GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-08-06
Jose Antonio Torre Altonaga, «Medius» - Preso politiko ohia
Iñaki Rike Galarza, iraultza iraultzaile baten lanabesa

Iñaki ezagutu genuenok horrela definituko genioke bere izaera, etengabeko iraultza politiko eta sozialean murgildurik bizi zelako. Horrelaxe gogoratzen dut nik behintzat, 1974-75ean bera ezagutzeko aukera izan nuenean, LAB sindikatu edo garai hartan langile masa mugimendua, hala nola, Franziskotarren Iralabarriko egoitzaren areto nagusian edota Arantzazun... eta hainbat tokitan. Kaskagorri eta buru gogor, definiziorik onena.

Frankismo bortitzaren azken urteetan, euskal langileria eratzeko ilusioz beteriko uneetan, 1968an abian jarri zen euskal langile herria gorpuzteko eta Xabi Etxebarrietak ereindako hazi hark Burgosko prozesuaren ondoren izan zuen Euskal Herrian Euskal Herri sozialista eta independentearen aldarriak gauzatzeko hastapena; eta, zentzu horretan, ibilbide amiltsuan abiatu zen gure herriaren etorkizuna alde batetik, gure asmo eta gogoetak gauzarazteko eta, bestetik, erantzun finko bat eman zitzaion EAJ nazionalismo motel eta isilari. Egoera eta giro hartan ezagutu nuen Iñaki, urte gogorrak, arestian aipatu bezala, baina baita, bestalde, oso aberatsak ere; eta egoera hartan, frankismoaren azken ahaleginetariko batean, 1975eko apirilean salbuespen egoera ezarri zuten, eta Euskal Langileria artikulatzeko tresnaren eraikuntza une batez etenda geratu zen, jende asko salbuespen egoera hori zela-eta atxilo eraman edo alde egin beharrean zegoelako; halere, eten laburra izan zen eta indar berrituekin ekin genion handik hilabete batzuetara.

Iñaki, abertzale independentziazale eta, nola ez, langile solidarioa, berari gustatzen zitzaion bezala: gorria eta sozialista, eta gogoan ditut bere ikurrak ere: ikurrina, bandera gorria, eta iraultzaile baten lanabesak: mailua eta igitaia. Horrelakoxea zen gure Lezamako errubioa. Buru-gogorra, baina zorioneko buru-gogorra. Askorentzat eztabaidarako oso grinatsua; halere, garai haietan eztabaida beharrezko erreminta zen, eztabaida zelako iraultzailearen abiapuntuko lanabesa, eta Iñakik bere burua iraultzailetzat zuen denaz gain. Eta horretan oso mutil jantzia izan zen: Mao, Ho Chi Min, Lumunba, Che Guevara, Fidel Castro, aurretik Aljeria, gero Nikaragua, Sahara, Palestina... Poza eta bizipenak, iraultza eta euskara eta, nola ez, langile sutsua eta eztabaidan oso beroa. Zorionez.

Bilakaera horretan, tartean izan genituen LABen (Langile Abertzale Batzordean) eraikuntzan zenbait bilera, nonahi: egun batean Iralabarrin, bestean Arantzazun... eta esan beharko ere, beste zenbait tokitan Bizkaian edota Gipuzkoan. Ibilbide oparoa, nola ez, bada, eta bere konpromisoa, denaz gain konpromisozko militantea baitzen. Euskal Herri independente eta sozialistak bere presoak, orduko euskal preso politikoak etxean behar zituen, eta horretarako amnistia osoaren bidez kaleratu behar ziren gure preso politikoak. Testuinguru horretan, 1977ko amnistiaren aldeko aste borrokatsu hartan, Poliziaren aurretik korrika gindoazela, komentario hau egin zidan: «Honezkero, aste honetan lau hilketa daramatzagu, zein izan behar da independentziaren aldeko ordaina?». Benetan, oraindik ez dakigu horren erantzuna, Iñaki bera izan baita azken hildakoa.

Iñaki, benetan urte gogorra daramagu, Igor, Roberto, zeu, beste hainbat aurretik, eta gure bihotzak bere ahaleginekin jasan ditu kolpe horiek guztiak. Baina gure herri iraultzaile honek badu zerbait sendo eta tinkoa, eusten diona: duintasuna, eta geure ezkutuko negar malko artean eutsiko diogula zin dagizut, nolabait iraultzailearen ikurretariko bat erresistentzia eta tinkotasuna direlako. Zentzu horretan Iñakik, bere konpromiso iraultzaile, euskaldun, independentziazalea, izate sozialista eta gorria, azken ondorioetaraino eroan du, azken muturreraino.

Norbaitek esan dezake, gaixotasun txar batek epe labur batean eroan duela gure artetik, baina Iñaki, Turron goitizenez, beste gaixotasun batek eroan digu, Espainia eta Frantziako estatuek ezartzen diguten errepresioak, alegia. Eta errepresio horri aurre egiterakoan Iñaki eredu izan dugu. Erro-errotik eutsi dio, eta bere azken eginkizuna zuen errepresio horri aurre egitearren ihesari eman behar izan zion, Euskal Herriko iparraldera, bi Euskal Herriak (edota zazpi, jada ez dakit zenbat diren) uztartuz.

Nik Iñaki bera espetxeratu aurretik, azkenekoz ikusi nuen, ni atxilo nengoela, Bilboko Indautxuko polizia-etxean, hain zuzen, dirudienez langile ordezkaritza batek Ballesteros jaunari esan baitzion ni nolako egoeran nengoen jakin nahi zutela. Halere, aurretik, 1978ko urte hartan, Leioako LAB sindikatuaren kongresu gogorra eta eztabaidatsuan ere bazegoen Iñaki bere konpromiso militantea erakusten. Eta, gogoratu besterik ez, LAB barruan zeuden bi tendentzia nagusien arteko borroka itsuan, konpromiso bat behar zen hartu. Eta horretan Iñakik tinko eutsi zion bereari.

Eta bere konpromiso iraultzaileak beste urrats bat eginarazi zion: borroka armatuarena eta, ondorioz, 1983an espetxea, eta espetxean militantziaren koherentzia eta duintasuna nagusi. Ez da erraza, nolabait honelako egoeretan pertsona laudorioz betetzen dugulako, baina, Iñakiren kasuan, laudorioak sobera daude, bera izan delako, arestian aipatu denez, azken muturreraino konpromiso militante bat eroan duen gizona, eta esan dudana egiaztatzeko ikustea besterik ez dago, hamazazpi urte luze eta borroka betean espetxean jasan ondoren, konpromiso militante eta iraul- tzaileak ihesaren bidean abiarazi zuela, erbestean bizi eta azken hatsak bertan eman arte.

Aski da! Amai dezagun honelako egoerekin, amai ditzagun betirako egoera errepresiboak, gaindi dezagun egungo egoera mugiezina. Makina bat aldiz komentatzen zidan Iñakik gauza bera: beharrezkoa dugu EAJren aliantza Espainiaren eta Frantziaren inertzia gainditzeko. Betidanik konstante horretan bizi izan dugu egoera berbera 1975eko urteetan Xiberta, gero Espainiako 1977ko hauteskundeak ­amnistia urtea tartean­, Espainiako Konstituzioa, gero Aljerko negoziazioak; Lizarra Garazi, eta beti EAJren aldetik konstante bat: ez dira Estatuaren presioa jasateko gai izan eta beti makurtu dira Estatuaren aginduetara. Estatuaren morroi bezala men eginez haren aurrean, Euskal Gobernuak ez du sekula jakin euskaldunon asmoak eta gogoetak kudeatzen, beti aurkitu du biderik errazena; hau da, Estatu espainolaren aurrean amore ematearena. Eta hori guztia gutxi balitz, bere indar zipaioak jaurtitzen ditu ezker abertzalea suntsitzeko asmoz. Halere, aurera jarraitzen dugu.

Zentzu horretan, joan den martxotik ETA erakunde armatuak su-eten iraunkorra indarrean jarri zuen eta berriro gure herri honetan itxaropena eta ilusioa sortu da. Inork ez dezala amets hori zapuztu. Ez da ametsa Turron, ez, inondik ere, ez dakit benetako iraultza izango ote den. Dena dela, nolanahi ere iraultza bat gauzatzeko oraingo egitura guztiak irauli behar dira, baina, bai esan nahi nizuke zu bezalako askoren borrokaren ondorio eta garaipena dela. Ikusi beharko gero negoziazioak eta mahaiak zer-nolako bilakaera hartzen duten etorkizunean. Eta Toni Negriren hitzak geureganatuz, askatasun nazional eta sozialaren lokomotora abian da, eta behin abian jarriz gero, ez dago indarrik geldiarazteko, helburu eta jomuga nagusira heldu arte.

Agur eta ohore, Iñaki, nahiz eta niretzat zu ezagutzea izan ohore handia, eta zuri eskainitako omenaldia hedatu nahi nuke, beste kolektibo batzuei, hau da, euskal preso, euskal iheslari iraultzaileei eta, nola ez, euskal erbesteratu guztiei. Hitz batean, euskal errepresaliatu guztiei. Dena dela, zurekin batera, gure oroimenean izango dira askatasun nazional eta sozialaren borrokan eroritako guztiak, borrokan edo indar polizialen esku hildako guztiak, nik badakidalako zuk horrela nahi zenuela. Eta arestian aipatutako kolektiboentzat amnistia osoaren aldarria. Horrela, gure oroimena eta duintasuna galdu gabe, une historiko honetan abian dagoen prozesu honetan, zuk eta zuk bezala borrokatu duzuenon emaitza honek jar ditzala indarrean beharrezkoak diren euskarriak, euskal errepresaliatu guztiek parte har dezaten abian den prozesuan.

Iñaki, itxaropena ilusioz beteta dator. Zein izango den jomuga ikustear dago. Baina euskal konstelazioan, beste izar bat gehiago ikusten da, langileriaren borrokak sortutako bost puntako izar gorria, Iñaki: zu. Eta hainbeste aldarrikatu zenuen «Euskal Presoak Euskal Herrira!». Amnistiaren bidean aldarrikatu genuen guk Lezaman egindako omenaldian. Nola gauzatu behar den ez dakit, presoak eta erbesteratu eta iheslariak Euskal Herrira aurrena, eta amnistia osoa. Zaila da zein den lehena jakitea, dena dela, askatasunaren bidean nahitaezko eginkizuna da. Iñaki, ez da amets bat, errealitate bat bai- zik, eta zeuk ereindako hazia bere uzta ematen ari da: askatasuna eta sozialismoa. Amnistia osoa orain.

Eta une latz hauetan, Mari Karmen zure emaztea edo Larraitz alaba eta etxeko gainontzekoei musu bero bat.

Lepoan hartu eta segi aurrera! -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Agur beroa Iñaki Rike «gudari kuttunari»
Mundua
Israel castiga a Líbano con los mayores bombardeos desde que inició la agresión
Euskal Herria
Batasuna llama a manifestarse en Donostia para «impulsar y fortalecer» el proceso
Ekonomia
«Si el Euribor sigue subiendo tendré que vender mi casa e ir a vivir a un camping»
Mundua
Grupos políticos de ocho naciones exigen a París la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss