GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2007-01-06
Alex Carrascosa - Gernika Gogoratuzeko kidea eta Artamugarriak-eko «artibista»
Romuald Hazoumérekin solasean

Astebete baino gutxiagoan, eztanda bik, besteak beste, asaldatu egin gaituzte; elkarrengandik urruneko danbadak, ezin konparatuzkoak, kausa eta ondorio erabat ezberdinetakoak, baina era berean bortitz eta suntsigarriak. Bata Nigeriako Lagos hirian, abenduaren 26an; bestea, lau egun beranduago, Barajasen. Abule Egba auzoan petrolio-hodi bat lehertzen zen bertatik jende andana erregaia lapurtzen ari zela; Madrilgo Barajas aireportuan bonba-auto batek T-4 terminalean, aparkalekuko D moduluko bost solairuak birrintzen zituen bizitza bi eta ez bake prozesuan, baizik eta bere eragileengan egon zitekeen itxaropen urria zapalduz.

Eskala handiagoan Nigeria erregai-tanga handi bat da, zeinari Benin aldiri bat bezala atxikitzen zaion. Nigeriak petrolioa du eta benindarrek mugan gasolina hartu eta Togoraino banatzen dute. Beningo biztanleen %95ek gasolindegietakoa baino askoz merkeagoa den erregai hori kontsumitzen dute. Izan ere, Porto Novori gasolina aizunduaren hiriburua irizten zaio. Gobernuak ez ikusiarena egiten du, ezkutuko salerosketa hori parasistema ekonomiko bat osatu arte garatu baita. Herritarrek ezin dute gasolina ofiziala erosi eta erregai-trafikoa familia askoren ogibidea da. Barreiaturik, inurri-lasterrak diruditela, bidoiez kargatutako motorretan doaz. Bidoietan arroza daramate gasolinarekin trukatzeko: bidoian poltsa bat sartu eta arrozez betetzen dute, gero arroza bota, poltsa atera eta bidoiak gasolinez beterik itzultzen zaizkie. Lau litroko bidoiak ia sei aldiz gehiago (23 litro) eraman ahal izateko puztuak, dilatatuak; ehunka litro erregai daramatzaten motorrak, tanga ibiltari bilakatuak. Azken finean, garraiolariei edo «bizirik irautearen heroiei» leher da- kizkiekeen bidoi eta tan- gen «erruleta benindarra», ausaz zart egiten dien eta errepideetan orban ilunak irradiatzen dituzten benetako bonbak.

Yoruba Nigeriatik Ghanarainoko jatorrizko herrikoa den Romuald Hazoumé artistaren gogoetak ditugu horiek guztiak. Pasa den azarotik datorren otsailera arte Guggenheim-Bilbao Museoan, “%100 Afrika” talde-erakusketan, bere lanak ikusgai daude: elbarrientzako tanga-motor bat eta zenbait mozorro-bidoi. Tanga-motorra soldatutako bi motor bikiz eta horien gainean 450 litroko erregai-tanga batez osatuta dago. Karga-hegazkinen antzera, motor-mota hauei «Cargo» deitzen zaie. «Benindarrok gasolina ilegala garraiatzen txapeldunak gara», dio Hazoumék eta «Cargo» izena irudiztatzen du motorrari bosna bidoiko hegal bi (250 litro hegaleko) gehituz: «txinatar eta iparamerikar neokolonoei bueltan bidaltzen diedan hegazkina». Europarroi geure hondakinak mozorro bihurtuta itzultzen dizkigu. «Afrika zabortegi bilakatu zaigu eta bidoi beltza ezin birziklatuzko zabor arketipikoa da. Lehenago erabiliak izan zirenez, erabilezin gelditu direla eta horien azpian bizitzak, ibilbideak eta istorio zehatzak daudela adierazi nahi izan dut». Hazoumé, halaber, «plater mailatuez, hagunez, lapikoez, hots, hainbatek ustiatu eta zabortegira bota duten guztiaz» baliatzen da. «Bizi diren ingurunea suntsitu duten gizarteez mintzo naiz». Dena dela, bere artelanen hartzaile nagusiak benindarrak eurak dira: «Arteak hiritarron zerbitzura egon behar du. (...) Gure oroimena gal ez genezan, nire herriari nondik gatozen eta nortzuk garen adierazi nahi izan diot eta globalizazioaz ohartarazi dut. (...) Nire lana ez da politikoa, bizirauteko bonba hauek sortzen dituzten eskale eta elbarritu hauen egoeraren bozeramaile izan nahi badut ere».

Euskal Herritik iragan zela aprobetxatuz bake prozesuaz galdetu genion; bat-batean, Hazoumék euskaldunoi gogoeta xume bezain sakona eskaini zigun: «Nora ezean goazenean komeni da nondik gatozen jakitea. Lehen urratsa indarkeria etetea da. Nire mezua: hildako gehiagorik ez. Horixe izan behar da artiston aldarria. Indarkeria bere buztanari hozka ari zaion sugea da; indarkeria besterik ez du eragiten. Nork ahaztu dezake bere buruaren kaltetan edo bere familiaren aurka eragindako indarkeria? Gatazkan dagoen alderdi bakoitzak bere baitara begiratu eta azterketa egin beharko luke, huts egin gabe, nork bere buruari gezurrik esan gabe, heroitasunezko edo harrokeriazko sentimendu guztiak aldenduz. Geure buruari zenbat irabazi eta zenbat galdu dugun galdetu behar diogu; den-dena mahai gainean ipini, hildakoak, elbarri eta ezinduak, presoak, alargun eta umezurtzak... Den-dena balantzan neurtu, neurtezina dirudien arren. Horrelaxe bakarrik egin dezakegu aurrera, bestela gorrotoak belaunaldiz belaunaldi jazarriko gaitu. Alderdi bietan, horrenbestez, beharrezkoak dira pertsona sendo bezain malguak, elkarrentzat onartezina dena onartzeko prest daudenak. Ezinbestekoa da, jakina, euskaldunok haien kultura, haien eskubideak defenda ditzatela. Baina orain arte zer irabazi den, zenbat galdu duten ere itaundu behar diote euren buruari. Euskal herritar eta espainiar bakoitzak bere barrunbera begiratu eta azterketa egin behar du. Azterketa ez da herrien artekoa, euskal herritar eta espainiarren artekoa, hiritar bakoitzaren baitakoa baizik. Nork bere ekimenen ondorio onuragarriak eta kaltegarriak zintzotasun osoz erkatzen dituela. Soil-soilik oroimenak lagunduko baitigu gorrotoa gainditzen».

Agian Romuald Hazouméren arteari, berak deritzon legez, ezin diogu zorrozki politikoa iritzi, ez baitu hiritargoa zuzenean parte hartzera bultzatzen, hiritarrak kontzientziatzeko ahalegin eskerga badagi ere; komunitatearen dramei «era atsegin eta ironikoan» heltzen die bere artelanen bitartez. Haren go- goetak, ordea, politikoak dira bete-betean, bizkorgarri eta katalizatzaile zaizkigun heinean pentsatzeko gonbit egiten digutelako, kiribil ireki bat trazatuz bezala, atzera itzuli ahala iraganetik ikas dezagun eta etorkizunera goazela kontsekuente izan gaitezen.

Beraz, Barajasera begira, hondamendi berri honen aurrean geldirik, bi erailketa absurdu hauengatik erabat suminduta, zer egin dezakegu hiritarrok? Nola jaiki gintezke ETAren oker egiteko erabakiaren edo Espainiar Gobernuaren ezer ez egiteko erabakiaren eta bien ondorio ikaragarrien artean? Bistan denez, ezin dugu, iragana aldatu ezin dugun bezala. Baina, behintzat, besteek protagonizatzen dituzten istorioei adi gelditzeari utz diezaiokegu eta geure historiaren pro- tagonistak izan gaitezke; behintzat, zerura begira eguraldi egokiaren esperoan egon ordez, beste barik, plazara jalgi gaitezke eta plaza bera eralda dezakegu, oskarbi dagoela, haizea dabilela edo harri-jasa ari duela ere. Nola eraldatu, baina? Bada, sendotasun moralaren substratua emekiro sortuz; abiapuntu eta ikuspuntu ezberdinak, baita itxuraz kontrajarriak, dituzten pertsonek osatutako zimendua; borondate sendo bezain malgua duten hiritarrek osatutako etxe komun, zabal eta suntsiezina. Ba ote dugu beste aukerarik? -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Bases democráticas para poder avanzar
Euskal Herria
«Ni una mala palabra, ni una buena accion»
Euskal Herria
Beste 80 kilo lehergai topatu dituzte Atxondon
Euskal Herria
Epaileak debekatu arren, Belodromoko ekitaldira joateko deia egin du AAMk
Ekonomia
Bruselas baraja sanciones contra empresas energéticas
Mundua
El Grupo de Contacto reclama la financiación «urgente» de una fuerza de paz para Somalia
Kultura
«No hay una diferencia aplastante entre nominarte y ganar; esto ya es alucinante»
Kirolak
Hondarribia-Irun vence gracias a una gran defensa ante UB Barcelona
Euskal Herria
Batasuna analiza la situación del proceso con Ibarretxe, EA y PNV
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss