GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-12-17
- Lau eta Erdiko Txapelketako finala Ogetan
Irujo edo Barriola; berrespena edo pizkundea
·Iberokoak urteko hirugarren txapela nahi du; Leitzakoak irabaztearen poza berriro sentitu

DONOSTIA

Iritsi da, azkenean, final handia. Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak azken orrialdea idatziko dute gaur (Ogeta, 18.15, ETB1) joan den urriaren 6an hogei pilotarik idazteari ekin zioten Lau eta Erdiko Txapelketaren liburuan. Finalek beti sortu ohi duten ikusminarekin jarraituz, Gasteizko pilotalekua erabat beteko da gaur ere bi nafarren arteko lehia bertatik bertara ikusteko.

Izan ere, norgehiagokak baditu interes berezia sortzeko hainbat osagai. Batetik, Irujo urte berean Binakako, Buruz Buruko eta Lau eta Erdiko txapelak janzten dituen historiako bigarren pilotaria bilaka daiteke Retegiren atzetik. Bestetik, Barriolak modurik gozoenean amai dezake bi urte oso zaili zorioneko bukaera eman dien lehiaketa. Bietatik edonork irabazita ere, gauza bat argi dago, gaur Ogetan gertatzen denak pilota munduan zeresana emango duela datozen asteetan.

Ezusteko finalistak

Hogei pilotari aipatu ditugu sarreran, aurreko urteetan ez bezala, aurten lehiaketa behe-behetik hasi duten bi eskulari iritsi direlako final nagusira. Azpi-azpitik hasteaz gain, ez Leitzakoa ez Iberokoa ez ziren faboritoen zerrenda nagusian agertzen. Urteko beste bi txapelak jantzi dituen arren, zalantzaz josita ekin zion Juan Martinez de Irujok kaiolako lanari. Alde batetik, zalantza fisikoak zituen aurrelariak eta Saralegiren aurka Beotibarren jokatu beharreko txapelketako estreinako partida bertan behera uztekotan izan zen bizkarreko minaren erruz.

Aurreko urteetan egindako txapelketa kaskarrek ere ez zioten itxaropenerako arrazoi gehiegirik ematen, baina aurtengo sanferminetan Aimar garaiezinari Nafarroako txapela kentzeak emandako konfiantzarekin, hasierako dudak zapuzten joan da txapelketak aurrera egin duen heinean eta gaur faborito nagusi agertzen da.

Gaur Ogetako kantxan edozer gertatzen dela ere, txapelketako berririk onena Abel Barriola berriro ere bere mailan jokatzen ikustea izan da. Eskuko minekin azken bi urteetan izandako kalbarioa gaindituta, Leitzako atzelaria berriz ere dagokion lekua hartzen ari da frontoian eta 2001ean lortu zuen txapela ­lehendabiziko bere garaipen handia­ errepikatzeko asmotan da.

Ibilbide luzea

Barriolak urriaren 12an jokatu zuen lehen partida Peñagarikanoren aurka Bergaran eta aise nagusituz ekin zion Lau eta Erdikoari (22-4). Irujok, aldiz, urriaren 15ean Tolosan jokatutako lehen norgehiagokan bereak eta bi ikusi zituen Saralegi kanporatzeko, 13-19 galtzen joan ostean (22-19).

Iberokoak, ordea, hurrengo bi kanporaketetan nagusitasunez kanporatu zituen Asier Berasaluze (22-15) nahiz Xala (22-9), eta finalerdietako ligaxkan bere aurpegirik onena erakutsi zuen. Barriolari berari (22-14) eta Olaizola II.ari (22-16) irabazita, finalerako sailkapena eskuratu zuen azken partidaren faltan. Motibazio faltaren ondorioz, txapelketan jaso duen porrot bakarra jaso zuen Iruñean bere lehen garaipena lortu zuen Titin III.aren aurka (22-19).

Barriolak, hala ere, azken norgehiagokan ziurtatu zuen bere lekua finalean. Asier Olaizola ozta-ozta kanporatu zuen lehenik bere egunik txarrenean (22-17) eta Patxi Ruizen aurka ­Lizarrakoak min hartu zuen 17-8koarekin­ finalerdietan sartu zen. Irujoren aurka galdu arren, Titini bikain jokatuta irabazi zion (22-16) eta hil edo biziko azken partidan ere ikusgarri jokatu zuen pronostiko guztiak hautsita, eta Aimar Olaizola, azken bi urteetako txapelduna, finaletik kanpo utzi (22-20) zuen.

Esan bezala, bien arteko azken neurketa aurkitzeko ez dago oso atzera begiratu beharrik. Finalerdietako ligaxkaren barruan, Irujok 22 eta 14 hartu zuen mendean Barriola Iruñean azaroaren 11n jokatutako partidan. 235 pilotakada jo zituzten 47 minutu iraun zituen norgehiagoka gogorrean.

Datuak aztertuz, Iberokoak tanto gehixeago egin eta dezente gutxiago galdu zituela ikus daiteke. Buruz Buruko txapeldunak 6 tanto sartu zizkion sakez Leitzako atzelariari, jokoan 7 egin zituen eta 5 huts bakarrik ­horietatik bat lau eta erditik pasata­. Barriolak, berriz, 3 tanto egin zituen sakearekin, 6 jokoan, eta 9 huts egin zituen guztira ­3 pasa tartean­.

Estilo aldetik, kontrajarritako bi pilotariren arteko finala izango da gaurkoa; Barriola klasikoagoa eta Martinez de Irujo iraultzailea. Atzelaria izateko sake bikainaren jabe, leitzarrak botera jokatzea du gustuko eta holaxe jokatuta tantoa bikain amaitzeko gai da, dejada edo biparetakoen bitartez. Martinez de Irujok, aldiz, postura guztiak dominatzen ditu eta airez ezartzen duen zurrunbiloarekin edonor itotzeko gai da.

Irujo, a igualar el récord de Julián Retegi

Juan Martínez de Irujo lleva camino de romper todos los records y hoy puede igualar el que impuso Julián Retegi en 1990 al conseguir las tres txapelas oficiales, aunque en el caso del de Eratsun el trofeo del cuatro y medio no pasaba de ser un trofeo menor, prácticamente anecdótico. En aquel entonces, el delantero navarro se caló la txapela del Manomanista tras imponerse a Joxean Tolosa por 22-8, mientras que se enfundó la del Parejas junto a Inaxio Errandonea tras imponerse en la final a Vergara II-Etxenagusia por un contundente 22-3. Julián Retegi completó la «triple corona» tras vencer en el Cuatro y Medio a Ladis Galarza por 22-13 en una final disputada en el Atano III donostiarra. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Volver al pueblo o inflamar al pueblo
Euskal Herria
La asamblea de torturados pide el fin de leyes y tribunales de excepción
Euskal Herria
«El desbloqueo vendrá de abordar que hay un sujeto con derecho a decidir»
Euskal Herria
«Euskal Herri osoan euskara ofizial izendatuko duen legedia behar dugu»
Kultura
Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean
Mundua
La tensión se dispara en Palestina con el anuncio de adelanto electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss