Auzotarrok elkarteak Bilboko auzoetako jaien balorazioa egin du
BILBO
Bilboko auzuneetako Kultur Koordinakundeak, Auzotarrok, 2005. urtearen buruan Bizkaiko hiriburuko zenbait auzotan egin zituzten jaien inguruko hausnarketaren ondorioak aurkeztu zituen atzo.
Plataformako kideak 15 auzo izan arren, 13ren inguruko datuak plazaratu zituzten. Auzotarrok taldeko kideek «oro har positibotzat» jo zituzten. Izan ere, azkenengo urteetan zenbait auzunetako jaiak desagertu baziren ere, 2005. urtean Bilbo Zaharra eta Zurbaranbarri auzoetan «jaiak berreskuratu dira».
Hala eta guztiz ere, Udalaren jarrera kritikatu zuten: «Jaiak egiteko beharrrezko laguntza eman beharrean, oztopoak jarri dituzte, eta jendearen ezjakintasunaz baliatu dira». Gainera, diru laguntzak handitu ez direla eta azpiegiturak berritzeko ez dituztela lanak egin leporatu diote Bilboko Udalari. Izan ere, azpiegituren gaineko Udalak duen politika dela-eta, koordinakundearen bitartez beharrezko materiala erosi dutela aitortu zuten. Horiek hala, Auzotarren helburua auzoetan kalitateko ekitaldiak eskaini ahal izateko beharrezko azpiegitura guztia eskuratzea da, horretarako traba bakarra dirua bada ere.
2005. urtean egin dituzten ekintzen artean, 29 kirol lehiaketa, umeentzako 77 ekitaldi, 29 lehiaketa gastronomiko eta 73 musika emanaldi izan dira, beste batzuen artean.
Horretaz gainera, koordinakundeak 2006. urteko lehenengo jaien programa zein izango den aurkeztu zuen. Deustuko festak dira asteburu honetatik hasita, eta Bilboko auzoetako jaiei hasiera emango diete.
|