GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi | Kazetaria

Maletak egiten hastekotan

Ezagutuko duzu, noski, «13, Rue del Percebe». Bada, ideia bat egin dezazun, gureak badauka nolabaiteko antza komiki sail horren oinarri den etxe eroarekin. Eta ezinak jota nago; bizilagunak ezin jasanik, esan nahi dut. Hain muturrekoa da egoera, maletak egiten hasi eta auzotik joatekotan gaudela. Ahalik eta urrunen eraikin malapartatutik.

Bigarren solairuan bizi gara, eta azpiko auzokidea da gure gurutze nagusienetakoa. Liskarrak eragiten noiz hasi zen ere ez daukagu gogoan. Aspalditik datoz haren erantzun txarrak. Gauza txikienarekin joaten gatzaizkionean ere -azukre pixka bat eskatzera, adibidez-, oker beti muturra. Normalean, ezezkoa ahoan dantzan. Behin edo behin utzi izan digu eskatu diogun hori, baina orduan ere ondo kostata: alegia, azukre potetxoa zertxobait betetzea lortu dugunean, eskaileretan gora umiliazio sentsazio nabarmena izan dugu. Oihu egin duelako, edo aurpegi iluna jarri, edo muturrera barre egin, edo irainen bat bota, edo... Eta atentzioa deitu izan diogunean, are eta harroago agertu izan da, paparra puztuta, kopeta tente.

Hori nahikoa ez eta, azken aldian, usain arraroa sumatu dugu ezkaratzean. Haren ate azpitik ateratzen da. Ez da susmoa; ziur gaude. Kiratsa da, ustel puntukoa. Atera kontuak, Poliziari deitzeko tentazioa ere izan dugula!

Goiko bizilaguna isilagoa da. Azeriagoa. Alegia, denbora luzean ez du gerrarik emango, baina lehertzen denean, ai lehertzen denean... kasu! Egia da bost axola zaiola nor duen auzoko, bizi garen edo ez, baina gurean festa sumatzen badu edo musikaren bolumena goi samarrean jartzen badugu, laster hasiko da erratzaren kirtenarekin zorua jo eta jo. Bere-berea da, besteona apreziatzeko gai ez den horietakoa.

Horrela daude kontuak gurean. Zirt edo zart egiteko garaia dela uste dugu batzuek, baina arazo bat daukagu, pisuzkoa: osaba tematu egin zaigu eta ez du handik joateko gogo handirik agertzen. Urte asko direla etxe horretan, horixe dio; sofak bere ipurdiera harturik duela ere esan digu. Eroso bizi dela han, azken finean. Boluntariorik bai osaba konbentzitzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo