GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-08-12
Burlatako gaztetxea indartsu mehatxupean egon arren
Udaletxean egindako osoko bilkuran izan ziren gazteak, eta bertan gaztetxea botatzea ahalbidetuko duen proiektua onartu zen, PSNren eta IUren bozekin. Gazteak sartzean eta ateratzean ere identifikatu egin zituzten, eta beraien beharrak aldarrikatu zituztenean, hala nola, gaztetxe autogestionatu baten beharra, kanporatu egin zituzten udaletxetik.

BURLATA

Atzo gaztetxe aurrean eman zuten prentsaurrekoan zera adierazi zuten: «Udaletxean beste zirku emanaldi batera joan ginen herriko hainbat gazte, bertan gaztetxearen etorkizuna erabakiko zen bozketan presente egoteko». Kontatu zutenaren arabera, bertara iristean udaltzaingoek identifikatu egin zituzten, haien arabera, «goitik» zetorren agindua zela-eta. Behin udaletxean egonda, PSN eta IUren artean bildutako bozekin proiektua onartu zela jakin zuten. Orotara, 17 boz aukera zeuden, baina bost nahikoak izan ziren proiektua aurrera ateratzeko. Aralar eta Batzarrek aurkako botoa eman zuten, baina gazteek horien jarduna gaitzetsi zuten, urtean zehar aldeko jarrera erakutsi baitute. Beraien esanetan, «gero hedabideetan aterako dira gaztetxearen beharra azalduz eta haiek gaztetxe bat eraiki nahi dutela esanez, baina ahaztu egiten dute gaztetxearen atzean, autogestio nahia duen gazteria bat dagoela, antolatzeko Udaleko soldatapeko bat behar ez duen gazteria». Euren ustez, gazteek baino hobeto ez ditu inork beraien beharrak ezagutzen, eta ez dute euren burua politikarien esku uzteko asmorik.

Bozketaren emaitza ezagutarazi zutenean, gazteek gaztetxe autogestionatu baten beharra defendatu eta aldarrikatu zuten, eta une horretan, udaltzaingoek kanpora atera zituzten. «Atarian geundela kalez jantzitako polizia batek argazkiak egin zizkigun, eta geroago bertako gazteoi oldartu eta mehatxupean identifikatu gintuen», esan zuten. Modu horretan eta errepresioaren bidez ez dutela ezer lortuko adierazi nahi zioten Udaleko buru PSNri eta hark bidalitako poliziakideei.

Prentsaurrekoaren amaieran, euren irmotasuna azaldu zuten: «Hemendik aurrera autogestioaz herrian bizitza ematen jarraituko dugula berresten dugu, ez dituzte herriko gazteak artalde bihurtuko, eta autogestioaz eta asanbladaz lortu dugun gaztetxea tinko eta gogor defendatuko dugula adierazi nahi dugu». Horren ondoren, Burlatako gazteei gaztetxera hurbiltzeko deia egin zieten. «Denonak diren lokal autogestionatuak guztion artean bultzatu eta defendatzeko», adierazi zuten.

Jaietako egitarau alternatiboa

Gazteek kontatu dutenez, ekitaldi politikoak antolatu dituzten taldeei, Udalak egitarauan parte hartzeko baimena ukatu die. Hori dela-eta, bertze talde asko borondatez atera dira, eta denen artean ekitaldi multzoa prestatu dute. Herri Erakundeen Egitaraua izenarekin aurkeztu dute beraien lana, eta bertan biltzen dira Gazte Mugimendua, Axular Kultur Elkartea, Txosnak (Askatasuna, Gure Ataria, Euskal Herrian Euskaraz, Segi, Gazte Asanblada eta Berdintasuna) eta hainbat konpartsa eta peña (Euskal Herria, Aldabea eta Karrikagoiti).

Gazte Mugimenduaren egitaraua prestatu dute

Hilaren 14an hasiko diren jaietarako hainbat ekintza prestatu dituzte gazteek. Lehenengo egunean, hamarretakoa eta hamaiketakoa egin ondotik, «txukinazora» joateko elkartuko dira denak. Segidan, presoen aldeko brindisa eta bazkaria eginen dituzte, eta egunean zehar kalejirak izanen dira. Hurrengo egunetarako, txikientzako jokoak eta ikuskizunak, txupito jaia, kontzertuak, afari bikingoa, Argaren jaitsiera, graffitiak eta bertze hainbat gauza prestatu dituzte-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Familiares dicen que «es un homicidio»
Ekonomia
Las rebajas reducen el IPC de julio en Hego Euskal Herria
Mundua
Gran Bretaña mantiene el nivel máximo de alerta
Mundua
Washington y París llegan a otro acuerdo para acabar con la violencia en Líbano
Euskal Herria
Ciudadanos convocan mañana en Donostia en favor de la solución
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss