GARA > Idatzia > Kultura

«Beti kantu zaharrak aritu gara ematen, baina guk ere baditugu gauzak errateko»

p054_f02_190x144.jpg

Maika Etxekopar

Amaren Alabak taldeko kidea

Maika Etxekopar 1987an sortu zen eta Amaren Alabak taldearekin duela hamahiru urte hasi zen kantuz. Zuberoako seikotearekin daraman lanarekin batera, antzerkigintzan ere aritu da. Petit Theatre des Pains taldean lanean aritzeaz gain, antzerkiak ere landu ditu.

Ainize BUTRON | BAIONA

Duela bost urte lehenengo diskoa kaleratu zuen Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriart eta Maika Etxekopar kantariak biltzen dituen Amaren Alabak taldeak. Eta urte berriarekin batera, berriz heldu zaigu Zuberoako taldea, ohikoa duen a capella estiloan, «Plazandere» izeneko diskoarekin. Taldeak azken bost urteotan taula gainean abestu dituen kantuak biltzen ditu lan berri horrek. Disko hori plazaratuz, azken bost urteotan eramandako lanari amaiera eman nahi izan dio, izan ere, Amaren Alabak taldeak.

Maika Etxekopar taldeko kideak bide berri bat irekitzeko beharra sentitzen dutela nabarmendu zuen lan berriaren edukia eta zergatia azaltzerakoan. «Plazandere» kaleratu zutenetik lehenengo kontzertua gaur bertan egingo dute, Uztaritzeko Hartzaro jaialdian.

«Plazandere» du izena zuen bigarren diskoak. Hamabost kantuz osatua, besteak beste, Xalbadorren eta Etxahunen kantuak abesten dituzue...

Testuak garrantzi asko dauka guretzat. Xalbador eta Barkoxeko Etxahun bezalako olerkari ezagunen kantuak biltzen ditugu batik bat, diskoan. Etxahunen abestiei dagokienez, herrietako kronikak dira gehienbat aipatzen testuetan. Kantu zaharrak dira, gaur egun Zuberoan gutxi abesten direnak. Aurreko belaunaldiko batzuek soilik ezagutzen dituzte. Horiekin, Didier Aguerre Pagolako presoak idatzi duen «Herri txikia» olerkia dago ere, edo Eñaut Etxamendik idatzitako «Ezurren balada».

Grabaketa zuzenean egin zenuten joan den udan.

Bai, Maule gaineko eliza txikian Pierre Visslerrekin, eta grabatu genuen bezala utzi dugu... naturala. Akatsak entzuten dira, baina, den bezalakoa da, gu garen bezala.

Talde batek diskoa grabatzen duelarik arrazoi batengatik izaten da. Zein da zuena?

Aurreko lanarekin egin genuen bezala, disko honetan, azken bost urteotan kontzertuetan kantatzen aritu garen errepertorioa atxiki nahi izan dugu. Kantu horiek guztiak agertzen dira diskoan. Sentitzen dugu ere beste zerbait egiteko beharra... bakoitzak bere lana badu, bere bidea eta bizia egiten ari da, eta gustu ezberdinak ditugu.

...zer da? Amaren Alabak taldearen bukaera edo hats berri bat hartzeko beharra...

Ez dut pentsatzen geldituko garenik, gure bizitzan parte handi bat baitu Amaren Alabak, eta oraindik seien artean proiektuak baititugu. Baina, eman dezagun, ez dugu sekula konposiziorik egin, eta bakoitzak gure gustuak ditugu, beraz, bide berria hartzeko beharra genuen. Ez dugu ideiarik bide hori zein izango den, ez eta nola eginen dugun ere. Baina, beti kantu zaharrak aritu gara egiten; orain guk ere baditugu gauzak errateko.

Badituzue testuak idatziak?

Betidanik ditugu testuak idatzirik, baina ez ditugu sekula landu. Ikusiko dugu horiek hartzen ditugun edo, azkenean beste errepertorio bat hartzen dugun. Guk dugun nortasuna zuberotar kantariena da, eta beraz, orain arte, gauzak naturalki etorri zaizkigu.

Nola aukeratu ohi duzue errepertorioa?

Kantu azkarrak izaten dira, oro har. Etxahun Barkoxekoak, adibidez, kontatzen dituenak larriak ere badira, eta bortitzak. Egungo kantu modernoak baino gehiago inarrosten dute. Hitz ederrak dira, baina tragediaren mugan. Orain arte horrelako abestiak aukeratzeko tendentzia izan dugu, ederrak eta halaber inarrosten zuten testuak abestu ditugu.

«Plazandere» ikusgarria ere landu duzue diskoa ateratzearekin batera...

Forma tradizionalak baliatu ohi ditugu gauza berriak asmatzeko. «Plazandere» lana pastorala formaren inguruan egin dugu. Pastoralean «plazandereak» egiten dira. Hitz ederra da, eta beste era batez agertarazi nahi izan dugu. Horren adierazteko, ikusgarriarentzat makila bereziak ditugu. «Anderegatik» izeneko gure lehenengo diskorako ere koreografia bat landu genuen. Gehienbat Zuberoara lan egitera etorriak ziren Ainarak izeneko emakumeen abestiak biltzen genituen diskoan. Eta kantuekin batera, taula gaineratzerakoan, beraiek zituzten banku txiki batzuk baliatu genituen eszenografia egiteko.

Inauterien tradizioan oinarritua den Hartzaro jaialdia Uztaritzen

Inauterien tradizioan errotuta dagoen Hartzaro jaialdia abiatu berri da Uztaritzen. Datorren otsailaren 12ra arte, musika eta dantza izango dira nagusi agertuz joango diren sorkuntzetan eta inauterietako ohiko ikusgarrietan. Joan den otsailaren 1ean abiatu zen jaialdia eskolako inauteriekin, eta datorren asteburura arte, egunez egun, Zirtzilak, Zo-zongo txaranga, kaskarotak, Zanpantzarren auzia eta zerri hiltzea bezalako pertsonaia eta ekimenak azalduz joango dira. Aurtengo XVII. edizioko protagonista maska da, eta kari horretara, martxoaren 1era arte, Uztarizko Lapurdi izeneko gelan herriko Errekondo eskolak eginiko «Masken totema» izeneko erakusketa ikusgai izango da. Horiekin batera, tradizioan oinarrituriko sorkuntzak bultzatzea helburu duen Hartzaro jaialdian «Tutak» izenburua duen ikusgarri berria aurkeztu dute. Antolatzaileek aspaldiko ohitura berreskuratu nahi izan dute «Tutak» sorkuntzarekin. Izan ere, inauterien lehen egunean tobera-mustrak izeneko ekimena egiten zuten uztariztarrek, eta aurten ohitura berreskuratu nahi izan dute, otsailaren 7an eskaini duten «Tutak» emanaldiarekin. Orotara, 500 artista baino gehiago hurbilduko dira Uztaritzera festibalaren denboran. Jaialdia, izan ere, otsailaren 12an amaituko da egun garrantzitsuenarekin, bertan neguaren bukaera eta udaberriaren iratzartzea ospatuko baitute. Animaliak, sorginak, mamutzak, maiak, nigartiak, guardiak, auzapeza, hartza eda zirtzilak bezalako pertsonaiak bilduko dira Hiribere auzoko pilota plazan. Orotara, ikusgarri bakar horretarako 250 dantzari, antzerkilari eta soinulari bilduko dira karriketan. A.B.

Testuak

«Baditugu guhaurrek idatzitako testuak, baina, ez ditugu sekula landu. Orain arte gauzak naturalki etorri zaizkigu»

Pastorala

«Forma tradizionalak baliatu ohi ditugu gauza berriak asmatzeko. `Plazandere' lana pastoralaren formaren gainean egin dugu»

Etorkizuna

«Ez dut uste geldituko garenik, gure bizitzan parte handi bat baitu Amaren Alabak, eta seien artean oraindik proiektuak baititugu»

OTRAS FECHAS

El 8 de marzo actuarán Julieta Venegas y Napoka Iria. El 9, Francis Alun Bell y Saioa. El 24, Adrian Crowley y Petti y el 13 de abril, Nick Lowe y Meri May.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo