GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-08-06
Kolore bizi-biziko «oihartzunez»bete du Iñaki Epeldek Ekain galeria
«Oihartzunak» izenburua duen erakusketa inauguratu berri du Iñaki Epelde tolosarrak Donostiako Ekain galerian. Guztira, hogeita hamalau irudi jarri ditu ikusgai, azken hiru urteotan egin duen lanaren adierazle. Gehientsuenak mihise gaineko olioak eta paper gaineko akuarelak dira, eta guztietan islatzen da, betiere abangoardia klasikoak kontuan izanik, Epeldek hartu duen bide eklektikoa. Kolore bizi-biziak darabiltza, ikuslearekiko harremana lehen begi kolpetik estutu nahian-edo.

DONOSTIA

Epelderen margolanak abstraktuak dira, baina ikusleak hainbat irudi geometriko ere erraz aurkituko ditu. Izan ere, abstrakzioa eta figurazioa «nahiko lotuta» ikusten ditu tolosarrak.

Ikuslearekiko harremana lehen begi kolpetik estutu nahian-edo, kolore bizi-biziak darabiltza. «Hori oso abangoardiakoa dela pentsa dezakete batzuek, baina erromanikoaren garaikoa ere bada», adierazi dio GARAri. «Bolada luze batean kolore bizia sartzeari beldurra izan zaio eta, lanari seriotasuna edo sakontasuna eman nahian-edo, kolore ilunetara jo da, beharbada existentzialismoaren eraginez. Baina gorria, horia edo urdina horren bizi erabiltzeak ez dio lanari garrantzirik kentzen. Eman ere ez dio berez emanten, jakina, baina kendu, ez dio kentzen», azaldu du.

Erakusketari “Oihartzunak” izenburua ipini dio bere lanen bidez ikusleengan «oihartzun bisual antzeko sentsazioak» sortu nahi dituelako. Ideia argitzeko adibidea ipini du: «Menditik bueltan, mendiaz dugun oroitzapena ez da argazki bat bezalakoa. Izan ere, gure oroitzapenean igotzeko nekea, izerdia, gailurra, bidean ikusitako ardi hilaren hezurrak eta beste nahasten dira. Bada, gauza horien guztien oihartzuna bisualki islatzen saiatzen naiz».

Horretarako, eta oihartzun hori ikusleengana helarazteko, «truku batzuk» badira. «Pintura ez da hizkuntza bat, baina badu hizkuntzatik zerbait. Esaterako, marra horizontalek paisaiaren ideia adierazi ohi dute; multzo biribilek, berriz, izadi hilarena». Funtsean, «giltzarri» horiek ­adibidez, Paleolitikotik ere etor daitezkeen koloreen esanahiak­ ez dira arrazionalak, intuitiboak baizik. Izan ere, Epelderen iritziz, arte plastikoak «ezagutza-bide» intuitiboak dira. «Ezagutza-bide arrazionalak jorratzeko zientzia adar ezberdinak ditugu. Margolariari, berriz, zera eskatzen zaio: alor horretan orain arte batzuek eta besteek egin dutena kontuan izanik, ezagutza-bide intuitibo horretatik jarraitzea, ea zer edo zer berri aurkitzen duen. Beharbada alferrikakoa izango da, baina, nire ustez, bide horretan saiatzea da lanbide honi gehienbat eskatzen zaiona», azaldu du.

Izenbururik ez

Ikuslearenganako bidea errazteko beste «truku» bat margolanen izenburuak izan daitezke. Baina Epeldek ez du normalean titulurik ipintzen, beharbada «truku» horrek ikuslearen begirada gehiegi baldintzatzen duelako. Ekainen zintzilikatu dituen lan guztietatik bakar batek du titulua. “Zure autorretratoa” da, jatetxeetan erabili ohi dituzten paperezko bi manteletan eginiko zuri-beltzeko irudi bat. «Irudi horretan edonork ikus dezake bere burua islatuta, eta, aldi berean, inork ez. Hor, bizitzarekiko harridura txoropito aurpegia jarriz islatzen duen norbait ikusten dut nik; horko hori ni neu ere izan ninteke», esan du artista tolosarrak.

Ekain galerian (Iñigo, 4) irailaren 21 arte ikusi ahal izango da “Oihartzunak”, egunero ­igandeetan izan ezik­, 11.30etik 13.30 arte eta 17.30etik 21.00ak arte.



Beldur gutxiago, askatasun gehiago
M.A.
DONOSTIA

Ez da zaila Epelderen lanak erakusketa kolektiboetan ikustea. Egunotan bertan, AralArten ikus daitezke, baita Nafarroa Oinez-ekoan ere. Bestelako kontua dira, ordea, bakarkako erakusketak, eta, hain justu, horietan islatzen du Epeldek bere alderik berritzaileena. Orain arteko azkena 2003ko urtarrilean egin zuen, Ekainen bertan. «Arte munduan ­adierazi du­ zaila da profesionaltasuna. Nik, betiere plastikaren barruan, denetatik egiten dut... kartelak sortu, eskolak eman, liburuak ilustratu, eszenografiak paratu... eta, paraleloan, margolanei ekiten diet. Nolabait esateko, hori da nire alderik sortzaileena».

Ekainen ireki berri duen erakusketa orain dela hiru urtekoaren bide beretsutik doa. Baina bataren zein bestearen arteko alderik ere bada. «Azken urteotako margolanetan sinplifikazio prozesu bat nabari da. Ahalik eta gehiena ahalik eta gutxienarekin esaten saiatzen naiz, gainerako guztia kenduta, alegia. Bestalde, kolorea jartzeari beldurra galdu diot, seguruagoa sentitzen naiz, eta ausardia eta askatasuna irabazi dudala esango nuke», aitortu du Iñaki Epeldek.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Agur beroa Iñaki Rike «gudari kuttunari»
Mundua
Israel castiga a Líbano con los mayores bombardeos desde que inició la agresión
Euskal Herria
Batasuna llama a manifestarse en Donostia para «impulsar y fortalecer» el proceso
Ekonomia
«Si el Euribor sigue subiendo tendré que vender mi casa e ir a vivir a un camping»
Mundua
Grupos políticos de ocho naciones exigen a París la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss