GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-06
Baionako jaiak
Giro herrikoia eta euskalduna hedatuz doa
Karriketan eta ostatuetan giro euskalduna gero eta gehiago ari da hedatzen Baionako bestetan, horixe da, bederen, aurten ikusi dena. Hala ere, gau ilunean edo karrika bazterretan gertatzen ahal diren istiluak isilpean geratu dira Baionan. Suhiltzaileei informazioa eskatzerakoan, Herriko Etxeak deus ez errateko agindu ziela jakinarazi zuten.

BAIONA

Zer gertatu zaie Baionako bestei? Urtero jendetza horren tartean bortxaketak, borrokak edo erailketak izaten dira... Aurten, aldiz, ez da halako istiluen berri izan. Egia da gauez edo egunez karriketan ibiltzerakoan ez dela horrelakorik ikusten. Hala ere, kaleetatik, alde batetik bestera, suhiltzaileak etengabe ikusten dira lanean.

Asteazken gauean herriko etxetik bota zuten giltzak kolpatu zuen emakumearen kasuaz gain, ez da zauriei buruzko beste informaziorik helarazi. Baiona, atzo, Euskal Herriko Kazetak bezperan suhiltzaileei deiturik isiltasun horren arrazoiak salatu zituen.

Gertakariei buruzko berriak eskatu ondoren, suhiltzaileek onartu zutenaren arabera, Herriko Etxeak istiluei buruzko berririk ez emateko agindu zien.

Horrela, Baionako besten irudia ez urratzeko, Udalak ostatuak goizeko hiruretan itxi behar zirela erabaki zuenetik jaiak giro ezin hobean iragaten direla erakustea du xede. Herriko Etxearen erabaki hori alde batera utzita, egia da aurtengo bestak inoiz baino lasaiagoak izan direla.

Karriketan milaka lagun bildu baziren ere, aurreko urteekin alderatuz gero, jende gutxiago izan dela uste izaten ahal zen. «Karriketan lasai asko ibiltzen gara», adierazi zuten askok. Ostalariek, aldiz, aurreko urtean baino diru gutxiago irabazi zutela salatu zuten. Aitzineko hiru urteetan herriko bestek gero eta jende gehiago erakartzen zuten, eta, bertako herritar askorentzat karrikak jasanezin bilakatu ziren. Gauean kanpora ateratzeko gogorik gabe geratzen ziren eta, eguneko jaiei lehentasuna ematea erabaki zuten.

Aurten, karriketako giroa berriz ere piztu egin da. Peñek egun osoan ateak irekita izan dituzte, eta kanpinetan dagoen kanpoko jendea askoz errazago jarri da harremanetan lekuko biztanleekin aurreko urteetan baino.

Egoera horren aitzinean, Baionako karriketako besta giroa aurreko urteetakoa baino euskaldunagoa izan da.

«Ostatu gehienetan musika bera jartzea erabaki dute. Lehenago bakoitzak bere musika zuen, eta bezeroak erakartzeko musika gero eta altuago jartzen zuten. Jendeak ez zuen hori gustuko. Musika bera karrika guztietan jarriz gero, giro lasaiagoa zabaldu da», nabarmendu zuen Peiok Baionara bertaratzen diren bestazaleen psikologia guztiz ulertua zuela erakutsi nahian. Baliteke hori hala izatea, edo bestazale gutxiago izatea ere. Baina, jende gutxiago izan dela askok nabaritu zuten karriketan.

«Errazago ibiltzen ahal gara herriko auzo batetik bestera ­esan zuten herritarrek­. Gainera, aurreko urteekin alderatuz gero, euskal musika eta euskal kantuak entzuten dira».

Xiba Lehiaketa

Euskal giroa hedatzen hasi da, beraz, aurtengo jaietan. Frantsesezko eta ingelesezko kantuen erdian, ostatuek Kortaturen abesti ospetsuenak jarri zituzten, eta, gauero, ateak ixtean, Aire Ahizpak EuskalHerria Zuzenean jaialdiarentzat abestu zuten “Arrosako zolan” kantua ere entzuten ahal zen.

«Horrelako musika entzuten den lehen aldia da. Aurrerapauso bat da, xumea bada ere», nabarmendu zuten karrika nagusietan ibili ziren euskaldunek.

Giro euskalduna Baiona Berria lekuko talde abertzaleak antolaturiko Xiba lehiaketan ere nabari zen.

Eguerdiko hamabi eta erdietan, Mail Chaho-Pelletier plazan sei laguneko lau talde aritu ziren izerditan Xibako jokoetan parte hartzen.

Hasieran lagun gutxi bazeuden ere, asko kuriositatez hurbildu ziren, eta etorkizuneko herriko besten hitzordu nagusi bilakatzearen bidean zegoela jarri zuten agerian.

Ordu biak arte auzolanak, sokatira eta beste lanak egin zituzten seriotasun osoz eta bertan egon ziren guztia bukatu arte. Alta, ez zen arras erraza izan guztientzat. Besten laugarren eguna zela-eta, horietako zenbaitek akidura sentitzen zuten zangoetan eta zailtasunak izan zituztenauzolanak egiteko orduan.

Hala eta guztiz ere, tente egon ziren, eta ondotik, bazkari goxoa preziatzeko aukera izan zuten Patxoki elkartearen egoitzaren aitzinean. Jaiari dagokionez, goizean lasai jaiki zen Baiona. Goizeko bederatzietan, etxeetako leihoak emeki irekitzen ikusten ahal ziren, eta karriketako giroa oren batean hasi zen azaltzen.

Traineru lehiaketa izan zen eguneko lehen hitzordu nagusia. Aviron Baionakoa kirol taldearen egoitzatik Marengo zubira arte, lau traineru lehiatu ziren. Hamarretan hasi zuten ekimena, baina, goiz izanik, herritar gutxi ikusi zen zubian eta ibaiaren bazterretan.

Lehen kanporaketetan Aviron Baionakoa herriko trainerua izan zen garaile, eta eguna aurrera zihoala, bigarren txandan ere lehen iritsi zen. Horrek uros jarri zituen herritarrak, eta, ekitaldi hori bukatzean egunero herriko etxerantz joaten den desfileari ekin zioten.

Ondotik, guztiak Baionako Liberte plaza nagusian zegoen Burrunka gaita eta perkusio taldearen emanaldian egon ziren. Baionan askotan ikusteko aukera dagoen talde horrek, berriz ere, arrakasta handia izan zuen atzo eguerdian.



Herri-bazkariak nagusi igandean
A.B.
BAIONA

Lau eguneko besten ondotik lasaitasunaren eguna izaten da igandea. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri txiki gehienetan egiten duten bezala, Baionan herri-bazkariak nagusitzen dira egun horretan.

Horrela, ostatu eta jatetxe gehienek antolatzen dituzten bazkariez gain, AEK-k eta Gure Irratiak alde batetik, eta Askatasunak bestetik, bazkari bat antolatzen dute. Beraz, eguerdiko zintzur bustitzearen ondotik, Marengo karrikan eta Patxa plazan dauden bazkari horiek arratsaldeko ordu biak aldera hasiko dira. Ehunka lagun elkartzen dira urtero bazkari horietan.

Besten bukaera

Gaur amaituko dira, beraz, herriko bestak, eta horren kariaz, goizean txaranga edo banden meza eginen da. San Andres elizan goizeko hamaiketan izanen delarik, bertan elkartuko diren ehunka bandek elizatik herriko etxeko plaza arte kale ibilaldia eginen dute. Herriko auzapeza eta zinegotziak ere izanen dira haiekin batera.

Ondotik, Leon erregeak jaien azken iratzartzea eginen du herriko etxeko balkoian.

Arratsaldeko lauretan, berriz, «Paquito lagunak» deituriko ekimena izanen da. Herriko Etxea, Giness Errekorretan sartu nahian, munduko Paquito Txokolatero handiena antolatzen hasi zen duela hiru urte. Eta, urtero, horrelako zerbait egiten duen herri bakarra izanik, marka izatea lortu dute. Arratsaldeko lau eta erdietan, berriz ere, Karrikaldi izanen da Leinua dantza taldearekin eta Amaren Alabak Zuberoako neska kantarien taldearekin.

Ekitaldia arratsaldeko bederatzi eta erdietan bukatuko da karrika-dantzarekin. Gauean, hamarretan, bigarren Korso argitxua izango da, eta gauerdian, herriko etxeko balkoitik Leon erregeari agur egingo diote bestazaleek bestak bukatzeko. Aurretik, hala ere, su-festak izango dira Reduit plazatik.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Agur beroa Iñaki Rike «gudari kuttunari»
Mundua
Israel castiga a Líbano con los mayores bombardeos desde que inició la agresión
Euskal Herria
Batasuna llama a manifestarse en Donostia para «impulsar y fortalecer» el proceso
Ekonomia
«Si el Euribor sigue subiendo tendré que vender mi casa e ir a vivir a un camping»
Mundua
Grupos políticos de ocho naciones exigen a París la autodeterminación
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss