BILBO
Alderdi ugarik bezalaxe, EAJk ere espresuki antolatu zuen atzo arratsean prentsaurreko bat erakunde armatuaren azken erabakiaren gaineko azterketak publiko egiteko.
Hain zuzen ere, Bilboko Sabin Etxea egoitza jeltzalean EBBko buru Josu Jon Imazek 17.00etarako deitu zituen komunikabideak. Alderdikideak alboan zituen arren, berak bakarrik hartu zuen hitza, eta ondorengo adierazpena irakurri zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. Agerraldian komunikabide askotako kazetariak bildu ziren arren, jeltzaleek ez zuten galdera bat bera ere erantzun gero. Horrela dio, hitzez hitz, irakurritako testuak:
«Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak itxaropentsutzat jotzen du hilaren 24tik aurrera ETAk iragarri duen ekintza armatuen etenaldi iraunkorra eta uste du iragarpen hau lagungarri izango dela Euskadin den indarkeria behin betiko amaitu dadin.
Euzko Alderdi Jeltzaleak pozarren hartzen du aukera hau, argitasunez, konpromisoz eta guztion laguntzaz bideratu beharreko aukera, hain zuzen ere.
Aldi berean, Euzko Alderdi Jeltzaleak eskatzen du ekintza armatuen etenaldi iraunkorra atzeraezina izatea eta indarkeria zein mehatxu mota guztien desagerpena erakartzea, euskal gizarteak eta bere erakundeek behin eta berriz aldarrikatu izan duten eskakizun demokratikoari erantzunez.
Euzko Alderdi Jeltzaleak uste du, justiziazko bakea lortuko bada behar-beharrezkoa izango dela guztion arteko abiapuntuetan oinarritzea, betiere duintasunez eta askatasunez.
Euzko Alderdi Jeltzaleak azpimarratu nahi du, beraz, politikaren garaia dela, hitzarmen integratzaile batez eta ezeinen babesperik gabe alderdiok elkarrekin mahaian lan egiterik izan dezagun, euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezan, bakez eta askatasunez».