GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-16
Hamasei euskaltzale aitzindariren biografia berri, «Bidegileak» bilduman
Euskalgintzan aitzindari izan diren pertsonak gogoratzeko eta ezagutarazteko helburu duen «Bidegileak» bilduma hamasei liburuxka berrirekin aberastu da; alegia, beste horrenbeste euskaltzaleren biografiekin. Lakuako Gobernuak sustatzen eta Mikel Atxagak zuzentzen duen bilduma horretako liburuxkak, oraingoan, gehienbat irakasle, kazetari, idazle eta musikagileei dedikatuta daude. Batzuk besteak baino ezagunagoak dira gaur egun, baina den-denak izan dira beharrezko.

DONOSTIA

“Bidegileak” bildumako 39., 40., 41. eta 42. karpetak aurkeztu zituzten atzo, Donostian. Karpeta horietako bakoitzean lau liburuxka daudela kontuan izanik, aurkeztutakoak, guztira, hamasei euskaltzale aitzindariren biografiak dira, edozeinek irakurtzeko modukoak eta irudiz ongi hornituak. Izan ere, liburuxka horien helburua bidegileen bizitza, pentsaera eta lana modu ulergarrian islatzea da.

Ohi bezala, karpeta bakoitzean launaka sailkatu dituzten euskaltzaleen artean badago ezaugarri komunik. Honela, 39garrena euskalgintzaren eragileekin osatu dute; 40garrena, berriz, ikastolen bultzatzaileekin; 41garrena, gehienbat kazetariekin, eta 42garrena, azkenik, musikagileekin.

Biografiatutako batzuk, oro har, oso ospetsuak dira ­esaterako, Jesus Guridi­; beste batzuk, berriz, ezagunak dira baina giro jakin batean ­Elbira Zipitria, Mari Karmen Alzueta­; beste asko, ordea, zeharo ezezagunak dira gehientsuenentzat. Baina horietako guztiei eta bakoitzari buruz gizarteak gaur egun duen ezagutza gorabehera, den-denak izan dira euskalgintzan aitzindari.

Interneten irakurgai

Lakuako Gobernuak Donostian duen egoitzan atzo egin zuten aurkezpen ekitaldia oso jendetsua izan zen. Izan ere, liburuxka gehienen egileak ez ezik biografiatutakoen hainbat senide eta lagun ere bildu ziren. Batzuk, gainera, egile eta senide dira aldi berean. Adibidez, Gabirel Manterolari buruzko liburuxka Ander ilobak paratu du. Guztiek jaso zuten Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordearen esker ona.

Liburuxka berrien 2.500 ale inprimatu dituzte, baina “Bidegileak” bildumako zenbaki guzti-guztiak (dagoeneko ehundik gora), gaur egun, paperean ez ezik Interneten ere irakur ditzakete interesa dutenek, zehatz-mehatz, www.euskara.euskadi.net webgunean.

39. zenbakia

- Elbira Zipitria (Zumaia, 1906-Donostia, 1982). Ikastolen aitzindaria eta pedagogo berritzailea. Testugilea, Mari Karmen Mitxelena.

- Frantzisko Laphitz (Arizkun, 1832-Buenos Aires, 1905). Misiolari euskaltzalea Ameriketako euskaldunen artean. Testugilea, Oscar Alvarez Gila.

- Jean Pierre Arbelbide (Zaro, 1841-Baiona, 1905). Ameriketako euskaldunez kezkatutako idazle fina. Testugilea, Xipri Arbelbide.

- Peli Markiegi (Deba, 1905-Bahía Blanca, Argentina, 1946). Oraindik deskubritzeko dagoen poeta handia. Testugilea, Lukax Dorronsoro.

40. zenbakia

- Julita Berrojalbiz (Ajangiz, 1923-Bilbo, 1998). Bilbon euskara «ofizialdu» zuen ikastolen aitzindari kementsua. Testugilea, Angel Zelaieta.

- Mari Karmen Alzueta (Donostia, 1928-1983). Donostiako Santo Tomas Lizeoko zuzendaria eta Euskal Hezkuntza sistemaren giltzarrietako bat. Testugilea, Mikel Ugalde.

- Eusebio Osa (Bergara, 1936-Gasteiz, 1993). Euskara bikainaren jabe zen etorri handiko pentsalaria. Testugilea, Miel Anjel Elustondo.

- Imanol Laspiur (Eibar, 1929-1998). Eragile eta ekintzaile. Testugilea, Serafin Basauri.

41. zenbakia

- Jon Gotzon Etxebarria (Santurtzi, 1934-Gernika, 1996). Santurtziko euskaldun berri langile eta latinzalea. Testugilea, Angel Zelaieta.

- Gabirel Manterola (Zeanuri, 1890-1977). Abade euskaltzale idazlea. Testugilea, Ander Manterola.

- Aita Damaso Intza (Intza, 1886-Iruñea, 1986). “Zeruko Argia” aldizkariaren sortzailea. Testugilea, Rosa Miren Pagola.

- Maritxu Urreta (Donostia, 1915). Bere buruari garrantzirik eman gabe euskararen alde etengabe lan egin dutenen adibide garbia. Testugilea, Nerea Azurmendi.

42. zenbakia

- Matilde Zabalbeaskoa (Donostia, 1910-1975). Eresoinka erbesteko kultur enbaxadaren ispiritua ordezkatzen duen emakumea. Testugilea, Nerea Azurmendi.

- Jose Olaizola (Hernani, 1883-Donostia, 1969). Herriak bere egin duen musikaren sortzailea. Testugilea, Xabier Arzelus.

- Gotzon Aulestia (Ondarroa, 1940-Donostia, 2003). Goi mailako musikagile euskaltzale eta abertzalea. Testugilea, Gorka Aulestia.

- Jesus Guridi (Gasteiz, 1886-Madril, 1961). Musikari ospetsuenetako bat. Testugilea, Sabin Salaberri.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Un pueblo en pie sabe lo que debe hacer»
Ekonomia
Irizar alcanzó en 2005 las mejores cifras de su historia y aumentó su beneficio un 50%
Mundua
Indignación y huelga general palestina contra el asalto militar israelí de Jericó
Kultura
Orfebres y plateros, un oficio en extinción
Kirolak
Evita el tropiezo y despeja el camino
Kirolak
«Ogeta frontoi ona da erasorako, defentsan izaten dira komeriak»
Euskal Herria
Juan Mari Olano es encarcelado tras comparecer ante el juez Grande-Marlaska
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea