hanka-motza da, beraz, Lakuaren dekretu proposamena.

Guk eskatzen genuen aldetik esan daiteke hanka-motza dela. Baina, beste alde batetik, eta betetzen baldin bada, ez da gauza txarra izango gaur arte erdara hutsean aritu diren tokiko telebistak hainbat ordu euskaraz emititzera behartuta egotea.

­Gainerakoan, digitalizazioak aldaketa handia eskatzen al dizue azpiegituran?

Ez. Digitalizazioa aurretik ikusten zen gauza bat da eta gaur egun telebista gehienetan sistema binarioan egiten da lan. Bizpahiru ordenagailurekin gauza mordoa egin daiteke, lehen askozaz garestiagoak eta zailagoak zirenak. Berez abantailak ekarri ditu eta tokiko telebistak dagoeneko digitalean ari gara barruan lanean. Beste gauza bat da emititu oraingoz analogikoan egin behar dugula. Digitalizazioak aukera mordoa eskaintzen du eta horietaraino iristeko oraindik bide luzea egin behar dugu, baina ikasiko ditugu horiek ere. Inbertsioak ere egin beharko ditugu, baina epe luzean digitala merkeagoa da.

­Telebista hobea ikusiko dugu?

Bai, duda barik. Eta emisioa bera hobea izango da; irudia eta soinua hobeak izango dira. Horrez gain, denborarekin ikusiko dugunez, interaktibitatea handiagoa izango da; telebista Internet bidez ikusi ahal izango da...

­Euskarazko tokiko telebisten kasuan, zein etorkizun dutela uste duzu?

Orain kasu batzuetan nahiko egoera kaskarra da, Nafarroan bereziki; lizentziarik ez dute ezta lortzeko aukerarik ere. Besteek egoera ekonomiko nahiko txarra bizi dute, telebista garestia da eta tokikoen kasuan ekoizpen propio handia dago. Diru-laguntzak orain arte nahiko murritzak izan dira, gainera. Orain gutxi gara, baina aurrerantzean gehiago izango gara segur aski eta diru-laguntza horiek banatu egin beharko dira. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Madrid y Lakua se dejan «las puertas abiertas»
Mundua
Hallan muerto de un tiro al espía que informaba desde la cúpula de Sinn Féin
Ekonomia
Bosgarrengoz, milaka ikasle eta langile karrikaratu zen Baionan CPEren aurka
Kirolak
Samuel Sánchez acierta en Segura
Jendartea
Lurreko Telebista Digitala ate joka dago, eta oraindik ez daki ondo euskaraz
Euskal Herria
Batasuna presentará el domingo en el Kursaal su oferta política renovada
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea