GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-12-17
Martxelo DIAZ
Xantaia utzi, eskubideak errespetatu
Urriaren 21ean Debagoienan hartu zuten lehenengo lekukoa, etaazkenekoa Baigorrin, Donostian eta Iruñean izan dute, aste honetan.EPPK herriratzea eta gaixoak eta zigorra beterik dutenak askatzeahartu zituen aldarrikapentzat Askatasunaren ekimen ibiltariak, etamezuok zabaldu dituzte eskualdez eskualde. Atzo, xantaia alboratzekoeta eskubideak errespetatzeko eskatu zieten berriz Madrili eta Parisi.

Hilaren 9an Baigorrin, Donostian eta Iruñean hasitako gose-grebak atzo amaitu ziren. Eta ekimena hasi zuten aldarrikapenak gogora ekarri zituzten azken egunean, Estatu espainolari eta frantsesari bideratutakoak: Euskal Preso Politikoen Kolektiboa herrira dezatela «bere eskubide guztien jabe», eta gaixorik diren eta zigorra beteta duten presoak berehala aska ditzatela.

Nafarroako hiriburuan, 300 bat lagun bildu zituen manifestazioarekin amaitu zen astebeteko gose-greba. Mobilizazioa Baratxurien plazatik abiatu zen, eta aurrealdean, ikurrin eta arrano beltz baten atzetik, zanpantzarrak zihoazen. Ondoren, dagoeneko kalean izan beharko luketen Iruñerriko pre-soen senideek zeramaten pan- karta «Gaixo larriak eta kalean behar duten presoak kalera orain» leloarekin. Haien atzetik, Iruñean gose-greba egin dutenak zetozen preso horien guztien argazkiak erakusten zituen pankartarekin. Iñaki de Juanaren argazki handi bat ere bazeramaten. «Amnistia» hitza osatzen zuten letrak ere ikus zitezkeen nonahi.

Ibilbidean zehar «euskal presoak etxera», «Iñaki de Juana askatu» eta «presoak kalera amnistia osoa» gisakoak oihukatu zituzten. Manifestazioa PSNk Sarasate pasealekuan duen egoitzaren aurretik pasatu zenean, oihu horiek askoz ere ozenagoak bihurtu ziren. Manifestari askok Iñaki de Juanaren bizia PSOEren esku dagoela esaten zuten eranskailu handiak zeramatzaten soinean.

Gaztelu plazara albokaren doinuz lagunduta heldu ziren manifestariak, eta han bertan presoen omenezko aurreskua dantzatu zuten.

«Trukerako txanpon»

Gose-grebalarien eledun batek protesta hori egitearen arrazoiak azaldu zituen, eta duela aste batzuk Askatasunak abian jarritako ekimen ibiltariaren barruan kokatzen dela ekarri zuen gogora.

Aste osoan gose-grebalariekin bilerak izan dituzten taldeen izenean, Sabino Cuadrak protesta hau egin dutenen eskuzabaltasuna, presoen eskubideek «edozein testuingururen gainetik bermaturik egon» behar dutela eta helburu hori lortzeko «euskal gizarte osoaren konpromisoa eta ahalegina beharrezkoak» direla nabarmendu zuen.

Amnistiaren aldeko mugimenduaren izenean, Oihana Agirre aritu zen Gaztelu plazako kioskotik, eta Madrilek eta Parisek presoak «xantaiarako eta trukerako txanpon gisa erabiltzen» dituztela salatu zuen.

Gobernu espainoleko presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori eta PSOEko agintari nagusiei zuzendu zitzaien Agirre Iñaki de Juanaren egoeraren erantzuleak direla esateko. Era berean, «EuskalHerriaren kontra egiten duten errepresio politika alboratzeko eta bertan behera uzteko» eskatu zieten amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkariek.

EuskalHerriak bizi duen gatazka gainditzeko prozesu demokratikoa behar dela azaldu zuen, gainera, eta prozesu hori martxan jartzeko preso eta iheslarien parte-hartzea bermatzeaezinbestekoa dela gaineratu zuen.

Iruñean bezalaxe, Donostian ere manifestazio batek eman zion amaiera gose-grebari. Hitzordua eguerdian zuten herritarrek, hiru auzotan:Antiguan, Amaran eta Intxaurrondon. Izan ere, horietatik herritar talde bana abiatu zen hirigunera bidean, zehazki Bulebarrera.

13.00ak aldera elkartu ziren aipatutako tokian, eta hantxe hasi zen mobilizazioa. Guztira, 200 bat lagun ziren.

Guztien aurretik, solidarioz jantzitako hamaika herritar abiatu ziren. Horietako bakoitzak letra bana zeraman eskuetan; guztien artean «Iñaki askatu» esaldia osatzen zuten.

Arropa zuriz jantzitakoen atzetik, ostera, aste honetan guztian ezertxo ere jan gabe egon diren hamabi grebalariak zihoazen. Eta horien gibelean, gainerako manifestariak. Nafarroako hiriburuan bezala, Gipuzkoako mobilizazioan ere ez zen falta izan Iñaki de Juana-ren irudia. Gainera, preso donostiarrarekiko elkartasun mezuak nagusitu ziren mobiliza- zioan parte hartu zuten guztien ahoetan.

Erantzulea, PSOE

Hiriguneko kale nagusiak igaro ondoren, manifestazioa berriz ere abiapuntura iritsi ziren. Bulebarreko kioskoan ekitaldia hasi zuten orduan. Eta hasi, gose-grebalariek kantatutako bertsoekin hasi zen.

Txalaparta doinuen ondotik, amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkari Sabin Juaristik hartu zuen hitza. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bizi duen «egoera larria» gogora ekarri zuen beste behin eta, Estatu espainolari begira jarrita, horren ardura nagusia PSOEk duela bota zuen. De Juanaren kasu zehatzari so eginda, donostiarrari gerta dakiokeenaren erantzukizuna Jose Luis Rodriguez Zapatero buru duen alderdiarena dela gaineratu zuen, eta ez beste inorena.

Ez zuen aukera galdu nahi izan aste honetan eta aurrekoetan Askatasunaren ekimenarekin bat egin duten gose-grebalariei eskerrak emateko, «aste hauetan lortutako indar metaketa» hori nabarmentzeko eta, azken batean, herritar horien ahalegina zoriontzeko.

Presoek beren eskubideen alde aurrera daramaten borroka ere ekarri zuen gogora, eta gatazka gainditzeko prozesuan beren parte-hartzea ezinbestekoa dela agertu zuen. Presoak etxeratu ahal izateko, euskal herritar guztien lana beharrezkoa izango dela adierazi zuen.

Baigorrin ere manifestazioa egin zuten ekimena amaitzeko. «Eskubide guzien jabe, euskal presoak etxera» esaten zuen pankartaren atzetik, dozenaka lagun mobilizatu ziren.

Hiru hitzorduetan, datorren asteazkenerako Amnistiaren aldeko Mugimenduak antolatu duen mobilizazio egunean parte hartzera deitu zuten. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Volver al pueblo o inflamar al pueblo
Euskal Herria
La asamblea de torturados pide el fin de leyes y tribunales de excepción
Euskal Herria
«El desbloqueo vendrá de abordar que hay un sujeto con derecho a decidir»
Euskal Herria
«Euskal Herri osoan euskara ofizial izendatuko duen legedia behar dugu»
Kultura
Xabi Paya txapeldun, azken urteotako Bizkaiko finalik lehiatuenean
Mundua
La tensión se dispara en Palestina con el anuncio de adelanto electoral
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss