GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-08-06
Mendeetan amestutako «Pachakutik» ezartzeko bidean da Bolivia
Andeetako jatorrizko herrien munduaren ikuspegia da Pachakutik. Espainiarren kolonialismoak, lehenengo, eta horren herentzia jaso duten Boliviako gobernuek, gero, eredu horri muzin egin diote. Gaur, baina, Batzorde Eratzaileak lehen urratsa egingo du. Erakundeek mendeetan zapaldutako gehiengoaren nahia betetzea da haren erronka, eta horretarako tresna Konstituzio berria izango du.

Gaur, abuztuaren 6an, Boliviako Independentziaren Adierazpenak 181 urte betetzen dituenean, Batzar Eragilearen inaugurazio ekitaldia egingo da eta batzar horrek urtebeteko epean Boliviako Konstituzio berria idatzi beharko du.

Ondoren herritarren onespena jaso beharko du. Konstituzio proposamen horrek Boliviako errepublikaren berreraketaren zutabe izan beharko du.

Gobernuan dagoen MAS alderdiko kide Silvia Lazarte Batzorde Eragileko lehendakari izateko hautagaitzak mahai gainean jartzen ditu Boliviako hainbat arazo historiko. Konstituzio berriak horiei irtenbidea eman beharko die.

Silvia Lazarte emakume kitxua da, nekazaria, bi hamarkadetan sindikalista eta aurreko gobernu neoliberalen errepresioa maiz jasan duena (askotan atxilotu dute). Bere ezaugarriak dituen pertsona bat halako Batzorde bateko buru izendatzea Boliviako lurraldean bizitzen ari den aldaketa eta esperantzaren ikurra da.

Bolivia osatzen duten jatorrizko herrientzat egungo uneak Pachakutik-en hasiera izan behar du, hau da, Andeetako mundu-ikuskeraren arabera, garai hobeagoen hasiera.

Badirudi herriak hainbeste mendetako espainiar kolonialismoaren ondorioz jasandako ustiapen, bazterkeria eta menpekotasuna atzean uzteko garaia duela. Potosiko mendia da espainiar kolonialismoaren basakeriaren lekukoa. Mendian ikusten diren 5.000 zulo inguruk gogorarazten dute hango zilar meatzetan hil ziren zortzi milioi herritar. Haiek beren bizitza espainiar inperioa sostengatzeko eman zuten. Inoiz ahaztuko eta itzuliko ez den zor historikoa.

1825. urtean Boliviako Independentziaren Adierazpenak ez zuen, hala ere, herritarren menpekotasuna bukatzea lortu. Errepublikaren eraikuntzan jatorrizko herritarrak berriro ere guztiz baztertu zituzten. Transnazionalen eta finantza-erakundeen menpe egon diren militar diktadurek eta inperialismoaren interesen aldeko gobernuek Bolivia osatzen duten herrien sufrimendua mantendu eta areagotu besterik ez dute egin.

MAS-IPSP (Movimiento al Socialismo-Instrumento Político para la Soberanía de los Pueblos) agintera iritsi izanak mugarri izan beharko luke. Garaipen hau, ostera, gizartearen esfortzu handiaren fruitua izan da.

Sindikatuek, nekazariek, jatorrizko herriek, gizarte eragileek, kokaleroek... hamabost urtez eratutako gizarte oinarri horien ondorioz lortu da egungo egoera. Hamabost urteko borroka izan dute, eta denbora tarte horretan herriak aberria saldu duten gobernu ustelak desegin ditu, hori bai, errepresaliatu ugari eta ia ehun hildakoen ordaina ordaindu dute.

Orain arte lortutakoa prozesuaren abiapuntua baino ez da. Prozesu honek Boliviako herritarrak agertoki berri batera bideratu behar ditu; egoera berri horretan beren buruaren jabe izan beharko dute eta beren antzinako andetar-amazoniar kultura berreskuratu beharko dute beren etorkizuna horren arabera eraiki ahal izateko.

Hau ezin da aurrera eraman egungo estatu ereduak elikatzen dituen justiziarik ezak, mendeetan gertatu den bezala, gainditu gabe. Orain arte, Estatuak atzerriko botere ekonomikoari eta bertako oligarkiei eman dizkie pribilegioak.

Aldaketa-sorta horren barruan lurraren banaketa puntu garrantzitsuenen artean dago. 1953ko Nekazaritza Eraldaketak ez ditu bere helburuak bete eta, gaur egun, herritarren %90etik %7k soilik dute lantzeko lurren jabetza. Desoreka hau, gainera, Beheko Lurretan (herrialdearen ekialdean eta iparraldean) nabariagoa da. Beraz, erronka nagusia benetako nekazari eraldaketa bultzatzea da.

Hidrokarburoen nazionalizazioa ere lehentasunezkoa da. 2004ko ekaineko erreferendumean herritarren %89k onartu zuten hidrokarburoen nazionalizazioa. Evo Moralesen Gobernuak hasi duen nazionalizazio prozesuaren helburua hidrokarburoen kontrola Estatuaren esku uztea da, nahiz eta hori lortzeko hartutako neurriak nahikoak ez diren sektore batzuen iritziz.

Bestalde, Bolivia berria sortzeko garaian, ezinbestekoa da jatorrizko herrien eskubideak (ekonomikoak, politikoak, linguistikoak, kulturalak, ekologikoak) bermatzea. Arbasoengandik jasotako ohiturak kontuan hartu behar ditu Konstituzio berriak, komunitate justizia, kasu. Hori justizia arruntaren maila berean jartzea dute helburu. Horretaz gain, jatorrizko herriak aintzat hartzen dituen nazio askotako estatua aldarrikatzen dute. Lurra eta baliabide naturalak antzinako lege zaharren arabera kudeatu nahi dituzte, betiere estatuaren laguntzarekin eta Pachamamarekin ­Ama Lurrarekin­ harmonian. Halaber, emakumeek jasaten duten bazterketa amaitzea ere funtsezko eginbeharra da.

Edozein gizarte aldaketak nahiz herritar boterek aurre egin beharko die oligarkiaren eta inperialismoaren eraso bortitzei. Ahalegin horretan garrantzi handia izango du hedabideek egun bultzatzen duten intoxikazioak. Venezuela horren adierazle garbia da.

Ez da, baina, erraza izango; 255 batzarkideetatik 137 ditu MASek, beraz, ez dauzka aldaketak egiteko behar diren bi herenak. MAS-IPSPko egitasmoek talde txikien onespena jaso beharko dute.

Egungo erronka nagusia historikoki baztertutako gehiengoen aldarrikapenak gauzatzeko aldaketak egitea da; eta ez daitezen, inondik inora, herritarrengandik hain urrun dauden eskuin aldeko gehiengo eta gutxiengoen jokoan sartu. -

(*) Iñaki Etaio, Juanjo Goikoetxea, Gaizka Uharte eta Naroa Iturri, Askapenako Brigadistak, Bolivian daude


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Agur beroa Iñaki Rike «gudari kuttunari»
Mundua
Israel castiga a Líbano con los mayores bombardeos desde que inició la agresión
Euskal Herria
Batasuna llama a manifestarse en Donostia para «impulsar y fortalecer» el proceso
Ekonomia
«Si el Euribor sigue subiendo tendré que vender mi casa e ir a vivir a un camping»
Mundua
Grupos políticos de ocho naciones exigen a París la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss