GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-09-08
Jon MARTIN | IX. Igartza Sariaren irabazlea
«Bertsoaren ‘feedback’ari garrantzi handia ematen diogu gaztetan»

Oiartzuarra da, 25 urte ditu eta bertsolaritzan dagoeneko ezusteko handiak emandakoa da, 2003ko Gi- puzkoako Txapelketan bigarren geratu baitzen, esaterako. Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziaduna da, baina psikologiaren arlora aldatu zen doktore tesia egiteko. “Egunkaria”, “Berria” “Hitza“, “On” eta “Bersolari”n aritu izan da kazetari. Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duen idazle gazteentzako Igartza saria irabazia zuen atzo. Sei mila euroko diru laguntza du sariak eta urtebeteko epea izango du bere ipuin bilduma idazteko.

­Ba al du loturarik egiten ari zaren doktore tesiak beka irabazi duen proiektuarekin?

Egiten ari naizen tesiaren izenburua “Indibiduoa, taldea, kultura eta antolamendua” da. Sormenari buruzko tesi bat egin nahi nuen eta horregatik pasatu nintzen komunikaziotik psikologiara. Batzuek yoga, tai chi eta erlaxazioaren bidez lortzen dute sormenari eragitea eta beste batzuek suspergarrien eta urduritasunaren bidez. Kontua da barne mundura bidaiatu eta itzultzeko gai izatea. Denok dugu barne mundua. Mundu horretara sartu eta bertan bizitakoa kontatzeko gaitasuna oso gutxik dute. Badaude sekulako barne mundua dutenak ere, baina bertara sartu eta atera ezinik geratu direnak. Horiek dira eroak. Nire ipuinetan eromenaren mugan dabilen jendea ageri da, sindrome eta nahasmendu psikologikoak dituztenak, alegia: psikosia, Diogenesen, Peter Panen edo Munchausenen sindromea duen jendea. Baina gaitz horiek ez dira ipuinen erdigune, beste zerbaiten adierazgarri baizik. Dena den, ez naiz batere aditua sindrome eta gaitz psikologikoetan. Orain beharbada zertxobait gehiago ikasiko dut.

­Esan al daiteke gaitz horiek gizartearen erradiografia ere badirela?

Hutsune batzuen adierazgarri dira gaitzak, baita gizartearen erradiografia moduko zerbait ere. Nire ipuin batean Diogenesen sindromea duen emakume batek alferrikako trasteak biltzen ditu bere etxea erabat betetzeraino. Alabaina, denok biltzen edo erosten ditugu alferrikako gauzak. Ipuinotan gizartearen kritika bat ere nabarituko da, beraz, itxurakeria, presioak, bakartzea salatu nahi ditut.

­Bertsolari bezala ezagutzen zaitugu. Noiz eman duzu literaturarako pausoa?

Txikitandik izan dut idazteko zaletasuna eta harra. Bertsoak, nolabait esateko, askoz ere arrakasta berehalakoagoa du. Arrakasta ez da beharbada hitzik egokiena, feedback askoz handiagoa du literaturak baino. Bertso on samar bat bukatzen duzu eta txaloak entzuten dituzu. Literaturan, berriz, irakurle bakan batzuengana beharbada iritsiko naiz, baina enteratu ere ez naiz egingo. Idatzi ere bakarrik egiten du idazleak eta idatzi, urratu, berridatzi eta zuzendu egin dezake bere lana. Gero irakurleak berriro bakardadean irakurriko du. Ikaragarri goza dezake, baina normalean ez dio ezer adieraziko idazleari. Gazteak garelarik, feedback berehalako horri garrantzi handia ematen diogu. Baina gogoa nuen idazten ere proba bat egiteko. Sari hau, alde horretatik, izugarri lagungarri gertatuko zait. Kontuan izan sari hau irabazitako idazleak oso onak direla. Unai Elorriaga, Jasone Osoro, Karmele Jaio, Julen Gabiria eta beste hainbat daude tartean. Betalde, nik beti egin dut bertsokera literario samarra. Uste dut literatura zaletasunak kutsatu duela nire bertsokera. Bertsolari naizela badakit. Idazle izan naitekeenik ez nekien seguru eta sariak asko lagunduko dit sinesten hasteko. Idazten sari mordoa irabazia naiz, baina beti presakako lanekin irabazi izan ditut. Bat-bateko etorraldiekin idatzi izan ditut nire lantxoak. Orain zerbait landuagoa egiteko aukera daukat. Urduritasunaren antza duen zerbait behar izaten dut nire buruak funtziona dezan. Hala izaten da bertsotan. Jendaurrean bertsotan ari naizenean ez zait kostatzen egoera hori lortzea. Orain aulki batean eserita burua funtzionatzen jartzen saiatu beharko dut.

­«Bakardadeak» izenburua jarri diozu ipuin bildumari.

Oraingoz izenburu hori du. Ikusiko dut bilduma bukatutakoan ere balio duen. Gaixotasun gehienen iturburuan dago bakardadea eta horregatik jarri diot “Bakardadeak”, pluralean. Milioika lagunez inguratuta bizi da gaur gizakia, baina ez da inoiz hain bakarrik sentitu.

­Zergatik egiten zaizkigu hain erakargarri gaixo psikologikoak?

Beste hutsune batzuen adierazle direlako izango da. Baina oso garbi utzi nahi dut ipuinon helburua ez dela psikologia irakaspenak inori ematea. Gaitzak abiapuntu bezala erabili nahi ditut literatura egiteko.

­Zer epe duzu bilduma bukatzeko eta zer diru-lagutza du sariak?

Saria, berez, eman didaten irudia da, Igartzako atea, baina horretaz gain, milioi bat pezetako diru-laguntza ematen dute. Urtebete barru entregatu beharko nuke ipuin bilduma. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
El «new labour» ante la sucesión de Blair
Iritzia
Itsukeriak ala itxurakeriak?
Iritzia
La cancelación de la deuda externa
Iritzia
La mano negra
Euskal Herria
Ahotsak hace un llamamiento a la responsabilidad para que no se frustre el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss