GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-17
Negu hotzean, etxe baten berotasunean izateko premia
Gutxi bada ere, joan den hilabetean BAB herri elkargoak Hotz Handia Plana kudeatzen duten sei elkarteei eskainiriko Angeluko etxeak etxerik gabeko herritarrak aterpetzeko baldintzak nabarmen hobetu ditu. Hori dela-eta, elkarteek Hotz Handia Plana aurten ez bideratzeko mehatxua egin ondoren, etxe horren agerpenarekin hartutako erabakia baztertzea erabaki dute, eta lanean jarraituko dute aurten.

BAIONA

Urtez urte emendatzen doa Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan larrialdiko aterpearen beharrean dagoen herritar kopurua. Hala, negu hotza iristen delarik, etxerik gabe autoan, karrikan edo oihalezko etxeetan bizi diren pertsona horien beharra areagotu egiten da. Egoera horri irtenbide bat atzemateko, duela lau bat urte Estatu frantsesak Hotz Handia Plana abiarazi zuen, eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, sei elkartek hartu zuten beren gain egitasmo horren kudeaketa.

La Table du soir, Secours Catholique (Caritas), Point Accueil Jour, Emmaüs, Gurutze Gorria eta Atherbea dira kudeaketaz arduratzen diren sei elkarte horiek. Sarean lan eginez, egoerari aurre egiten aritu dira azken hiru urteotan.

Baina, plana abian jarri bazuten ere, Estatu frantsesak emandako laguntzak murritzak izan ziren hasieratik, eta, egoera hori salatzeko,aurten ez zutela Hotz Handia Plana kudeatzen jarraituko esanez mehatxu egin elkarteek. Eta, beharra hil edo bizikoa zela-eta,etxerik gabe bizi diren herritar horiek aterpetzeko hiru hotel sozial finkatzeko eskatu zuten.

Hala ere, mehatxua gauzatu aurretik, joan den hilabetean, Baiona-Angelu-Biarritz herri elkargoak Angelu aldean kokaturiko egoitza huts batean egoteko aukera eman zien etxerik gabekoei. Elkarteen eskaera handiagoa bazen ere, egoitza berri hori izanez gero, plana berriz ere abiatzea onartu zuten.

2.975 lagun jaso zituzten iaz

Hotz Handia Plana herenegun gauean abiatu zuten, eta lehen gauean sei lagun bertaratu ziren Angelura.

Kalean dauden pertsonak lekua ezagutzen hasi orduko, kopuru hori handituz joanen da elkarteek esandakoaren arabera. Baina Angelun kokatu duten aterpe horrekin batera, Emmaüs elkarteak eta Atherbea zentroak ere lo egiteko aukera eskaintzen dute.

Orotara, 2005-2006ko neguan, Planak iraun zuen hiru hilabeteetan 2.975 lagun jaso zituzten gune ezberdin horietan. Hau da, gauero laurogeita bost lagun. Christian Murat Point Accueil Jour elkarteko lehendakariaren arabera, kopurua emendatzen joan da hiru urtez.

Hasieran, izan ere, 1096 lagun jaso zituzten. «Halere, jakinda zer egoeratan ziren aterpetuak, etxerik gabe dagoen jende askoez zen orain arte guregana hurbildu. Baldintzak hobetuz, errazagoa izanen zaie», argitu zuen Muratek, iaz zenbaturiko lagun kopuruak gora egin dezakeela nabarmenduta.

Angeluko etxea, beraz, Gurutze Gorriak kudeatzen du. Bertan, gutxienez hogeita bost lagunek lo egin dezakete. Gainera, goizero gosaria doan izateko aukera ematen diete.

Christian Muratek esan zuenaren arabera, lekua Angeluko hondartzatik gertu dagoenez, biziguneetatik oso urruti geratzen zaie aterpetuei. Beraz, erdigunera hurbildu ahal izateko, guztiei autobus txartela urririk eskaintzen diete.

Ostiral gauean abiatu zen eta hiru hilabetez iraunen duen Hotz Handia Planean hirurogei bat boluntariok eginen dute lan egunero.

Horiekin batera, Gurutze Gorriak gauero karrikak zeharkatuko ditu etxerik gabeko lagunak bilatu eta aterpera bideratzeko.

Eta, azkenik, gauetan eta eguerditan, La Table du Soir elkarteak apairua urririk izateko aukera emanen die.

Angeluko etxe berri hori azken hiru urteotan etxerik gabekoak aterpetzeko erabiltzen zuten langile etxola ordezkatzera heldu da, beraz.

Sufrimendua

«Hiru urtez egon gara etxola horretan. Hogei bat lagun aterpetzen genituen gauero eta egoera jasanezina ari zen bilakatzen. Ez genuen gauza handirik eskatzen, etxerik gabekoak baldintza onetan jasotzeko gune bat, besterik ez», nabarmendu zuen Muratek.

Horrenbestez, berriz ere, aterpetzen zituzten pertsonak psikologikoki oso ahulak zirela gogoratu zuen. «Etxola horretan gero eta zailagoa zitzaigun egotea. Guztiak gela berean sartuak zirenez, tentsio anitz sortzen zen.

Psikologikoki sufrimendu handia duten jendea laguntzen dugu. Horri alkoholaren eragina gehitu behar zaio. Gainera, asko hamabost egun garbitu gabe zeuden heldu zirelarik», gehitu zuen.

Christian Muratek duela hamabost urte Point Accueil Jour elkartean laguntzaile lanetan hasi zenetik egoera anitz aldatu zela adierazi nahi izan zuen. «Garai horretan, eskean aritzen ziren eta etxerik ez zuten pertsonak heldu zitzaizkigun nagusiki. Oso lasaiak ziren, eta trukatzera heldu ziren, besterik ez. Ez zuten indarkeriarik erabiltzen», azaldu zuen.

Bere ustez, azken urteotan sortu den egoera etxebizitza arloan dagoen gabeziari lotua dago. «Ipar EuskalHerriko psikiatria zentroak bete-beteak dira. Zentro horietan dauden pertsonen %30 ongi daude, eta bertatik joateko moduan daude. Baina, etxebizitza sozialik aurkitzen ez dutenez, zentroan egoten dira. Arazoa horretan dago», ohartarazi zuen.

Zentroetan gabezia dagoela-eta, arazo psikiatrikoak dituzten pertsonak kalean bizi dira, eta aterpea eskaintzen dieten elkarteengana hurbiltzen dira lo egiteko leku bila.



Gabezia handia Nafarroa Beherean eta Zuberoan

BAIONA

Joan den ostegunean Baigorrin hilik aurkituriko etxerik gabeko gizonaren adibidea eman zuen Point Accueil Jour elkarteko lehendakari Christian Muratek Nafarroa Beherean eta Zuberoan dagoen gabezia agerian uzteko. Restaurant du Coeur (Bihotzeko jatetxea) elkarteak eskaintzen duen janariaz gain beste laguntzarik ez zegoela argitu zuen. «Barnealdean prekaritatean den pertsona bati askoz zailago egiten zaio bizitzea. Ez dago deus, ez elkarte ez egiturarik laguntza emateko», adierazi zuen Muratek. Izan ere, elkarteek hiru hotel sortzeko eskatu zutelarik, horietariko bat Hazparne edo Donapaleu aldean kokatzea nahi zuten. Baina, horren ardura Paueko Kontseilu Nagusiak zuela argitu zuen elkarteko lehendakariak. «Kontseilu Nagusiak ez du deus egin; alta, bereari dagokio lan hori egitea», salatu zuen berriz. Horrenbestez, azken urteotan ixten joan diren aterpeak gogora ekarri zituen Muratek egoeraren larritasuna nabarmentzeko. Zabalik elkarteak frantziskotarren etxean aterpea eskaintzen zien Donapaleun etxerik gabekoei, eta joan den irailean ateak itxi behar izan zituen. Horrekin batera, Hendaian hogei pertsona jasotzeko gaitasuna zuen egoitza desagertu egin da, eta Baionan, beste bost lagun aterpetzen zituen Servantes de Marie etxeak ere ateak itxi ditu. «Azken garaiotan harreraguneak murriztu egin dira. Neguan zein udan ohe eskaintzak behera egin du. Beharra areagotu egiten da neguan, hotz handia egiten baitu», azaldu zuen azkenik Christian Muratek.



«Urte hau test antzeko zerbait izango da»
Hotz Handia Plana aurten berriz ere bideratzea onartu badute ere, euren eskaera guztiak ez dituztela kontuan hartu nabarmendu nahi izan zuten elkarteek. Eta, bide horretatik, aurtengo negua «test» bat balitz bezala ikusten zutela gaineratu zuten elkarte horietako kideek. «BAB herri elkargoak indarra egin du aurten. Baionako Herriko Etxeak ere asko egiten du. Hala ere, ikusiko dugu aurten zer moduz joaten den. Guk ahalegin guztiak eginen ditugu dena ongi joan dadin, baina hori da gure sentipena, test antzeko urte bat izango dela», aitortu zuten aho batez. Paueko Kontseilu Nagusiak indarra egin behar duela uste dute. -



Lekukotzak
«Nahiago dut oihalezko etxean bakarri izan»

Jean-Claude LELIEVRE | Langilea

Jean-Claude Lelievre oihalezko etxe batean bizi izan da Baionan azken lau urteotan. Etxebizitza soziala eskuratu ahal izateko eskaera guztiak eginak ditu aspaldi, baina aldioro ezetza jasotzen duela jakinarazi zuen. Halere, aterpe batean lo egin baino, nahiago izaten du bere oihalezko etxean egon. «Nahiago dut bakarrik izan», onartu zuen. Berriki lana aurkitu du, eta gauez ari denez, ez ditu aterpeetako langileak molestatu nahi. «Rennesen hamar urtez bizi izan naiz. Bertan etxebizitza nuen, baina semea Baionan bizi denez, berarengandik hurbil egon nahi nuen», argitu zuen 38 urte dituen Jean-Claudek.

«Apartamentua bilatu dugu, baina oso garestia da»

Catherine ETXETO | Okupa

Catherine Etxetok etxe bat okupatu du Baionan lau lagunekin batera. Sortzez Maulekoa, Martinikara joan zen bertan berotasunarekin lanbidea eta bizitza lasaiagoa aurkituko zuelakoan. Baina bortizkeria jasan-eta, herrira itzultzea erabaki zuen. Hiru hilabete daramatza bizitzen erortzen ari den etxe horretan. Bere esanetan, edozein mementotan bertatik kanpora dezakete. «Etxe guztia berritu dugu, baina oso zaharra da. Saiatu gara apartamentua izaten, baina guztiak oso garestiak dira, eta gainera txikiak», esan zuen. Catherine goizero harreragunera joaten da dutxatzeko eta bere jantziak garbitzeko.

«Aste bat daramat nire autoan bizitzen»

Mebsout ALI | Etxerik gabekoa

Mebsout Alik 37 urte ditu, eta hiru urte daramatza Baionan bizitzen. Hasieran Atherbea zentroan egotea lortu zuen. Bertan urtebetez egon ondoren, gurasoengandik hurbil egoteko L’Aines eskualdera joatea erabaki zuen. Hala ere, Baionara itzuli da, eta bueltatu denetik ez du aterpetzeko zentrorik atzeman. Astebete darama bere autoan bizitzen. «Urtarrilean lana izanen dut. Bitartean autoan bizi naiz, eta orain Hotz Handia Plana martxan jarri dutela-eta, bertara lo egitera joateko asmoa daukat», nabarmendu zuen. Elkarteek finkatu harreragune horietara berotasunaren bila joaten dela onartu zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Volver al pueblo o inflamar al pueblo
Euskal Herria
La asamblea de torturados pide el fin de leyes y tribunales de excepción
Euskal Herria
«El desbloqueo vendrá de abordar que hay un sujeto con derecho a decidir»
Euskal Herria
«Euskal Herri osoan euskara ofizial izendatuko duen legedia behar dugu»
Kultura
Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean
Mundua
La tensión se dispara en Palestina con el anuncio de adelanto electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss