GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-03-16
Jokin Apalategi - Psikologia Sozialeko katedraduna
Testuliburuen erosketa auzitan

Nork ordaindu beharko lituzke testuliburuak? Lege indarra baliatuz hezkuntzako lehen eta bigarren zikloetan testuliburuei hertsiki loturiko ikasketak garatzera behartzen gaituzte gobernuek. Usadio pedagogiko zaharra bezain zabala da europar mendebalde zabalean. Testuliburu horien curriculum zehatza hautatzeko orduan ez da egoten inolako kontsulta zuzenik gurasoekin. Sailean, gobernuko agintarien konfiantzazko diren burokratek hartu ohi dituzte erabakiak. Eta hau horrela delako denok ohituta gaude gobernu aldaketa bakoitzean hezkuntza lege berriren bat plazaratzen ikustea. Izan ere, hezkuntzako lehen eta bigarren zikloak hiritarraren proiektua sortzera eta eraikitzera bideratzen direla onartzen dugulako europar mendebaldeko gobernariek ongi komunaren interpretatzaile nagusi eta erreferente bilakatuz euren ideologien arabera aldian aldiko produktu pedagogiko jakinak bultzatzen baitituzte.

Testuliburuetan bada, ongi komuna dago jokoan, baina interes partikularren (nahiz gizarte bateko gehi- engoarena izan) ordezkariek interes orokorraren izenean hori erabakitzen dutelarik arrisku bizia korritzen da lortu gura den helburua ez betetzeko. Biziki erraza baita lerratzea. Hasteko lerra liteke ongi komuna bera interpretatzeko orduan. Batzuena dena, nahiz gehiengoarena izan, orokortzat emanez, esaterako. Eta horrek ondorio tamalik ekar lezake, zeren gutxiengo bat bada ere baztertzen dena, balizko ongi komuna horrelako izatetik kanpo jarriko bailitza, eta euren burua ongi komunaren interpretazio horretatik at ikusten dutenek, pribazio errelatibo baten sentimenduak hartuta lege ez anomiko guztiek beharrezko duten onarpena eta errespetua hauts baitezakete euren zorigaitza gainditu nahirik sorturiko egoeraren haustura dinamikan murgilduz. Akzio berari, ibilbidean kontsideratuz, areagotik so egiten badiogu, oraino arrisku ugariagoak datoz bistara. Testuliburu horiek prestatu eta argitaratzen dituztenetatik sortutakoak, besteak beste. Orain artekoan euskal hezkuntzaren alorrean argitaletxeei eman izan zaie eginkizun hori, baina azken funtsean gobernariek ikuskatu eta onetsi behar dituztela ere ohartaraziz. Hala ere, horrela denean, testuliburuaren sortzailetza hurbila argitaletxeek patentatzen dute, eurek izaten baitira curriculum ofiziala interpretatu, birdefinitu, helburuak eta edukiak hautatu eta irakasleek ikasgelan garatzeko prozedura eta estrategiak ezartzen dituztenak. Argitaletxeen esku utzi ohi baita irakaskuntza zentroetan pisu bat duten irakasleak aurkitu eta lanbide horretan inplikaaraztea. Bidenabar, ageriko edo azpiko hitzarmen bat jokoan jartzen dute azken hauekin. Zentro jakinetan hautatutako irakasleek egindako lana argitaletxeek produktu pedagogiko bihurtzean, bakoitzaren zentrorako (zentro desberdinen sarea edo federazioa izanik ere) testuliburuen hautaketa egiteko gobernarietatik jasotako baimena gauzatzekoan zein argitaletxeren proposamenarekin geldituko den jakitea aurrez kantatua datza, hots, testuliburuaren sorkuntza lana garatu duten adiskideekin sintonia ukan duen argitaletxeari sostengua emango diote logikoki. Honela, konpetentzia askearen printzipioa lagunarte interesatuaren kriterio huts bihurtuko da. Baina azken jokabide hau ez da akzioaren bilakaeran agertzen den arrisku bakarra. Arrisku kate bat martxan jartzen da horrela jardutean. Honen berehalako beste ondorio bat, une horretan gurasoak zentro eta argitaletxearen interesen bahituri bihurtzen direla da. Nola? Testuliburu berriak urtero erostera behartuz gurasoak, familia berean segidan dauden haurrei behin ere testuliburu bera erabiltzeko aukerarik ez emateraino hel daitekeelarik. Aski da horretarako argitaletxeak urtez urte dozena bat orrialde manipulatzea, eta argudioa prest dago argitaletxearekin hitzarmenean dagoen irakaslearentzat gurasoen aurrean erosketa berria ezinbestekotzat defendi dezan.

Hortik libratzeko aukera bakarra? Testuliburuen erosketa ongizate sozialaren emaitzapean babestuz gobernariek kudeatzetik etorriko litzateke. Gisa horretako kudeaketa ereduak ez dira falta demokrazia sozialetan. Frantzian, esaterako, XIX. mendearen erdiaz gero neurri egokiak hartzen dira lehen eta bigarren hezkuntzako behe-klaseko ikasleek liburuak dohainik izan ditzaten eta ikasle guztiak liburuaz balia daitezen. Izan ere, XVIII. mendean zehar testuliburuaren erabilera guztiz pertsonalizatua baitzen, klase pribilejiatuetako seme-alabek soilik zutelako erosteko aukera. Gaur egun ere, dohainik dira oinarrizko hezkuntzako ikasleentzat Udalak erosketak ordainduz eskolan jartzen dituelarik, eta bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren zikloetako ikasleentzat Gobernuak kolegio eta lizeoei horretarako diru laguntza espezifikoa ematen dienez azken hauek testuliburuak mailegutzat ematen dizkiete. Batez beste, sei urte inguruko bizitza edukitzera ailegatzen dira testuliburu hauek. Nahiz eta ongizate sozialaren emaitzapean egon eta beharbada, horren kontzientzia hiritarra ematen delako, ez dira testuliburuak parrastaka zarrasteltzen.

Testuliburuen erosketa auziari loturik gogoetagarri diren beste arazo batzuk ere seinalatuko genituzke. Esaterako bat, eta lehena zera litzateke, hezkuntzaren lehen eta bigarren zikloetan ongi komuna formula itxietan irakasten jarraitzea zaharkiturik dagoela. Praxi hau bera ez al da ere hiritar fundamentalismoen sustatzaile? Katexima formuletan haurraren hiritar dimentsioa heztea giza eta gizarte jakintzen etorrera aurreko praxia baita. Ikazkinaren hiritar hezkuntzarekin konformatzen garela adierazten du. Baina, gaur egun, zorionez, gure euskal gizartean bertan unibertsitario hezkuntzetan zeharo hausten da hezkuntza praxia hori. Izan ere, jakintza positiboa, izaerazko printzipioz, errelatiboaren kultura baita. Errelatiboaren sokan eta zintzilik jardutera behartzen gaitu zientziak. Eta jarrera bat sortzen du gugan: aniztasun tolerantea ipar izanik arrazoituzko lehian erabaki hartzearena alor guztietan. Hau guztia testuliburuen erosketari aplikatuz haurrei hiritar balore ziurrak irakastetik igaroko litzateke, baina balore horiek transmititzea inguratzen dituzten eztabaida eta baldintzapenekin errelatibizatuz egin behar da. Horrek testuliburuari dagokionez liburu desberdinduen aukera fomentatzea ekarriko luke. Begiekin ikus eta eskuekin uki ditzatela produktu desberdindu horiek. Balore ziurren ardatzean eginak izanik ere hainbat elementu inguragarriz osatuak izan beharko bailirateke: dife- rentzia estetikoak, teknikoak, antropologikoak, eta abar izanaz kontuan. Hau honela hezkuntza gidaritzen garrantzia handituko litzateke. Irakasleei hautaketak, nahasketak eta orekak egitea eskatuko litzaieke.

Honekin gurutzaten den, eta euskal lurrean dagoen beste arazo bat ere aipatuko dugu: gaurko praxian argitaletxeak Estatuaren gutxienezko irakaskuntzei lotzen zaizkie, eta, aldi berean, Autonomiaren egoera berezituei ere erantzun behar diete. Eginbehar hau betetzeko orduan gatazkatsu gertatzen diren aukerak egitea eskatzen zaie. Hori gainditzeko, Hego Euskal Herrian, EAEko eta Nafarroako gobernuek indarrean jarritako legeak dauzkate, baina, betiere, Espainiako Gobernuaren legeripean ari dira. Estatuko eta Autonomiako gobernuek kontrajarriak egon litezke hiritarraren proiektua sortzeko eta eraikitzeko martxan eman behar direnetan. Ezinbesteko adostasunik ez aurkitzeak logika izan dezake, batak espainiar nazioa eta besteak euskal nazioa euskal lurrean bermatzeari lehentasuna ematen diotenean. Zorionez, azken ga- raietan, kontzientzia molde helduagoan sarturik euskal curriculumaren inguruan gogoeta eta lan sakona egiten ari da hainbat jende Euskal Herrian. Esan gabe doa, lan horren bururatzeak testuliburuetan eragin zuzena izango duela. Aurrerantzean parte-hartzea bultzatzen duten taldeetatik datorren aniztasun tolerantea jarreratzat itsatsiko dela itxarotera garamatza. Jokabide hori norabide ipartzat erabiltzean ezin faltatuzko baita aniztasun tolerantea ernamuintzea. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Un pueblo en pie sabe lo que debe hacer»
Ekonomia
Irizar alcanzó en 2005 las mejores cifras de su historia y aumentó su beneficio un 50%
Mundua
Indignación y huelga general palestina contra el asalto militar israelí de Jericó
Kultura
Orfebres y plateros, un oficio en extinción
Kirolak
Evita el tropiezo y despeja el camino
Kirolak
«Ogeta frontoi ona da erasorako, defentsan izaten dira komeriak»
Euskal Herria
Juan Mari Olano es encarcelado tras comparecer ante el juez Grande-Marlaska
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea