- Buruz Buruko Txapelketa
Urberuaga: «Ea hirugarrena ere irabazteko gai naizen»
·Laskurain eta Galartza V.a kanporatu ditu jada aulestiarrak
Asier AIESTARANDONOSTIA
Nekez aurkituko dugu, historia errepasatuz gero, Buruz Buruko Txapelketan parte hartzeko hiru aurre-norgehiagoka jokatu eta irabazi behar izan dituen pilotaririk. Xabier Urberuaga izan daiteke lehena, Laskurain eta Xabier Galartza garaitu ostean, bihar Donostiako Atano III.a frontoian Julen Retegi kanporatzea lortzen badu. «Egia da ez dela batere arrunta. Hasieran bi partida izango nituela aipatu zidaten eta orain Retegiren aurkakoa jarri didate. Aurten jaialdiko hirugarren neurketak jokatzea ere tokatu zait, eta, beraz, ulertzen dut enpresek beste pilotari batzuei baino oztopo gehiago jartzea Lehen Mailako txapelketan sartzeko», esan du apal. Hala ere, banaka jokatzeko duen gaitasuna nabarmentzen du 2001ean debuta egin zuen aulestiarrak. «Asperekin fitxatu baino lehen Garferekin hartu nuen parte Bigarren Mailako txapelketan, eta final-laurdenetara iritsi nintzen. Geroztik ere maila ona eman dut, eta iaz finalerdietan sartu nintzen Eulateri irabazita. Buruz buru jokatzea eta binaka aritzea oso ezberdina da, eta nik badakit bakarka askoz maila hobea ematen dudala. Aurten Lehen Mailakoan sartzeko aukera eman didate eta sekulako gogoarekin nabil. Baina nire helburua ez badut lortzen, Bigarren Mailakoan erakutsi nahi dut zertarako gai naizen», adierazi du Xabier Urberuagak. Atzo egin zuten pilota hautaketa berak eta Retegi Bik. Bizkaitarrak 105 eta 103,4 gramoko bi pilota hobetsi zituen eta nafarrak 103,7 eta 104,9 gramoko beste bi ale.
Bigarren Mailakoa ere prest
Larralde-Arizmendi eta Arretxe II-Begino bikoteek ere atzo hautatu zituzten Bigarren Mailako Binakakoaren finala jokatzeko pilotak. Aspekoek arinagoak (103,8-103,2-103,1) hartu zituzten; Asegarcekoek astunagoak (104,1-104,6-104,6).
|