GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-22
Arrasateko Santamasak
Baserri erakargarri bilakatuko da gaur erdigunea
·Inguruetako fruta, bazkari eta abere azokarik ospetsuenak giro ederra sortzen du

Gaurko eguna gorriz markatuta dute Arrasateko egutegietan. Iraganeko garaiak gogoratzeko aukera paregabea dira santamasak. Erdiguneko kaleak baserriko eta baratzeetako produktu nahiz animaliez betetzen dira goiz osoan. Milaka pertsona bertaratuko dira giro bikainaz gozatzera.

GASTEIZ

Baserritarrez jantzita irtengo dira gaur arrasatear asko eta asko, hain gogoko duten santamasak behar bezala ospatzeko. Goiztiarrenek oraindik ohean sartu ez direnekin egingo dute topo; etxera iritsi ezinean batzuk, eta besteak, aldiz, dotore jantzita eguneko ekintzez gozatzeko asmoz.

10.00etarako Euskal Herriko produktu eta abere onenak erdigunera bertaratzen direnen begien bistan izango dira. Ohikoa den legez, fruta eta barazki erakusketa eta lehiaketa Seber Altube plazan izango da. Aurten, 25 baserritar inguru arituko dira lehian.

Biteri enparantza berritua produktu gastronomikoen ardatz bilakatuko da berriro ere aurtengo jaian. Produktuak erakusten egongo diren ehun bat postuak hara bueltatuko dira bi urteren bueltan. Idiazabal gazten postuek hartuko dute toki gehien. Inguruetako azoketan aurki daitezkeen bestelako produktuak ere izango dira, hala nola, baserriko ogia eta gozokiak, hestebete askotarikoak nahiz kontserbak. Gabonetan gehien erabiltzen direnak ere ez dira falta izango.

Jokin Zaitegi plazan artisauen erakusketa izango da beste behin ere, eta Debagoieneko abelburuak, berriz, Laubide plazan egongo dira ikusgai. Hegaztirik, ordea, ez da egongo, erakundeek ezarritako debekua jada indarrean ez dagoen arren. Aipatzekoa da eguerdi-partean Igor Etxaniz Kinttela-k enparantza berean behizainen hezteko hainbat moduren erakustaldia egingo duela eta ondoren, haurren gozamenerako hainbat zezentxo aterako dira.

Pintxo lehiaketa

11.00ak aldera, hirugarren urtez tabernen artean egiten den pintxo lehiaketari emango diote hasiera Herriko plazan. Ordu ona txistorrarekin eta sagardoarekin gorputza berotzen hasteko, baita kaleko giroa alaitzeko ere. Horren guztiaren ardura Iturengo joaldunek, txarangak eta trikitilariek izango dute.

Herri-kirolak gustuko dituztenek badakite nora jo. Zaldibargo pilotalekuan gogor lehiatuko dira Olasagasti eta Mindegia aizkolariak desafioaren errebantxan, Arrospide eta Nazabal kanakoa mozten, eta Larretxea aita-semeak eta Mugerza aita-semeak. Han izango dira Aimar Irigoien, Saralegi eta Inazio eta Iñaki Perurena harri-jasotzaileak ere.

Apurka-apurka, bazkalordua iritsiko da. Jai dauka azkenen ordurako utzi duenak, bertako nahiz inguruetako jatetxe gehienak jada beteta egongo dira-eta.

Santamas egunean bazkalondo ederra egiteko ohitura errotuta dago Arrasaten. Kontuan hartzekoa da, alde horretatik, arratsaldeko lehen orduetan ekimenik ez dela izaten. Are gehiago, tabernak ere itxita egoten dira.

18.00etan, Uarkape pilotalekuan Santamas pilota txapelketaren partidak hasiko dira. Kaletik ibiltzea nahiago duenak, aldiz, Joselu Anaien dantzaldiarekin egingo du topo, ordubete geroago, Herriko plazan, hain zuzen.

Bertsozaleak, bitartean, Amaia antzokian bilduko dira, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Fredi Paia, Manex Agirre eta Enaitz Alustizaren saioaz gozatzeko. Santamas eguna pilota partidekin eta dantzaldiarekin amaituko da.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Baserritar jantzi ziren hiriburuak
Ekonomia
Bruselas acuerda una «veda» en la que permitirá capturar anchoa en plena costera
Mundua
Un infarto mata al presidente de Turkmenistán y se abre una crisis
Kultura
Michel Duvertek irabazi du aurtengo ohorezko Euskal Kultura saria
Euskal Herria
Batasuna acusa de mentir a «los que dicen que el proceso va bien»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss