GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-03-23
Julen Zabalo - Soziologoa
Gizarteari deika

Gizartearen inplikazioa aipatzen eta eskatzen da behin eta berriro azkeneko orduotan: hala egin du Rodriguez Zapaterok bere lehenengo adierazpenetan; ETAk euskal gizartearen eskaera-exijentziei kasu egin diela esan dute EAJk eta Ibarretxek; eta ETAk berak zabaltzen ari den prozesu honetan buru-belarri murgiltzeko eskatzen dio euskal gizarteari. Argi dago, ordea, oso dei desberdinak egin dituztela batzuek eta besteek. Denek dute gizarte osoa helburu, baina badakite gizartearen zati batek bakarrik hartzen dituela euren mezuak modu positiboan. Gizarte osoa helburu izaki, beraz, ezker abertzaleak aurrerazale eta/edo abertzale den gizarte zati horri eskatu behar dio inplikazio osoa prozesu honek aurrera egin dezan.

Gizartearen inplikazioa bai ala ez

Gatazka historikoak konpontzeko sortzen diren halako prozesuetan, gerta daiteke aurretik dena lotuta egotea, eta gutxi gorabeherako gidoi baten arabera jokatzea aldeek, aurretik lotutakoa zertxobait aldatzeko edo, kanpora begira, jarrera hobe batean agertzeko. Kasu horretan, gizartearen inplikazioa ez da determinagarria, noski, norberaren jarrera indartzeko erabili ahal bada ere.

Hori, ordea, ez da aurrean dugun kasua, argi dago. Aldiz, prozesua ireki egiten dela aldarrikatu da, eta uste dut horrela ulertu beharko genukeela: ildo zehatz-zehatzik ez duen prozesu baten atarian gaude; ez gehiago. Halakoetan, aukera eta mehatxuen arteko etengabeko zalantzan murgiltzen da eragile bakoitza, eta bere indarrak ondo neurtu behar ditu, oinarri sendorik gabeko urratsik ez egiteko.

Kataluniako estatutu berriak horren froga ematen digu. Kasuak desberdinak badira ere, ikuspuntu aurrerazale batentzat, lorpen kaxkarra eskaintzen du estatutu horrek. Dena lotuta zegoelakoan jokatu dute hango indar aurrerazaleek, aipatu dugun lehenengo ereduan bezala, baina ez zen horrela; prozesu irekia zen, ostera, eta herri indarrik handiena erakutsi duena Espainia izan da. Mediatikoa, bai, baina izugarrizko presioa ekarri dio gaiari. Askok ia-ia justifikatu ere egin dute PSOEren jarrera, ezen, Espainiako halako presioaren aurrean, nola defendatuko zuen Rodriguez Zapaterok hasierako proiektua? Kataluniako abertzale/aurreraza- leak azkeneko momentuan bakarrik mobilizatu ziren, manifestazio handi batean, baina ordurako kontrako lanaren zatirik handiena egina zegoen.

Buru-belarri murgiltzea

Euskal Herrikoa prozesu irekia da, eta hortik alde guztiek gizarteari egiten dioten deia. Eta ezker abertzaleak adore guztiz ekin behar dio lan horri, aurreko esperientzietatik ondorioztatzen den akatsik nabarmenetako bat horixe da eta. Katalunian gertatutako kontrako presioa gure kasuan biderkatu egingo da, inork ez du horretan zalantzarik. Presio mediatikoa itzelekoa izango da, eta horren aurrean, justifikatu beharko ote dugu guk ere Zapaterok ez zeukala beste aukerarik?

Hurrengo egun eta hilabeteotan gizarteari egingo zaizkion deiak haren iritzia lantzera bideratuta egongo dira, neurri handi batean. Gizarte osoari buruzko datuak edo gizarte osoaren iritzia islatu nahi izango duten informazioak ugalduko dira, konponbidea- ren terminoak mugatu nahian. Termino horiek zehatzak dira, ordea: Euskal Herria eta euskal herriaren iritzia. Euskal Herria, marko horretan gertatzen delako konpondu gura den gatazka (eta ez marko horretatik kanpo); eta euskal herriaren iritzia, hori delako konponbidea bermatzeko bide bakarra.

Hori da ezker abertzaleak gizarteari azaldu behar diona. Xumea bezain erraza: ez da ezker abertzalearen proiektu politikoa onartu ala ez; ez diogu jendeari eskatzen in- dependentzia eta sozialismoa onartzea. Zerbait sinpleagoa eskatzen dugu: gure proiektua egoera demokratiko batean defendatu ahal izatea. Eta horretarako, oraingo egoera zergatik ez den demokratikoa azaldu behar dugu. Presoen egoera, ilegalizazioak, espetxeratzeak, polizia guz- tien kargak eta jokaerak, euskal herrialdeen arteko harremanak ukatuta egotea, euskararen egoera, eta abar ez dira borroka armatuaren ondorio, Espainia eta Frantziaren inposaketaren ondorio baizik. Gatazkaren konponbidearen terminoak azaltzea oinarrizko lana da aurrerantzean, eta hori gizartean landu beharra dago, medioetatik ez baitira ezker abertzalearen mezuak zabalduko. Manifestazioak deituko dira, eta jendetsuak izango dira, baina oso oker geundeke horrekin nahikoa dugula pentsatuko bagenu. Gure lanaren alde ikusgarria izango da, baina herrietako azpiko lanak eraginkorra izan behar du, gai izan behar baikara kontrapropaganda neutralizatzeko.

Gizartearen inplikazioa eskatzea ez da gauza arraro edo zailak eskatzea; ez da herrietan negoziazio mahaiak montatzea edo egunero mani- festazio erraldoi bat eratzea. Inplikazioa aktibo egotea da, noizbait mobilizazio batean parte hartzeko, baina etengabe gure mezua zabaltzeko edo edozein markotan defendatzeko. Askotan lotsaz edo jendeak badakielako isiltzen duguna da zabaldu eta defendatu behar dena. Prozesuaren parte sentitzea da, azken batean, ezker abertzaleak bilatzen duena, prozesuaren parte sentituz gero, herritarren hitza errespetatzeak bere zentzu guztia hartzen baitu eta kontsulta baten emaitzak modu naturalez onartzea bideratuko baitu. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La hora de la responsabilidad y de los hechos
Euskal Herria
Zapatero:«La legalidad debe dar empuje definitivo al fin de la violencia»
Euskal Herria
Rajoy no aceptará «precio político» y Sanz subraya que «no cabe dialogar»
Euskal Herria
«Tenemos que hacer irreversible el proceso»
Euskal Herria
EA, EB y Aralar destacan que es hora de poner en marcha la mesa de partidos
Euskal Herria
EAJ: «Argitasunez eta konpromisoz bideratu beharreko aukera da»
Euskal Herria
ETA declara un alto el fuego permanente para impulsar un proceso democrático
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea