GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > PILOTA 2006-03-16
- Berezkoen Binakako Txapelketa -
Zortzi biko arituko dira txapel preziatuaren bila
·Lehiaketa igandean abiatuko da Donapaleun, eta finala Angelun izango da

BAIONA

Igandean abiatuko da Berezkoen Binakako Txapelketa Donapaleuko trinketean; eta finala, berriz, heldu den apirilaren 1ean jokatuko dute Angeluko trinketean. Lehiaketak, ordea, azken orduko aldaketa bat izango du, Xabier Errekart ez baita arituko, eta JeanClaude Biscoubyk ordezkatuko du. Sorhuetekin zuen bikoa osatzekoa, baina eskuetako minez dabil, eta osatzen ez denez gero, azkenean ez parte hartzeko erabakia hartu du.

Horri esker, berriro ere lehiaketetan Biscouby ikusteko parada izango da. Garaztarrak iaz lehiaketetan ez parte hartzeko hautua egin zuen, eta egun lagunarteko partidetan bakarrik aritu da. Gainera, EPB enpresako zuzendari teknikoa ere bada, baina sasoiko dagoenez gero, aurten ere jokatzeko erabakia hartu du.

«Bikoa oso indartsua izango da. Biscouby lagunarteko partidak jokatzen ari zen, eta oso maila onean zebilen. Eskarmentu handia du, eta ikusita Sorhuetek duen maila, oso kontuan hartu beharko dira», adierazi zion GARAri Paxkal Ezkurrak, Bakarkako txapeldun berriak.

Beste aldaketa datak eta pilotalekuak dakar. Hasiera batean, igandean Donapaleun neurtu behar zuten Sorhuetek eta Biscoubyk Larretxearen eta Kurutxariren aurka, baina partida astelehenean jokatuko dute Donibane Garazin. Beraz, astelehenean Txapelketako hiru partida jokatuko dituzte Nafarroa Behereko hiriburuan, eta jaialdia 15.00etan hasiko da. Beste partida, igandean, iragarrita bezalaxe, Donapaleuko trinketean jokatuko dute.

Biko orekatuak

EPB enpresak ahalegin berezia egin du biko orekatuak egiteko, eta kanpotik begiratuta, behintzat, horrela dirudi. Hala ere, zale guztien ustez, Muskarditz eta Etxeto dira faborito nagusiak. Izen handiko bi pilotari dira, eta txapeletik ez lukete oso aparte ibili behar. Muskarditz oso maila onean dabil azkenaldi honetan, eta badirudi lesioa gainditu duela. Etxetok, berriz, Superprestigioa irabazi ostean, Bakarkakoan ere faborito handienetakoa zen, baina askotan gertatu ohi zaion moduan, une garrantzitsuan huts egin zuen.

Bi pilotari horiek, ordea, eskarmentu handia dute, eta biek batera lan eginez aurrera egin behar lukete. Lan handia egiteko gai direnez gero, hori eskatu beharko zaie.

Larretxeak eta Kurutxarik osatzen duten bikoa da oso kontuan hartzeko beste bat. Larretxea binaka asko jokatzen duen pilotaria da. Min handia egiten du, eta atzean Kurutxari duela kontuan hartuta, edonori irabazteko gai dira. Horien arazorik handiena, ordea, Muskarditzen eta Etxetoren multzoan egokitzea da. Hori bai, haien aurka jokatzeko, bi bikoek lehen kanporaketa gainditu beharko dute.

Zale asko eta asko, berriz, Paxkal Ezkurrari begira egongo dira. Urruñar gazte horrek lortu berria du Bakarkako txapela, eta Binakakoan ere faboritoen artean egongo da. Panpi Idiart izango du lagun aurrean, eta talde orekatua osatuko dute. Aurrelariak lan bikaina egin zuen Bakarkakoan, eta final-laurdenetan bi kintzeko aldeaz kanporatu zuen Patrick Ozafrainek. Orain Urruñakoa atzean duela, orduan lortu ez zuena lortzeko prest dago, garbi utzi baitzuen Bakarkakoan txapela zela helburua, nahiz eta ezin izan zuen lortu.

Zaleen ahotan dabilen beste pilotaria Patrick Ozafrain da. Etxeberri gaztea izango du lagun aurrean, eta ikusgai dago beren lana. Aurrelaria oso pilotari azkarra da, indar handikoa, eta kintzea azkar bukatzea gustatzen zaiona. Ozafrainek, berriz, alderantziz jokatzen du. Lehenengo tantoa asko landu nahi izaten du, eta gero amaiera eman. Ikusgai dago bi pilotari horiek elkarrekin nola molda daitezkeen.

Finala, Angelun

Txapelketa horrek izango duen beste berrikuntzetako bat finalaren lekua izango da, lehen aldiz jokatuko baitute Angelun. Orain dela hiru urte egin zuten trinket hori, eta Moderneren oso tankerakoa da, beirazkoa baita. Gaur egun, hiru dira horrelako trinketak: Angelukoa, Azkainekoa eta Moderne Baionakoa.

Urtearen buruan ia ez dute partidarik jokatzen leku horretan, eta pilotarientzat arraroa izan daiteke tokia, baina tradizio handiegirik ez duen leku batean finala jokatzea garrantzitsua dela esaterakoan denak bat egin zuten, Angelu ez baita pilota munduan tradizio handikoa.

Gainerako lekuak EPBren ohikoak dira. Partidarik gehienak Donibane Garazin jokatuko dituzte, eta Donapaleun eta Baigorrin ere izango dira. Lekuek ez dute aitzakiarik, baina pilotariek duten maila ematean egongo da gakoa.



Paxkal Ezkurra: «Ilusio handiarekin nago»
J.L.

BAIONA

Bakarkako txapela jantzi ostean, zale asko eta asko egongo dira Paxkal Ezkurrari begira. 24 urteko urruñarra, ordea, ilusio handiarekin eta gogotsu dago. «Honek ez daukaBakarkakoarekin zer ikusirik. Dena aldatzen da; hemen biren artean jokatzen da. Ni ongi nago; ez daukat arazorik, eta ilusio handiarekin nago», esan zuen lapurtarrak.

Lehiaketa batetik bestera pasatzeko ez dute denbora handia izan, baina horrek ez du kezkatzen: «Urtean binaka jokatzen dugu gehien, beraz, ez dago arazorik. Hori bai, bakarka dena zuk egin behar duzu, eta hemen ez; aurrean beste lagun bat izango dut. Pentsatzeko eta jokatzeko era guztia aldatzen da. Partidak ere askoz ere luzeagoak izaten dira, baina denetarako prest nago», adierazi zuen. Idiartekin ere oso gustura dago. «Bera oso fresko ikusten dut, eta gogo handiarekin. Pilotari oso ona da, eta berarekin jartzeak poz handia eman zidan. Ni, behintzat, oso gustura nago», esan zuen Paxkalek. Azkenik, horrek ere garbi dauka faboritoak zeintzuk diren. «Nik uste dut Muskarditz eta Etxeto direla. Biek elkarrekin sekulako taldea osatzen dute. Biek dute maila izugarria, baina beste batzuek ere badaude, eta ezusteak ere beti izaten dira, bikoteak oso orekatuak egin baitituzte», esanda agurtu zen Ezkurra II.a.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Un pueblo en pie sabe lo que debe hacer»
Ekonomia
Irizar alcanzó en 2005 las mejores cifras de su historia y aumentó su beneficio un 50%
Mundua
Indignación y huelga general palestina contra el asalto militar israelí de Jericó
Kultura
Orfebres y plateros, un oficio en extinción
Kirolak
Evita el tropiezo y despeja el camino
Kirolak
«Ogeta frontoi ona da erasorako, defentsan izaten dira komeriak»
Euskal Herria
Juan Mari Olano es encarcelado tras comparecer ante el juez Grande-Marlaska
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea