GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-02
EH ZUZENEAN JAIALDIA IDAUZE-MENDIN
Globalizazioaren kontrako kultura
Musikaren eta antzerkiaren arrakastarekin hasi zen jaialdiaren bigarren eguna. Jose Boveren hitzaldia izan zen eguzkiak eguna argitzen zuen bitartean ekitaldirik jendetsuena. Musikak eta edari biologikoek egunaren berotasuna hobeki eramaten lagundu zieten Idauze-Mendira joan ziren bestalariei. Dionysos, Les Têtes Raides eta Berri Txarrak izan ziren atzoko musika izarrak.

Jose Boverekin batera Laborantza Ganberako Francis Poineauk eta Afrika Berdea Mali egitasmoko koordinatzaile Zainabou Tourek jendea bi ordu eta erdiz tokian egokitzea lortu zuten. Atzoko pario handienetarikoa izan zen hitzaldi horrek antolatzaileak pozik utzi zituen, aurtengo jaialdiaren egitura aldaketaren erakusle izan baitzen. «Gustura gaude aldaketarekin, joan den urtean handiegia zen, orain giroa goxoagoa eta tinkoagoa da», adierazi zuen lanen koordinaketan aritu zen Patxik. Gaueko plangintza, aldiz, guztiz bestelakoa izan zen, musikaren inguruan antolatua; Dionysos talde arrakastatsua, Les Têtes Raides eta Berri Txarrak euskaldunak izan ziren gaueko giroa berotu zutenak.

Egunean zehar gutxi zen berotzekoa, eguzkiak ongi egin baitzuen lana, eta festalarien gehiengoak garagardo eta zuku biologikoen laguntzara jo zuen, urria zen itzalera bezain beste. Mendi kotako ibaira bainatzera joan zirenak ere izan ziren. Azken hori goiz partean egin zuten gehienbat, arratsalde partean gustu guztietarako ikusgarriak izan baitziren, musika elektroniko kontzertuak, trikiti giroa animatzeko, nahiz eta jendea dantzara erakartzea ez zuten lortu; antzerkiak ere izan ziren. Elefunkmaneko gitarra-jotzaileek eta tronpetalariek, aldiz, baita gazteria dantzan jartzea lortu zuten Femmouzes Tko neskek ere.

«Taldeetako batzuk egiten duten musika ez da sobera nire gustukoa, baina hona jaia egitera etorri gara, eta musika dantzagarria den bitartean pozik gara, bai ni eta bai nire lagunak», azaldu zuen Lapurdiko kostaldetik etorri zen 23 urteko neska batek. Ez ziren denak hain forma onean aurkitzen, kanpin-denden ondoko bidean honakoa ere entzun baitzitekeen: «Azkenean nire denda aurkitu dut, eskerrak, banoa pixka bat etzatera». Kanpina jartzeko eremura jende asko joan zen ostiraletik, eta egokitua zegoen tokia handitu egin behar izan zuten.

Dantzez eta loaldiez gain, hitzordu nagusia Jose Bovek eskaini zuen hitzaldia izan zen. Aurten antolatzaileek hitzaldi anitz antolatu beharrean handi eta on bat egitea erabaki dute, horregatik hitzaldiak iraun zuen bitartean ez zen bestelako animaziorik izan. Azken horiek oso pozik agertu ziren jendeak bi ordu baino gehiago eman baitzuen hitzaldia interesez entzuten. Aldi berean, koordinazio lanetan ari zen Maiderrek gazteen presentzia ere nabarmendu zuen: «Beste urteetan baino gazte gehiago izan dira, hitzaldia oso arrakastatsua izan da bukaeraraino». Entzuleen interesaren seinale izan ziren galdera anitz pausatu zituzten.

Ez zen gutxiagorako, Jose Bovek munduaren globalizazioaz, multinazionalen botereaz, laborarien egoerara eman zituen azalpenetan borrokarako pisuzko arrazoiak eskaini baitzituen. Via Campesinako bozeramaileak inongo paperen laguntzarik gabe emozioz eta datuz beteriko hitzaldia eskaini zuen World Companyren kontra borrokatzeko. Bestelako kultura baten alde, ingurumenarekiko errespetuaren, herrien erabakitzeko aukeraren alde egiten duten eta NMFren eta multinazionalen boterearen kontra agertu zen.

Boverekin batera Laborantza Ganberako Francis Poineau Ipar Euskal Herrian ganberak egiten duen borrokari buruz mintzatu zen. Ingurumena errespetatzen duen nekazaritzaren alde agertu zen, eta laborariei independentzia gehiago izatea gustatuko litzaiekeela adierazi zuen.

Europatik haragoko ikuspegia eskaintzen Zaïnabou Toure izan zen. Afrika Berdea Maliko egitasmoko koordinatzaileak Maliko Taboyen emakumeen elkarteetan egiten duten lanaren berri eman zuen. Herritik beretik sortutako egitasmo hori elikaduraren segurtasuna epe luzera hobetzeko eskari eta eskaintzaren merkatuaren barnean sartzen da.

Antzerkia

Baina, ez ziren hitzaldiak soilik izan Euskal Herria Zuzenean-en ikusgai. Antzerkian Tokia taldeak lan ederra egin zuen bai ostiralean baita atzo ere. Ostiralean Idauze-Mendiko larreak animazioekin «argitu» zituzten. Trikimakoekin eta suzko erremintekin bestalariak erakartzea lortu zuten ostiralean, ibilbidean zehar jendea atzetik izan zuten.

Atzokoan, aldiz, eguneko arima erreibindikatiboari lotutako bestelako ikuskizun bat egin zuten Tokia taldeko antzezleek. Aldi berean, jendearen parte hartzea bilatu zuten planteatutako arazoari konponbidea bilatzeko. Zuberoan eta orokorrean Euskal Herrian asko ikusten den kasu baten inguruan antzerki-eztabaida proposatu zuten. Erretretadun bikote batek semearen eskaera jasotzen zuen familiako betiko etxea sal zezaten, semeak berak bizitzeko etxe bat erosi ahal izateko. Egoeraren antzezpen txiki bat egin ondoren, ikusleen proposamenak eskatu zituzten, eta jendea agertokiaren gainera igo zen norberak bere ideiak plazaratzeko.

Dionysos

Frantses Estatuaren iparraldetik orduetako ibilbidea egin eta gero ailegatu ziren Dionysos taldeko kideak arratsaldeko seietan, gauerdian eman behar zuten kontzerturako pixka bat pausatu ahal izateko. Bost mutilez eta neska batez osatutako talde frantsesa arrakasta handia biltzen ari da bere bosgarren diskoarekin, eta atzo gaueko talderik garrantzitsuenen artean egon da.

Interesa erakutsi zuten taldeko kideek Euskal Herria Zuzenean jaialdian jotzeko. Matias Malzieu kantariak honakoa adierazi zuen: «Jaialdi honek duen ideologia gustatzen zait, taldeen estiloak anitzak izatea. Alde batetik, txapelarekin izatea mendi tartean, baina, aldi berean, espirituarekin. Horrek ekartzen baitu arrakasta». Euskal Herria aski ongi ezagutzen du Matiasek, bere lehen liburua Ziburuko argitaletxe batean atera baitzuen, eta hemengo kostaldean surf egiten izan baita behin baino gehiagotan.

«Jaialdi honetan aurkeztu digutena asko gustatu zaigu», esan zuen Idauze-Mendiko larreetan egotearen emozioa azaltzeko. Aldi berean, kontzertuek taldekideengan sortzen duen emozioa ere aipatu zuen: «Kontzertuek elkarrekin jotzeko aukera ematen digute, baina agertokian erakusten dugun indarraren parte handi bat gure kantuek ematen digute». Taldearen ideietako bat ikusleek interesa erakusten dutenean haiek ere mailara egotea da: «Daukagun guztia eman behar dugu ikusleek erantzuten dutelarik. Batzuetan une magiko txiki batzuk sortzen dira, eta gu horren beha izaten gara», azaldu zuen Malzieuk. Hain zuzen, une horietako bat Zuberoako jaialdian izatea nahi dutela adierazi zuten Dionysos taldeko kideek.

Ken zazpi

Adin guztietako jendea joan zen ostiralean Ken Zazpi, Didier Super, Babylon Circus eta Groundation taldeak protagonista izan zituen gaualdira. Hasiera ederra eman zioten bizkaitarrek Zuberoako jaialdiari. Koordinatzaile lanetan aritu zen Maiderrek antolatzaileen artean zegoen pozaren berri eman zuen. Hasiera polita izan zen, eta horrela kontatu zuen gauaren joana: «Ostiralean jendea anitz goiz etorri zen. Kontzertuetan Didier Superrekin jendea etortzen hasi zen, eta Ken Zazpi izan zen arrakastatsuena, han bildu zen jende gehien. Gainera, familia asko ere bazeuden, ez bakarrik jende gaztea». Geroko taldeen giroari buruz hau esan zuen: «Babylon Circus taldekoek beren musika alaiarekin eta Groundationekoek regaerekin ikusleen parte hartzea handia izatea lortu zuten».

Elkarteen herrixka

Elkarteen herrixka atzo ireki zen. Hasi eta bukatzen diren etengabeko ekitaldiez gain, herrixkan hainbat elkarteren lana ezagutzeko aukera ere eman zuen jaialdiak etengabe. Ideia eta lan oso ezberdinetako elkarteak ziren Presoen aldeko elkarteekin batera Euskal Herriarentzat demokrazia eskatu zutenak. Demoak eta Anaram ò Patac talde okzitaniarra ere han ziren. Ingurumena zaintzearen alde agertzen den Greenpeace talde handiak herriko beste iniziatiba batzuk zituen lagun; Zuberoan konpostatzearen alde egiten duen taldea edota itsasoak zaintzeren aldekoa.

Hiesaren kontrako borrokan aritzen den Aides elkarteak stand handi bat ezarri zuen jendearen kontzientziak pizteko. Bertan 24 minutuz zeropositibo baten bizia bizitzea proposatzen zuten. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
ADB:«Zapatero ha protagonizado una buena noticia»
Mundua
Masacre en un mercado chií de Bagdad
Kultura
Globalizazioaren kontrako kultura
Kirolak
Se repite el guión de hace dos años
Kirolak
Francia rememora sus buenos tiempos eliminando a Brasil
Euskal Herria
«La geografía política de la solución es la autodeterminación»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss