GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Editoriala 2006-07-02
Palestina zaurituta eta bakartuta

Egunotan Palestinan, Gazako Zerrendan, hain zuzen, «krisi humanitarioaren» arrisku bizia dagoela entzun eta irakurri dugu. Argirik gabe, ur eskasian, munduan bakarturik daude hango bizilagunak. Baina egoera larri hori ez da sortu lurrikara edo mendebalen baten ondorioz, ez da sortu fenomeno natural baten eraginez. Gazako herritarrak Israelgo Armadak eraman ditu hondamendira ondo planifikatutako operazio militar bat eginda; zentral elektrikoak suntsitu, zubiak bonbardatu... Arrazoia, edota aitzakia, Armada hartako soldadu baten bahiketa.

Izango da sinisten duenik Israelgo agintariak biziki kezkatuta dituela soldadu horren biziak, baina sobera ezagunak dira operazio gogor horien emaitzak halako kasuetan, baita bahituentzat ere. Izan ere, indar politiko palestinarrek gutxiengo akordio bat lortu duten unean egin du Israelek erasoa.

Ez da berria Israelek ez duela palestinarren arteko konponbiderik nahi, are gutxiago Palestinako Aginte Nazionalean Hamas egotea, eta testuinguru horretan ulertu behar da operazio militar gogor hau eta Palestinako Gobernuko eta Kontseilu Legegileko hainbat kide, hala nola, alkateak eta bestelako hautetsiak atxilotu izana.

Israelen jokaera horrek, jakina, Mendebaldeko estatuen babes osoa du, agerian edota beren jarreraren bidez erakutsia. Gaza eta Zisjordaniako palestinar gehienek egun indarrean dagoen Hamasen Gobernuari eman zioten beren boza ohiko ­hau da, mendebaldar­ demokrazien «joko-arauen» arabera; hala ere, hautestontzietatik ateratako Gobernua gustuko izan ez eta arbuiatu eta boikoteatu egin dute. Bestetik, ondo aztertu beharko litzateke zergatik gizarte palestinarra Hamas edo Jihad bezalako mugimenduetara lerratu den, eta tradizio handia zuten beste batzuk ez diren nabarmentzen gizarte hartan, haren ezaugarrietako bat laikotasuna izan baita. Ondo aztertu beharko lirateke barne eta kanpo faktoreak. Eta, beharbada, beste galdera baten erantzuna aurkituko genuke. Zergatik Palestinako herriak eman zion boza Gobernu horri ondoren zetorkiena sumatuta edo jakinda.

Nazioarteko boikota aipatzean badirudi munduko herritarrak direla boikot horren erantzuleak. Baina ez. Estatuak dira, gobernuak dira. Eta hori etikaz, elkartasunez eta mendebaldean aldarrikatzen diren balio askoren alde, salatzekoa da guztiz; inori boikot egitekotan, aspaldi luzetik nazioarteko legedia errespetatzen ez duenari egin beharko litzaioke. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
ADB:«Zapatero ha protagonizado una buena noticia»
Mundua
Masacre en un mercado chií de Bagdad
Kultura
Globalizazioaren kontrako kultura
Kirolak
Se repite el guión de hace dos años
Kirolak
Francia rememora sus buenos tiempos eliminando a Brasil
Euskal Herria
«La geografía política de la solución es la autodeterminación»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss