GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-17
Xabier SUSPERREGI | «Oiartzungo haraneko kondairak» liburuaren egilea
«Kondairak idatziz jaso behar dira, txikienei ezagutarazi eta ez galtzeko»
Oiartzungo haurren artean banatuko du Udalak Xabier Susperregi herritarrak bailarako kondairen gainean argitara emandako liburua. Orotara, bertan belaunaldiz belaunaldi igorri diren 70 kondairatik gora jasotzen dira, bai eta horiek gertatu omen zireneko leku zehatzen argazkiak ere.

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eten eta kondaira asko galbidean direla azaldu du Xabier Susperregik. Hori dela-eta, lan honen xedeetako bat herriaren oroimenetik haiek berreskuratu eta herriko txikienen artean ezagun egitea izan da.

­Nola sortu zen lan hau argitara emateko ideia?

Lehendabiziko lana Oiartzun inguruan kondairen gainean idatzitako guztia batzea izan zen. Besteren artean, Joxe Miel Barandiaranen eta Manuel Lekuonaren testuak aztertu nituen. Hainbat kondaira batu nituenean, udaletxean gisa honetako lan bat egitea proposatu nien, aurretik ere haur jolasen gainean lan bat egina baita. Udalean baiezkoa eman zidaten eta orduan hasi nintzen buru-belarri kondaira gehiago batzen.

­Nondik lortu duzu informazioa?

Kondairak jasotzeko inguruko hainbat leku bisitatu ditut, jendeari galdezka aritu naiz eta, gainera, aurretik idatzitako hainbat lan topatu ditut. Aipagarria da Oiartzungo apaizgai batek 1915ean egindako lana. Bere helburua ere kondairak batzea izan zen eta informazioa jaso bazuen ere, ez zen argitara eman.

­Herriko txikienengana eta helduenengana ere jo duzu.

Haurrei oparitzeko liburua da hau eta lehen unetik haurrek proiektuan esku har dezaten saiatu gara. Euren lana etxeko helduei galdetzea izan da, eta arrasto horiei jarraituz kondaira gehiago batzeko aukera izan dut. Era berean, zaharren egoitzan ere izan naiz. Bertan batutako hainbat kondaira kontatu dizkiet haiek osatu ahal izateko eta konturatu naiz kondaira bakarraren gaineko bertsio ezberdinak ezagutzen dituela jendeak.

­Ezagunak al dira jasotako kondairak herritarren artean?

Bai, badira kondairak jendearen artean ezagunak direnak eta lehen aipatu dudan moduan, kondaira beraren bertsio ezberdinak ere ezagutzen dira. Baina beste asko ahaztuak daude. Adibidez, kondairek aipatzen dituzten leku zehatzak bisitatzerakoan arazo handiak izan ditut. Maiz jendeak badaki kondairen berri, baina ez daki zehazki zein lekutan kokatzen diren.

­Eta gaztetxoenen artean?

Gaztetxoenek apenas ezagutzen dituzte inguruko kondairak. Ezagun dute, esaterako, Martin Txikiren istorioa eskolan lantzen dutelako. Lauzpabost kondaira ezagutzen dituzte ipuin gisa kontatu dizkietelako. Ezagutzen dituzte intxixuak, bailarako jeinu ezagunak direlako, baina ez dituzte kobazuloei eta bestelako tokiei izena ematen dieten beste jeinu batzuk ezagutzen.

­Hirurogeita hamarretik gora batu dituzu. Zein gairen ingurukoak dira?

Kondairen gaiak askotarikoak dira: animalien gainekoak, jeinu jakin batzuen gainekoak...

­ Bat aukeratzeko eskatuta...

Ezagunenetako bat Harrizko Emakumearen kondaira da. Bertan kontatzen denez, Frantziatik etorritako emakume batek ermita baten barruan Birjinaren arrosarioa lapurtu zuen. Berriz etxera bidea hartu zuenean, izaki misteriotsu bat agertu omen zitzaion. Egindakoa aurpegiratu eta berriz itzultzeko eskatu zion, baina emakumearen ezezkoa ikusita, madarikazioa bota zion eta harrizko bihurtu zuen. Harriaren erreplika Oiartzungo Gurutze auzoan dago eta originala Donostiako San Telmo Museoan gordetzen dute. Kondaira honen gainean egindako ilustrazioa jasotzen da liburuaren azalean oiartzuarren artean esanguratsua delako, baina bat aukeratzea...

­Zailtasun ugari topatu dituzu?

Intxixuekin izan ditut arazoak. Oiartzunen pertsonaia ezaguna da, esaterako, Kilometroetan irudi gisa erabili dute eta inauterietan ere sinbolo gisa hartzen da. Baina, hala eta guztiz ere, ez dago pertsonaia horren gaineko ideia bateraturik, eta horrela jaso dut liburuan ere. Azken batean, kondairen inguruan guztiek baitaukate beren egia.

­Argitaratzea premiazkoa da?

Zaharrekiko komunikazioa galdu dugun belaunaldi bat izan gara gu, ez dizkigute kontatu eta lan honen bidez ezagut ditzakegu. Gainera, garrantzitsua da kondairak idatziz jasotzea ere, gainerakoan galtzeko arriskua baitago.

­Beste proiektu batzuk esku artean hartuta zabiltza, ezta hala?

Bai, datorren urterako esaera zaharren bilduma bat ari naiz prestatzen eta aurrerago osatuko dut sorginen gaineko bilduma bat; izan ere, inguru honetan tradizio handia dago sorginei lotuta. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Volver al pueblo o inflamar al pueblo
Euskal Herria
La asamblea de torturados pide el fin de leyes y tribunales de excepción
Euskal Herria
«El desbloqueo vendrá de abordar que hay un sujeto con derecho a decidir»
Euskal Herria
«Euskal Herri osoan euskara ofizial izendatuko duen legedia behar dugu»
Kultura
Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean
Mundua
La tensión se dispara en Palestina con el anuncio de adelanto electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss