Arantzazuko Mendikoi Artzain Eskolak IX. ikasturtea agurtu du, osasuntsu
Makila eta ziurtagiria eskuan, Arantzazuko Artzain Eskolako ikasleak ikasturtea agurtu zuten. Orotara, 20 lagun izan dira artzain mundua ezagutu asmoz Gomiztegi baserrian eman diren eskoletan. Datorren ikasturtean zerbitzua hobetzeko instalazioak berrituko dituztela aurreratu zuten Mendikoiko arduradunek.
ARANTZAZU
Arantzazuko Mendikoi Artzain Eskolak atzo IX. ikasturtea agurtu zuen. Orotara, 20 ikaslek, 4 emakumek eta 16 gizonek, hartu dute parte Gomiztegi baserrian egin diren eskoletan. Gehienak, 15 ikasle, Euskal Herriko hainbat bazterretatik etorritakoak, Txileko hiru artzain, Kataluniako beste bat eta Madrilgo artzain ikasle bat hartu dituzte Arantzazun. Ikasturteak batzuei artzaintzaren mundua ezagutzeko parada eman die, beste batzuei, berriz, etxean ikasitakoa erabilgarriago egiteko; izan ere, aipagarria da ikasleen %50ek jada bazutela artalde bat. Mendikoiko zuzendari kudeatzaileak, Lander Arregik, udaberri honetan bertan instalazioak hobetzeko lanei ekingo dietela aurreratu zuen, «zerbitzu hobeagoa eskaini asmoz». Nola ez, artzain eskolaren ikastaroaren itxieran hizketa gai hartu zuten ardi latxa. ITG Gandero S.A.ko teknikari den Juan Manuel Intxaurrandietak aditzera eman zuenez, ardi latxaren hazkuntzak eta gaztagintzak paregabeko aukera ematen du, «bereiz daitekeen produktu bat egiteko» aukera ematen duelako. Alde horretatik, artzain gaztak lortu duen estimu handia nabarmendu zuen. Era berean, ez zuen alboratu nahi izan artzaintzak landak mantentzen eta pasaiak edertzen egiten duen lana. «Multifuntzionala da». Ekitaldiaren amaieran ikasleei ziurtagiri bana eta makila bat eman zieten oroigarri gisa.
«Artalde bat osatuko dut 300 bat burukoa»
Joseba OTAEGI | Asteasu
¿Zer dela-eta artzain
ikastera eta eskola honetara?
Artzaintza asko gustatzen zait. Aurretik esne behiekin jardun dut lanean, baina egoera okerrera doa. Aldiz, esne ardien munduak etorkizun handiagoa du. ¿Zer daramazu etxera
Gomiztegi baserritik? Ikastaro batean ezinezkoa da artzaintzaren inguruko kontu guztiak ezagutzea, baina artzaintza munduko elkarteekin harremanak egin ditugu. Azken batean, artzain munduan sartu ahal izan dugu. Aurrera begira eta artzaintza munduan sartu nahi duen edonorentzat horrelako ikastaro bat egitea garrantzitsua da nire ustez. Aldi berean, gazteak artzaintzara bertaratzeko aukera ematen du. Eta ikasitakoak ikasita,
zer asmo duzu etorkizunari begira? Behiak erabat kendu gabe, 300 bat ardiko artalde bat
osatu nahi dut gazta egiteko, ona, ahal bada. -
«Aberastu ez, baina artzaintzaz bizi daiteke»
Asier ASTORGANO |
Ubide
Nolatan Arantzazuko Artzain
eskolara?
Artzaintza munduan sartu nahi izan nuenean konturatu nintzen teknologiak
eskaintzen zituen jakintzez jabetu behar nuela. Inguruko artzainekin nolabait
praktikaz jabetu nintzen, baina hutsuneak ikusten nituen.
Zer ikasi duzue ikastaroan?
Ikastaroa primerakoa izan da. Itxiago zegoela uste nuen, sektore batean
barneratzeko aukera eskaintzen du. Azken batean, harremanak egiteko aukera eman
digu, eta hori artzaintzan garrantzitsua da.
Orain zer?
Orain arte ere artalde txiki bat banuen, baina artzaintzan erabatean
jarduteko pausoa emango dut orain, artalde handiago batekin eta gazta eginez.
Artzaintzatik bizi daiteke?
Aberasteko aukerarik ez da, baina artzaintzaz bizi daiteke, horixe baietz.-
«Lurrik edo ardirik ez dugunontzat zaila da artzain izatea»
Letizia MOLINO |
Iruñea
Nolatan Iruñetik Arantzazura
eta artzain ikastera?
Telebistaz izan nuen eskola honen berri. Aurretik ere nekazaritza eta
abeltzaintzako ziklo bat ikasi nuen eta hau aukera ona izan zitekeela-eta etorri
nintzen.
Zer ikasi duzue ikastaro
honetan?
Egia esateko, gauza berri askorik ez dut ikasi.
Behin ikastaroa amaituta,
artzain izateko grina piztu zaizu?
Lurrik edo ardirik ez dugunontzat oso zaila da artzaintza ustialeku bat abian
jartzea gure kasara. Ezinezkoa da.
Behin ikasturtea amaituta
Hori horrela, artzaintza mundua bazter batera uzteko asmoa duzu?
Ez, artzaintza munduan dabilen pertsona batentzako lan egitea gustatuko
litzaidake. Hori dela-eta, arlo horretan lana bilatzen saiatuko naiz, ustialeku
batean-edo. Akaso praktikak egin ditugun lekuan...-
|