GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2007-01-22
Urte osoko begirada ziegen barnealdera
Hemen duzuna 365 eguneko kronika bat da. Ez daude gertakari guztiak bilduta, ezta protagonista guztiak ere, baina urte osoan Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten gizon eta emakumeek bizi izandako egoeren ispilua izan nahi du. Espetxeetan dagoen krudeltasunaren isla, alegia.

Igor Angulo eta Roberto Sainz. Estatu espainolak eta frantsesak martxan duen espetxe politika ankerraren adibide argienak dira. Bi euskal preso politiko horiek bizitza galdu dute 2006ko espetxe politikaren kronikan, eta dolumina sortu du horrek euskal gizartean. Alde horretatik, horiek ez dira espetxeetako barren artean gertatutako urraketa larri bakarrak. Hona hemen hamaika adibide gehiago, Askatasunak zabaldutako datuetan oinarrituta.

2006ko urtarrilaren 6a - Lorea Azpilikueta eta Anuntzi Alonso Alcala espetxean dauden preso politikoek patioan egoteko bi ordu zituzten, baina ordu batera funtzionarioek arrastaka eramaten zituzten. Azpilikuetari lau ostikada eman zizkioten; Alonsori berriz, arropa hautsi zioten. Azpilikuetak salaketa jarri bazuen ere, funtzionarioa absolbitu zuten.

Urtarrilaren 18a - Zuhaitz Errasti higiene eta garbiketa greba egiten hasi zen Poitiers espetxean bertako bizi-baldintzak salatzeko. Borroka luzea egin zuen Errastik, eta horren ondorioz, 41 egun igaro zituen zigor-ziegan. Urtarrilaren 26an lekuz aldatu zuten.

Urtarrilaren 19a - David Cebrian eta Aratz Gomez Villabona espetxean zeuden preso, eta funtzionario batek eta preso arrunt batek bultzatuta, hamalau preso arrunten artean jipoitu zituzten.

Urtarrilaren 23a - Iosune Oña eta Asier Mardones Soto del Realen preso dauden bi euskal herritarrak egun honetan ezkondu ziren. Hamaika egunera, Mardones Aranjuezera bidali zuten.

Urtarrilaren 30a - Zuerako espetxean, Legionella agerraldi baten ondorioz, bi preso arrunt hil ziren. Bertan zeuden euskal preso politikoei espetxeak ez zien eman agerraldi horren inguruko informaziorik, eta espetxeak hartu zuen prebentzio neurri bakarra litro eta erdiko ur botila bat ematea izan zen.

Otsailaren 6a - Meaux Chauconin Neufmontiers espetxean zeuden preso politikoen senideek bidalitako dirua atzeratu zuten, eta bi hilabeteko dirua elkartuz «parte zibila eta liberazio partea» kendu zizkieten. Bertan zeuden Urtzi Zubizarreta, Oier Goitia eta Haimar Altuna neurri hori salatzeko plantoa egin zuten. Funtzionarioek indarkeria erabiliz zigor-ziegara eraman zituzten; bertan, indarrez biluztu eta larrugorrian utzi zituzten ordubetez. Zubizarretak bi egunez buruko min etengabea eta zauriak izan zituen kolpeen ondorioz. Martxoaren 20an, gose-greba mugagabeari ekin zioten hiru presoek. Apirilaren 7an amaitu zuten gose-greba hainbat eskari eskuratu baitzituzten.

Otsailaren 11 - Draguignan espetxean, Mikel Albisu, Marixol Iparragirre eta Urtzi Murueta presoek gose-greba hasi zuten. Astebeteren ostean, Murueta Estatu espainolara entregatu zuten, eta Iparragirrek eta Albisuk gose-greba amaitu zuten eskaerak eskuratu baitzituzten.

Otsailaren 16a - Anjel Alkalderen askatasun eskaera onartu eta libre utzi zuten. Urtarrilean bihotzekoak eman zion Portugaleteko presoari, eta ospitalean egon ostean, espetxera itzuli zen. Hesteetako odol-jarioa izan zuen. Erietxera berriz eraman eta tumore bat aurkitu zioten. Alkalde ospitalean zegoela, traba handiak jarri zizkioten senideak ikusteko; alabaren bisita ere ukatu izan zioten.

Otsailaren 19a - Aranjuez espetxean sei euskal preso politiko zeuden UNEDeko unibertsitatean ikasten, baina otsaileko azterketetan eman zizkieten ikasteko materialak. Ikasleentzako modulu bat izanik, euskal preso politikoak tutoretzetan bakarrik egon daitezke bertan. Traba ugari jartzen diete espetxe guztietan ikasketak egiteko.

Otsailaren 20a - Auzitegi Goren espainolak Unai Paroti 197/2006 epaia aplikatu zion. Espetxe onurak zigor osoari beharrean, ezarritako kartzela zigor bakoitzari aplikatzea erabaki zuen auzitegiak, espetxealdia gehiago luzatzearren. Urte bukaerarako beste hemeretzi presori ezarri zieten epai bera.

Otsailaren 27a - Igor Angulo Santurtziko preso politikoa hilik aurkitu zuten Cuencako espetxeko ziegan.

Martxoaren 3a - Aranjuezeko espetxean Igor Anguloren heriotza salatzen ari zela, bihotzeko batek eman, eta Roberto Sainz portugaletetarra hil zen. Euskal Herriak doluminez bizi izan zituen egun haiek. Azken agurra egin nahian, milaka eta milaka euskal herritar bildu zen Ezkerraldeko kaleetan. Ertzaintzak gorrotoz eraso zien azken agurra ematera joan zirenei.

Apirilaren 2a - Aurrez aurrekoen ostean, miaketa sakonak egiten hasi ziren Ocañako espetxean. Unai Dañobeitiak biluzteari uko egin zion. Eta miaketan ezer aurkitu ez zioten arren, arrebari sei hilabetez aurrez aurrekoetara joatea debekatu zioten. Mikel Orbegozoren senideek, berriz, ezin izan zuten sei hilabetez aurrez aurrekorik egin, Orbegozori neska-lagunaren eskutitz bat aurkitu ziotelako.

Apirilaren 4a - Alcala Mecoko preso prebentiboei bisitak egiteko hamar lagunen zerrenda 2004. urteaz geroztik dute indarrean. Bi urte hauetan behin bakarrik lortu dute zerrenda hori aldatzea.

Apirilaren 7a - Xabier Etxeberria Muret-en preso dagoen euskal herritarrari bisitak izatea debekatu zioten, eta bospasei funtzionarioren artean kolpatu zuten. Zigor ziegara eraman zuten. Hamaika egun igaro zituen bertan.

Apirilaren 21a - Naiara Mallabia, Avilako erietxean mediku azterketa egin ostean, Brievako espetxera Polizia espainolaren furgonetan eraman zuten. Bidean zihoala, eskuburdinak jarrita, iletik tiratu zioten; hormaren aurka jo zuten ukabilkadak emanez, eta oihuka aritu zitzaizkion. Mallabiak salaketa jarri bazuen ere, hori artxibatu eta salaketa faltsua egiteagatik beste prozedura bat zabaldu zioten.

Ekaina - Los Rosales espetxean Mikel Arretxe, Altzibar Valderrama eta Zunbeltz Larrea zeuden preso; egun, azkena soilik dago bertan. Hango bizi- baldintzak erabat larriak dira, egun guztia kameradun geletan igarotzen dute, eta bertan egiten dutena kontrolatzen dute. Guztia da nahitaezkoa: dutxatzea, kirola egitea, platerean jarritako guztia jatea, haginak garbitzea... Liburuak ere funtzionarioek sailkatzen dituzte, eta haiek esandakoa bete ezean, zigorra jartzen diete. Bisitetara bi lagun soilik joan daitezke, eta batek gurasoa izan behar du.

Uztailaren 6a - Aitziber Sagarminaga Villabonako espetxean dago preso, eta atxilotu zutenik arazo ginekologikoak ditu. Egun horretan, ginekologoarekin zuen ordua, baina eskuak loturik eta poliziakidea aurrean zegoela egon behar zuela esan zioten, eta uko egin zion kontsultari.

Uztailaren 23a - Itxaso Guemes Soto Del Realen zegoen preso, eta Polizia espainolaren esku inkomunikatuta egin zituen egunetan torturatu zutela salatu zuen. Gertaera horiengatik deklaratu behar zuenean, bai auzi medikuen bai epailearen aurrean Guardia Zibila presente izan zen haren deklarazioa baldintzatu nahian. Guemesek uko egin zion hala deklaratzeari.

Abuztuaren 7a - Iñaki de Juana Chaosek 63 egun iraun zuen gose-greba hasi zuen espetxeetako salbuespen egoera eta bere aurka abiatu nahi zuten auzia salatzeko. Auzitegi Nazional espainolak 12 urte eta zazpi hilabeteko zigorra ezarri zion bi iritzi artikulu idazteagatik. Zigor horri aurre egiteko, beste gose- greba mugagabe bat hasi zuen. Azaroaren 24an Doce de Octubre ospitalera eraman zuten, eta bere borondatearen kontra hasi ziren elikatzen. Mobilizazio ugari izan dira Euskal Herrian, eta elkartasuna Algeciraseraino iritsi zen Ibaetako Foroaren eskutik.

Abuztuaren 19a - Karlos Kristobal preso politikoaren senideek auto istripua izan zuten Herrera de la Manchako espetxe espainoletik zetozela. Askatasunak 2006an hemezortzi istripu izan zirela eman du ezagutzera.

Abuztuaren 28a - Aintzane Orkolaga preso politikoak bi urte daramatza bakartuta Versailles-ko espetxean. Orain preso arabiar bat eraman dute, baina Orkolagarekin harremana izatea debekatu diote.

Irailaren 9a - Bordeaz Gradignan espetxean dago preso Maite Juarros, eta amaren bisita baimena kendu diote inolako azalpenik gabe.

Irailaren 17a - Filipe Bidart euskal preso politikoari bigarren aldiz baldintzapeko askatasuna ukatu zioten.

Irailaren 21a - Jon Agirre Agirianori, larriki gaixorik egon arren, 197/2006 epaia ezarri eta 30 urteko espetxe zigorra jarri zioten.

Azaroaren 11 - Gorka Martinez aita izan berritan, semea ezagutzeko bizikidetzako bisa ukatu zioten Puerto II.eko espetxeko funtzionarioek.

Abenduaren 18a - Istripu larri baten ondorioz, Jon Garmendiak traumatologoaren beharra du. Navalcarneroko espetxeak eskubide hori urratu zion. Garmendiak gose-greba abiatu zuen eskubide urraketa hau salatzeko xedez.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Las bases de Eusko Alkartasuna apoyan concurrir en solitario a las elecciones
Kirolak
A la Real le falta gol y margen de error
Mundua
El Partido Radical gana en Serbia, pero el Gobierno será para los pro occidentales
Kirolak
El punto que regala la Federación y poco más
Kirolak
Atraviesa el ecuador con un nuevo halo de esperanza
Euskal Herria
El movimiento pro amnistía valora que el TS cierra puertas al diálogo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss