GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-04-05
Bosgarrengoz, milaka ikasle eta langile karrikaratu zen Baionan CPEren aurka
Eta bost. Lehen Lan Kontratua (LLK) dela-eta, sindikatu eta ikasle erakundeek gobernuarekin duten norgehiagokan, atzo ere milaka lagun kaleratu zen. Baionan, joan den asteartean baino zerbait gehiago. Lanuzteak, ordea, eskasagoak izan ziren. UMP taldeko parlamentariei LLK erretiratzeko exijitzen diete ezer negoziatu hasi aitzin.

BAIONA

Duela hilabete eta erdiz geroztik, irudi bertsua errepikatzen ari da Baionako karriketan. Hori bai, jende kopurua handitzen joan da. Atzo ­bosgarrena­, 12.000 manifestarik blaitu zuten Lapurdiko hiriburuko erdigunea Parisko Gobernuari Lehen Lan Kontratua (LLK-CPE) bertan behera utz dezala eskatzeko. Goizeko 10.30erako jendea pilatzen hasi zen Saint Ursule plazan, tartean gazte ugari, langile sindikatu guztiek, ikasle, gazte eta guraso elkarteek ere egindako deialdiari jarraiki. Ezker esparruko alderdi eta mugimenduak ere atxiki zitzaien deialdiari.

Joan den asteartekoan egin moduan, ibilaldia Errobi erreka bazterretatik egin zuten Baiona handiko eremua zeharkatuta; herriko etxera heldu ziren. Handik ikus zitekeen oraindik Saint Espriteko zubian ibilaldia hasi berri zuen manifestari andana. Pankarta nagusian zihoazenak herriko etxeari itzuli osoa egin zioten erakundea sinbolikoki inguratzen zutela irudikatu nahian.

Handik suprefeturako bidea hartu zuten. Gazteak errepidean eseraldia egiten saiatu ziren, baina, bertaratzen zen jende-uholdea zela-eta, laster batean altxatu behar izan zuten. Halere, LLKren aurkako abesti, lelo eta txistualdi zalapartatsuek ez zuten etenik izan. Suprefeturako sarreran dauden hesiak eta garitak, berriz, eranskailuz josita geratu ziren.

Bilera Grenetekin

Bien bitartean, CFDT-Pays Basque, CGT, FO, CFTC, UNSA eta FSU sindikatuko ordezkari bana eta ikasleen beste bi hartu zituen Jean Grenet diputatuak. Baionako auzapezak entzun entzun ziela esan zuen Jean-Baptiste Etcheto CFDTko buruzagiak «baina ikusteke dago jaramonik egingo dien».

Bilerak hiru ordu laurden iraun zuen eta une batzuetan, «ezbai bizi-bizian» aritu zirela adierazi zuen:«Hasieran oso era erradikalean aritu zitzaigun ugazabak gizatxartzat hartzea leporatzen eta gazteei lana emateko LLKren onurak goraipatzen. Halere, de Villepinek erabilitako formak kritikatu zituen eta, gerora, muinari heldu genionean, zenbait puntutan gure argudioak ontzat eman zituen. Asanblea Nazionalak protestak kontuan hartuko dituela esan zigun». Arratsaldeko 14.00etan Donibane Lohizunen blokatutako Ravel lizeoko ikasleek ere manifestazioa egin zuten eta, Baionako campusean, berriz, LLKren kontrako gaualdia antolatuta zeukaten.



Lege onartu berria indargabetzeko eskatu dute hitz egiten hasteko

BAIONA

Atzo gehien oihukatutako leloa Pas de negociation sans abrogation (indargabetzerik gabe negoziaziorik ez) izan zen. Asanblea Nazionaleko eta Senatuko UMPko taldeburuek hartu dute bere gain herenegun bertan indarrean sartu zuten legea birmoldatzeko lana, eta, ezer baino lehen, eragile guztiekin negoziazioak hasiko dituztela esan dute. Alta, manifestarien aldarrikapenen arabera, LLK erabat baztertzea ezinbestekoa litzateke hitz egiten hasterako.

Horixe bera exijitzen diote sindikatuek Gobernuari. Izan ere, ez dute ulertzen «ia hilda dagoen legea» zergatik ofizialki indarrean jarri duten, eta ez dira fio. Horrenbestez, ez dela aplikatuko ziurtatu nahi dute hitz egitera eseri baino lehen.

Lanuzteak, joan den asteartean baino eskasagoak izan ziren oro har, sektore publikoko langile gutxiago inplikatu zelako. Hegaldi hainbat bertan behera geratu ziren eta ibilaldi luzeko trenen bi heren normal aritu ziren. Ipar Euskal Herrian, komunikabide batzuek ez zuten lanik egin (“Le Journal” ez zen kaleratu, “Sud-Ouest” ez zen banatu) edo emankizun gutxiago egin zuten. Hezkuntza izan zen, nola ez, gorabehera handien jasan zituen esparrua.

Horrenbestez, manifestazioetan izandako parte-hartzea bilakatu zen presiobide nagusia. 190 hiritan egin zituzten, eta, jendetsuena Parisen izan zen, sindikatuen esanetan, «joan den asteartekoaren adinakoa».

Orduan bezala, 4.000 jendarmek eta poliziakidek inguraturik burutu zen manifestazioa, eta pasabidean dauden dendak itxita egon ziren.



Mobilizatzen jarraitu, Parisek egingo duenari behatzen

BAIONA

Baionako campusean atzo egindako batzarrean parte hartu zuten 200 ikaslek hainbat ekimen erabaki zituzten datozen egunetarako. Besteren artean, Donibane Lohizunen blokatuta dauden Ramiro Arrue eta Ravel lizeoetako ikasleekin batera ostegun arratsaldean manifestazioa egingo dute han bertan.

Egun, Baionako Louis de Foix da blokatuta dagoen beste lizeoa, eta Cassin eta Bernat Etxeparen neurri hori hartzea ere planteatzen ari dira.

Aurreragorako beste mobilizazio batzuk aurrez ikusi dituzte baina Gobernuak egiten duenaren arabera egikarituko dituzte. Gainera, oporrak hurbiltzen ari direnez gero, tarte horretan zer egin dezaketen aztertzen ari dira.

Talde berria

LLKren inguruan Baionako campusean egin diren ekimenak siglarik gabeko batzarretan erabaki izan dira eta atzo ere hala izan zen. Duela egun batzuk, ordea, Ikasleen Konfederazioa (Confederation etudiantine) sortu dute, Baionako eta Paueko campusetan.

Beren helburua ez dela soilik LLK erretiratzeko borrokatzea esan dute: «Ikasleei dagozkien beste gai guztietan ere inplikatzea baizik, hala nola, bekak, Erasmus programa, irakasleekin izan beharreko harremanak, ikastetxeen eta ikasketen antolaketaz, eta abarrez».

Horrez gain, inolako lotura politikorik ez duela aldarrikatzen duen konfederazioak lizeotan ere eragiteko asmoa azaldu du:«Haiei ere dagokien biltzeko eskubidea, bederen, errespetatua izan dadin laguntzen diegu». 


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Madrid y Lakua se dejan «las puertas abiertas»
Mundua
Hallan muerto de un tiro al espía que informaba desde la cúpula de Sinn Féin
Ekonomia
Bosgarrengoz, milaka ikasle eta langile karrikaratu zen Baionan CPEren aurka
Kirolak
Samuel Sánchez acierta en Segura
Jendartea
Lurreko Telebista Digitala ate joka dago, eta oraindik ez daki ondo euskaraz
Euskal Herria
Batasuna presentará el domingo en el Kursaal su oferta política renovada
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea